Hagak uko egin dio Afganistango gerrari buruzko ikerketa hasteari

Epaileek argudiatu dute ez litzatekeela egongo «justiziaren interesen zerbitzuan»

Kabul hiriburuaren inguruan dagoen AEBen base militar bat. JAWAD JALALI / EFE.
ander perez zala
2019ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Nazioarteko Zigor Auzitegiko (NZA) epaileek uko egin diote Afganistango gerrari buruzko ikerketa hasteari. Fatou Bensouda fiskalburuak 2017ko azaroan egin zuen eskaria —2006an hasi zuten atariko ikerketa—, eta helburutzat zuen argitzea ea Ameriketako Estatu Batuek (AEB), talibanek eta herrialde horretako agintariek gerra krimenak eta gizateriaren kontrakoak egin zituzten. Epaileek, baina, argudiatu dute ikerketa ez litzatekeela egongo «justiziaren interesen zerbitzuan».

NZAren Atariko Auzien Gelako epaileek atzo eman zuten albistearen berri, eta erabakiari buruzko idatzian azaldu dute ikerketa ez litzatekeela arrakastatsua izango, ez dutelako aurreikusten hiru protagonistek «lankidetza bermatuko» dutenik. Halere, aitortu dute Bensoudak emandako informazioak «oinarri sinesgarriak» jartzen dituela Afganistanen krimenik egin ote den jakiteko, eta atea irekitzen dio auzitegi horretan balizko kasuak onartzeari.

NZAko fiskalburuak egin zuen eskariaren arabera, badago informazioa honako auzi hauei buruz: AEBetako militarrek eta zerbitzu sekretuetako kideek «torturak, trataera krudelak, bortxaketak eta sexu indarkeria» erabili zituztela Afganistanen gatazkarekin zerikusia zuten atxilotuekin, «batez ere 2003-2004ko epean». Horrez gain, Bensoudak dio talibanek eta beste hainbat taldek 17.000 zibil baino gehiago hil dituztela 2009az geroztik, eta Afganistango segurtasun indarrek presoak torturatu zituztela gobernuaren atxilotze zentroetan. Kontrako erantzuna jaso duen arren, NZAko fiskalburuak helegitea aurkezteko aukera du, eta espero da pauso hori ematea.

AEBak eta NZA

Bensoudak ikerketa hori abiatzeko eskaria egin zuenetik, gora baino ez du egin AEBen eta NZAren arteko tentsioak —herrialdea ez da auzitegiko kide—.

Besteak beste, AEBen segurtasun nazionalerako aholkulari John Boltonek mehatxu egin zion auzitegiari iragan irailean: NZA «hilda» zegoela adierazi zuen, eta ohartarazi «zigorrak» ezarriko zizkiola Bensoudaren eskaria onartzea erabakiko balu.

Aldi berean, Washingtonek iragan hilabetean jakinarazi zuen ikerketa horrekin zerikusia duen NZAko edozein langileri debekatu egingo ziola herrialdean sartzeko baimena; joan den astean bete zuen hitza, eta Bensoudari berari bisa kendu zion, Nazio Batuen Erakundearen egoitzara joateko asmoa zuenean.

Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariak NZAko fiskalburuari egotzi zion «estatubatuarren aurka arrazoi politikoak dituen ikerketa bat zuzentzea». Horregatik, Pompeok adierazi zuen haren gobernuaren «helburu garrantzitsuena» dela herritarrak babestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.