Txileko armadak eskumen gehiago izango ditu protestak isilarazte aldera

Piñera presidenteak lege berri bat onartu nahi du, herritarren artean haren aldekoak oso gutxi diren honetan: %13k baino ez dute babesten

Santiagoko Italia plazan, bi manifestari protestan, ostiralean. ALBERTO VALDES / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2019ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Txilen ez dira baretu protestak, eta herritarrek 39 egun daramatzate baldintza sozioekonomikoak hobetzeko eskatuz. Politikariek diktadura garaitik datorren egungo Konstituzioa aldatzeko prozesua adostu badute ere, herritarrak ez ditu ase erabaki horrek, eta egunero dabiltza kalean, aurrez aurre Karabineroak eta Armada dituztela.

Hain zuzen, Armadari eskumen gehiago eman nahian ari da Sebastian Piñera presidentea, protestak isilarazte aldera, eta lege proposamena iragarri zuen herenegun, «larrialdizko azpiegituran» lagun dezan. Piñerak nahi duena da oinarrizko zerbitzuetan laguntza ematea: argindar zerbitzua edota edateko ura egon daitezen bermatzea, besteak beste. Zeregin horiek Karabineroek (polizia) egiten dituzte orain, eta presidenteak lan horietatik libre nahi ditu, kalean patruilatzen gehiago ibil daitezen, «ordena publikoa ziurtatzeko», Piñerak azaldu duenez. Lege egitasmoa datorren astean bidaliko dute Kongresura, bozkatzera.

Herritarren protestak hasi zirenetik, 23 lagun hil dituzte estatuko indarrek, eta 2.000 zauritu baino gehiago daude. Indar armatu horiek neurrigabeko indarkeria erabiltzen ari direla, eta Nazio Batuen Erakundeak esan du «testigantza asaldagarriak» bildu dituztela hiru asteko ikerketan. Piñerak berak onartu egin du zenbait kasutan protokoloak ez direla «errespetatu eta gehiegizko indarkeria erabili» dutela estatuko indarrek. Gehiago ere esan du: «Abusuak eta delituak egin dituzte».

Hitzok gizartea baretzekobalioko zuela uste bazuen, oker zebilen Txileko presidentea. Izan ere, oso babes txikia du herritarren artean: %13 baino ez.Haren kontrako ekinbidea ere aurkeztua du oposizioak, presidentea kargutik kentzeko. Ez du ematen aurrera aterako denik, hala ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.