Jarraitu edo berriz hasi

Javier Urrizak eta Endika Barrenetxeak banakako finala jokatuko dute etzi. Nafarrak zortzigarren txapela nahi du; gipuzkoarrak, bigarrena

Javier Urriza eta Endika Barrenetxea, atzo, Galarretan, pilota aukeraketan. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko irailaren 9a
00:00
Entzun
Ate joka dago erremontearen egunik handiena, bereziena. Etzi jokatuko da buruz burukoaren finala. Javier Urriza eta Endika Barrenetxea ariko dira Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta frontoian, txapelik preziatuena bururatzeko lehian (15:15, ETB1).

Final klasikoa da, azken sei ekitaldietatik hirutan neurtu baitituzte indarrak Urrizak eta Barrenetxea IV.ak azken norgehiagokan. Berdinduta daude: 2016an, aurrelaria nagusitu zen (30-21), eta orain bi urte, atzelaria (30-27). Etzi hautsiko da berdinketa. Ez, ordea, bakoitzak dituen txapelen kopurua: iruindarrak zazpi lortu ditu, zazpi azken bederatzi urteetan —azken hamar finalak jokatu ditu—. Hernaniarrak haren bolada eten nahi du,bigarren txapela lortu, eta kontaketa berriro hasi.

Alde handia dago baita batek eta besteak azken urtebete pasatxoan egindakoan ere. Iazko ekainean berriz erremontearen jarduna hasi zenetik jokatu diren txapelketa eta torneo guztiak irabazi ditu Urrizak; tartean, garrantzitsuenak: buruz burukoa —Endika Urrutiaren kontra—; binakakoa, Jagoba Labakarekin;eta Mastersa, Barrenetxea IV.aren aurka.

Banakako honetan ere aurkariak baino koska bat gorago aritu da: hiru partidak irabazi ditu, tartean, beste finalistaren aurkakoa: 30-22. Barrenetxea IV.ak, berriz, lau partida jokatu ditu, eta bi galdu, ligaxkan Imanol Ansaren aurka galdu baitzuen: 30-28. Finalerdian, ordea, 30-23 irabazi zion.

Saltsa piloten harira

Atzo egin zuten aukeraketa, eta saltsa egon zen. Urrizak esan zuen Barrenetxea IV..aren pilota bat «biziegia» zela, baina «normala» iruditu zitzaion, haren arma nagusia sakea dela kontuan izanik. Barrenetxea IV.ak, berriz, erantzun zion esanez haren pilota bat «motelegia» zela. Hasia zen finala.

«Sinestezina»; halaxe definitu zuen Urrizak azken urtea. «40 urte egitear nago, eta jada ez dut lehengo indarra, baina esperientziak beste gauza batzuk ematen ditu; adibidez, finaletan lehiatzen jakitea. Oso pozik nago hamargarren finala jokatuta. Ez nuen espero. Zortzigarren txapela nahi dut».

«Behetik gora» egin du: «Koronabirusa pasatu nuen txapelketa hastear zela, eta ahul ekin nion. Baina gero eta hobeto aritu naiz, eta sasoirik onenean nago. Beharko dut, aurkari oso indartsua baita Endika. Lehia parekatua izango da, eta xehetasunek erabakiko dute. Bera sakearekin min egiten saiatuko da, eta ni, piloteoan».

Urrizak adina ilusio eta gogoa du Barrenetxea IV.ak: «Gehien betetzen nauena da gure artekoek klasiko kutsua hartzen ari direla. Halako egunak bizitzeko kiderik onena da Urriza, nahiz eta aurkari benetan indartsua dela jakin. Gozamena da haren aurka aritzea».

Azaldu zuenez, «gora» egin du urtea hasi zenetik: «Ahul ekin nion, baina pisua hartu ahala, gora egin dut, eta horrek konfiantza eman dit». 2019an egin bezala, «hankaz gora» jarri nahi ditu pronostikoak: «Orduan hura zen faborito, eta irabazi egin nion». Argi du egitekoa: «Ondo sakatu behar dut, errebotera bidali, eta gero, jokaldia amaitu. Arriskatu egin beharko dut, eta asmatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.