Azkarrena eta biziena

Fabio Jakobsenek irabazi du Espainiako Vueltako laugarren etapa. Javalambreko mendate gogorrean amaituko da gaurko saioa

Azkarrena eta biziena.
Julen Etxeberria.
2019ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Azkar eta bizi ibili beharra dago esprintetan. Ezertarako ez du balio pedalei azkar eragiteak erasoa berandu joz gero. Eta, alderantziz, ezertarako ez du balio momentua ondo aukeratzeak gero indarrik eduki ezean. Bada, bi oinarri horietan onena izan zen atzo Fabio Jakobsen herbeheretarra (Deneuninck-Quick Step), El Puigen (Herrialde Katalanak): azkarrena eta biziena izan zen. Horri esker irabazi zuen Espainiako Vueltako laugarren etapa.

Jakobsenek oso gertu izan zuen bezperako etapako irabazlea, Sam Bennett (Bora), baina irlandarrak gehiegi itxaron zuen gurpil onena aukeratzeko, eta, pedalei gogotik eragin zien arren, ez zen nahikoa izan. Azkenean, bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Maximilian Walscheid (Sunweb) sailkatu zen hirugarren, eta Fernando Gaviria (UAE) laugarren. Ezinean dabil kolonbiarra. Jon Aberasturi ere (Caja Rural) esprintean sartu zen, gutxienez bezperan lortutako laugarren postu bikaina berdintzeko asmoz, baina oraingoan ezin izan zen aurrean sartu, eta bederatzigarren izan zen.

Sailkapen nagusian, ez zen izan aldaketarik lehen postuetan, eta Nicolas Rochek (Sunweb) segitzen du lider, Nairo Quintanaren (Movistar), Rigoberto Uranen (Education First) eta Mikel Nieveren aurretik.

Gaur, lehen test serioa

Gaur bosgarren etapa jokatuko dute, L'Eliana (Herrialde Katalanak) eta Javalambreko (Espainia) Behatoki Astrofisikoaren artean, 170,7 kilometrokoa. Vuelta irabazi nahi dutenen sasoia neurtzeko lehen test serioa izango da, Lehen Mailako mendate batean amaituko baita, Javalambrekoan. Inoiz ez dute igo Vueltan, eta horrek beti sortu ohi du tentsioa. Are gehiago haren datuei erreparatuta: 11,1 kilometroko igoera da, gogorra, batez beste %7,8ko pendiza baitu. Igoera klasikoa da, gainera, hots, kilometroek aurrera egin ahala, gero eta pikoagoa da aldapa. Hala, azken bost kilometroak dira gogorrenak: %10eko malda dute, eta %15eko zenbait aldapa. Horri guztiari, gainera, gehitu behar zaio Javalambreko hasierara iritsi aurretik txirrindulariek 160 kilometro inguru egin beharko dituztela, eta bidean bi mendate igo: hasieran, Alcublas Bigarren Mailakoa —5,9 kilometro eta %4,7—; eta lan erdietan, Fuente de Rubielos —4,8 km eta %5,7—. Aldeak egon daitezke, eta agerian geratu zein dabilen indartsu eta zein ez. Steven Kruijswijk (Jumbo) ez da izango lehian, erretiratu egin baitzen atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.