Orain, araudia

TKEk erabaki du Hondarribiak eta Donostiarrak jokatzea Euskotren ligako kanporaketa, nahiz eta aurretik esan Hibaika gonbida zezakeela
Hibaikako arraunlariak, ahalegin betean, Pasaiako Banderan.
Hibaikako arraunlariak, ahalegin betean, Pasaiako Banderan. SJOSU Z-

Aitor Manterola -

2018ko irailak 5
TKE Traineru Kluben Elkarteak erabaki du soilik bi taldek parte hartuko dutela Euskotren ligako kanporaketan: liga horretako azkenak, Hondarribiak, eta ETE ligako lehen sailkatuak, Donostiarrak. Hala dio araudiak.

Galiziako ligako lehen sailkatuak ere aukera zeukan kanporaketa jokatzeko, baina Riveirak uko egin dio, eta, araudiari segituz, bigarrenari zegokion zulo hori betetzeko eskubidea. Baina uko egin dio A Pobra-Cabok ere. Araudiari heldu dio TKEko presidente Borja Rodrigok erabakia azaltzeko: «Ezin gara ibili araudia bete gabe ez dakit zer arrazoi tarteko. Garbi dago zer jartzen duen, eta bete egin behar dugu». Kontua da Rodrigok berak beste zerbait esan zuela duela bi aste: «Galiziako bi taldeak ez badatoz, gonbida daiteke Hibaika, ETE ligako bigarren sailkatu bezala». Herenegun gauerdian amaitu zitzaien ofizialki galiziarrei gonbidapenei erantzuteko epea, eta atzo goizean jakinarazi zuen TKEk zein bi talde ariko diren kanporaketan bi asteburu barru, Bermeon eta Portugaleten.

Onartu du kanporaketaren gaia eztabaidagai izaten ari dela eta denboraldia amaitzean aldatu egin beharko dela aldatu egin behar bada: «Orain arte inork ez du ezer esan hau aldatzeko, baina bistan da zerbait egin beharko dela, eta udazkenetik aurrera badugu lana».

Hibaikak agiria plazaratu zuen atzo iluntzean, eta bertan esaten du «minduta eta haserre» daudela: «Iradoki eta esan izan digute TKEkoek, ETEkoek eta hedabideetakoek uda osoan ETE ligako bigarrenak ere aukera izango zuela, nahiz eta araudiak jaso talde bakarra izango zela ekain hasieratik. Orain jakin dugu ez goazela, eta gure kirolariei sekulako kaltea eragin die, konponezina. Taldea da kaltetu handiena». Ez du ulertzen «zergatik ateratzen den informazio hori abuztu bukaeran, jakinekoa denean zein talde izan daitezkeen kanporaketan».

«Nesken iritzia, entzungor»

Hibaikak galdera hau ere egin du, salaketa moduan: «Zergatik hartzen dituzte Euskotren ligan erabakiak emakumeen talderik ez dutenek? Kanporaketako araudi aldaketa eskatzeko, batzar unibertsala egin zezakeen TKEk baldin eta klub guztiek deitzen bazuten batzarrera, baina nesken talderik ez duen klub bateko ordezkari bat bileratik jaiki egin zen, horretan denborarik galduko ez zela garbi utziz».

Gaineratu du Hibaikak «talde txiki bezala erabiliak sentitzen» direla «talde boteretsuak erabakiak hatzeko duten indarraren aurrean». Askotan «interes partikularrak hartzen dira kontuan», azaldu dute zuzendaritzakoek, eta «arrauna eta arraunlariak ateratzen dira galtzen». Ligetako babesleei egin diete deia: «Jakin behar dute hau dela egoera emakumezkoen arraunean, eta babesleek jakin behar dute zer ari diren babesten».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna