Neurriak zorrozteko beharraz ohartarazi dute Erresuma Batuan

Murrizketak ezarri ezean urrian agian eguneko 50.000 kasu ere atzemango dituztela adierazi dute

Herritarrei testak egiten, Londresen. ANDY RAIN / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Pandemia gogor jotzen ari da Erresuma Batua, eta neurriak zorrozteko beharra azpimarratu zuen atzo Patrick Vallance gobernuaren aholkulari zientzialari nagusiak. Haren arabera, oraingo bidean jarraituz gero, urri erdialderako eguneko 50.000 gaixo eta 200 hildakotik gora erregistratzera irits daitezke. Kasuak zazpi egunetik behin bikoizten ari direla esan zuen; are, ez badira mugak ezartzen, pandemiaren hedapen abiadurak gora egiten jarraituko duela. Chris Whitty gobernuko zuzendari medikoarekin batera egin zuen agerraldia.

Herrialdeko egoera ikusita, neurri murriztaileenak planteatzen hasiak dira agintariak, eta beste itxialdi baten aukerak indarra hartu du Londresen, nahiz eta oraingoz gobernuak baztertu egin duen hautu hori. Hain zuen, Israel izan da bigarren olatua iritsi denetik estatu osoan konfinamendua agindu duen herrialde bakarra; hiru asteko itxialdia ezarri zuen. Hala, aste honetan iragarriko ditu neurri berriak Boris Johnson herrialdeko lehen ministroak.

Kasuen kopurua handituz doa Erresuma Batuan, baita hildakoena ere: izurritea hasi zenetik, 40.000 pertsona baino gehiago zendu dira gaitzaren ondorioz. Agerikoa da herrialdeko egoerak larritzera egin duela asteotan—beste 3.899 positibo jakinarazi zituzten atzo—, eta kostatzen ari zaie bigarren olatuaren gaineko kontrola izatea. Horiek horrela, Vallance eta Whitty asteburuan bildu ziren Johnsonekin eta Matt Handcock Osasun ministroarekin birusaren hedapenaren inguruko balorazioa egiteko. Vallancek atzo argitu zuen kutsatzeak adin tarte guztietan gertatzen ari direla, eta areagotu egin direla ospitaleratzeak ere. «Horren ondorioz, geroz eta hildako gehiago daude». Zientzialariak birusaren hedapenari eusteko neurriak «ahalik eta azkarren» hartzea gomendatu zuen, eta pauso horren beharra erakusteko datu bat azpimarratu: «Oraindik herritarren %8a soilik kutsatu da».

Era berean, Whittyk azaldu zuen erresumaren iparraldeko eremuak direla kaltetuenak, baina herrialde osoan ari direla kasuen gorakada pairatzen. «Egoera hau ez bada kontrolatzen, hildakoen kopuruak modu esponentzialean jarraituko du hazten». Horrez gainera, neurriak hartu ezean ospitaleek gainezka egingo dutela onartu zuen, baliabide gutxiago egongo direla gainerako gaixotasunak tratatzeko, eta, denborarekin, herritarrek buruko gaixotasunak sufrituko dituztela.

Bestalde, Osasun ministroak Erresuma Batua «inflexio puntu batean» dagoela adierazi zuen, eta herritarrei arduraz jokatzeko eskatu. «Denek arauak jarraitzen badituzte, beste konfinamendu nazional bat saihestu dezakegu». Neurrien artean, mahai gainean egongo lirateke tabernen ordutegia murriztea eta bileretako kideen kopurua mugatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.