Zuma espetxean sartu ostean, 72 lagun hil dituzte egunotako protestetan

Hegoafrikako presidente ohiari hamabost hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote. Ia 800 atxilotu zenbatu dituzte aurreko ostiraletik

Johannesburgoko kale bat, Zumaren aldeko protesten ondoren. KIM LUDBROOK / EFE.
maddi iztueta olano
2021eko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Giro nahasiak ez du etenik Hegoafrikako kaleetan. Joan den ostiralean piztu ziren protestak, duela astebete Jacob Zuma presidente ohiak bere burua Poliziari entregatu ostean. Ekainaren 29an hamabost hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten, ustelkeriarekin lotutako auzietan deklaratzeari uko egiteagatik. Hegoafrikako presidente ohiak bere burua entregatu zuen arren, azken astean politikariaren aldeko ehunka pertsona kalera irten dira, «berehala askatzeko» eskatuz.

Istiluak KwaZulu-Natalen hasi ziren, ostiralean, Zumaren jaioterria dagoen probintzian. Ordu gutxian, baina, probintziako hainbat herritara hedatu ziren: besteak beste, Gauteng eta Johannesburg hiriburuko inguruetara.

Hegoafrikako Poliziak eta Gobernuak salatu dute hasieran «baketsuak» behar zuten protestak «indarkeria uholde» bilakatu direla. Asteburuan, sei hildako eta 200 atxilotu zenbatu zituzten, baina kopuruak azkar egin du gora azken egunotan. Sihle Zikala probintziako gobernuburuak atzo baieztatu zuenez, 72 hildako zenbatu dituzte: 45 KwaZulu-Natalen, eta 27 Gautengen. Gainera, Bheki Cele Hegoafrikako Segurtasun ministroak atzoko prentsaurrekoan baieztatu zuen herrialde osoan ia 800 pertsona atxilotu dituztela.

Erasoei aurre egiteko, armadak 2.500 soldadu mobilizatu ditu. Halaber, Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidenteak herenegun ohartarazi zuen asteburuko protestetan egindako hainbat ekintza «kriminalak» direla, eta «indarkeriazko ekintzetan parte hartzen dutenak atxilotu eta auzipetu» egingo dituztela. Astebetean, Zumaren aldeko manifestariek hiri eta herrietan ibilgailuak erre dituzte, negozioak eta merkataritza gune handiak arpilatu, eta kaleak eta autobideak moztu.

Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak ere Hegoafrikan areagotzen ari diren protesten inguruko kezka adierazi zuen atzo, eta manifestariei eskatu zien «era baketsuan» eta «indarkeria erabili gabe» manifestatzeko. Gainera, Poliziak, protestarako eskubidea defendatu arren, atzo esan zuen azken egunetako ekintzak «herrialdeko ekonomiari eta garapenerako planei kalte egiten» ari direla.

Joan den ekainaren 29an hamabost hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten Jacob Zuma Hegoafrikako presidente ohiari, bederatzi urteko agintaldian (2009-2018) izandako ustezko irregulartasunen inguruan deklaratzeari uko egiteagatik. Aurreko asteazkenean entregatu zuen bere burua Poliziarenean, eta bere osasunagatik kezkatuta agertu zen. Argudiatu zuen ez zuela «aukerarik izan epaia arintzeko».

'Estatuko Kaptura auzia'

Zumarekin lotutako auzia Estatuko Kaptura izenarekin da ezaguna Hegoafrikan. Ikerketaz arduratzen den batzordeak presidente ohiarekin ustez lotutako ustelkeria kasuak argitu nahi zituen. Besteak beste, 1990eko hamarkadaren amaieran Frantziako Thales enpresari egindako arma erosketa. Presidente ohiak, ordea, behin eta berriro egin zion uko epaileen aurrean deklaratzeari, ikerketa gidatzen zutenek haren «ondarea suntsitu nahi» zutela argudiatuz. Gainera, esaten du botere judizialaren «jazarpena» jasaten duela eta auzia bera boteretik kentzeko «konspirazio bat» dela.

Hegoafrikako Auzitegi Konstituzionala herenegun bildu zen Jacob Zumaren abokatuekin, hamabost hilabeteko kartzela zigorra bertan behera uztea eskatzeko. Epaileekzigorra arintzearen aldeko eta kontrako argudioak entzun zituzten hamar ordu baino gehiago iraun zuen hitzorduan, baina ez zuten berehalako erabakirik hartu.

Presidente ohiaren izenean, Dali Mpofu abokatuak adierazi zuen Hegoafrikako Auzitegi Gorenak ez duela Konstituzioa errespetatu, eta esan zuen haren oinarrizko eskubideak urratu dituztela. Epaileek, ordea, agindu judizialei kasu egitearen garrantzia azpimarratu zuten, eta Hegoafrikako presidente ohiak Botere Judizialarekin izandako jarrera gaitzetsi zuten.

Kaleetan nagusitu diren istiluez gain, askok sare sozialen bitartez helarazi dituzte presidente ohiaren aldeko mezuak; esate baterako, Zumaren aldeko fundazioak. Haien iritziz, herrialdea «apartheid garaiko egunetara» itzultzen ari da, eta presidente ohia «aurretiazko epaiketarik gabe» espetxeratu dute. Zuma Estcourteko espetxean (KwaZulu-Natal) dago aurreko asteazkenetik: 1994an «apartheid» sistema arrazista amaitu zenetik, kartzelatu duten Hegoafrikako lehen presidente ohia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.