Ginga gozoa jarri dio pastelari

Jakobsen hirugarrenez gailendu da Vueltan. Igotzaileen txanda gaur, Covadongako aintziretan

Fabio Jakobsenek urtebetetze eguna zuen atzo, eta garaipen batekin ospatu zuen. MANUEL BRUQUE / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko irailaren 1a
00:00
Entzun
Espainiako Vuelta biribila ari da osatzen Fabio Jakobsen (Deceuninck Quick Step), esprintetan erabateko nagusitasuna erakutsiz. Hiru etapa patrikaratu ditu dagoeneko; azkenekoa atzo, Santa Cruz de Bezanako bukaera bihurrian.25. urtebetetzea zuen atzo, eta garaipenaren eztiarekin gozatu zuen egun seinalatua Herbehereetako txirrindulariak. Deceuninckek ezin izan zion esprinta beste egun batzuetan bezain garbi bideratu, baina beharrik ere ez zuen izan: aurkarien gurpila hartu, eta aise gailendu zen azken metroetako ahaleginean, Jordi Meeus (Bora) eta Matteo Trentinen (UAE) aurretik. Garaipen bilduma handitzeaz gain, Jakobsenek urrats handia egin zuen elastiko berdea irabazte aldera.

Maillot gorriak, berriz, Odd Christian Eikingen (Wanty) soinean jarraitzen du. Norvergiarraren seigarren eguna izan zen lasterketako lider moduan, eta lasai jardun zuen, faborito gehienek bezala. Batzuek, ordea, etapa hasiera petrala izan zuten, eroriko baten ondorioz. Tartean izan ziren Enric Mas (Movistar) eta Guillaume Martin (Cofidis), baina aparteko arazorik gabe itzuli ziren tropelera. Haatik, etxerako bidea hartu behar izan zuen Giulio Cicconek (Trek), nagusiko hamabigarren sailkatuak.

Erorikoaren ostean osatu zen eguneko ihesaldia. Bost txirrindulari sartu ziren bertan: Mikel Bizkarra (Euskaltel), Stan Dewulf (Ag2r), Dmitry Claeys (Qhubeka), Quinn Simmons (Trek) eta Jetse Bol (Burgos). Geroago, Harm Vanhoucke (Lotto) batu zitzaien. Bi hanka gehiago lanerako. Alabaina, kate motzean lotuta izan zituen tropelak. Ozta-ozta gainditu zuten bi minuturen langa.

Aldea nabarmen jaitsi zenUAEren joaldiarekin. Ibilbide hautsia zuen etaparen azken zatiak, eta Trentinen taldeak jokoz kanpo utzi nahi izan zituen esprinter petoak; kasurako, Jakobsen. Helmugan gozatu aurretik, sufritu egin behar izan zuen Deceuninckek liderrak.Atzean geratu zen une batez, baina lortu zuen berriro multzoarekin bat egitea.

Hamar kilometroren faltan harrapatu zituzten iheslariak, Dewulf izan ezik; sei kilometro gehiago egin zituen hark buruan, mirarian sinetsiz. Azkenean, ezin izan zion izkin egin tropelaren legeari. Era berean, esprinterrek ezin izan zuten Jakobsenen nagusitasuna ezbaian jarri.

Azkarrenak itzalpean izango dira gaur-biharretan, etapa menditsuak jokatuko baitira Asturiasen. Gaurkoa Covadongako aintziretan amaituko da, aurrez lehen mailako bi mendate kateatu ondoren. Ikusteko dago Eiking lidergori eusteko gai den, eta Movistarrek Primoz Roglici (Jumbo) eraso egiteko adorea duen, Mas eta Miguel Angel Lopezekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.