Belfasteko bigarren saialdia

AEBetako Gobernuak beste ordezkari bat igorri du Ipar Irlandara, negoziazioak sustatzeko

Samara Velte -

2014ko urriak 30
Ipar Irlandako gatazkatik argitzeko geratzen diren auziei buruzko beste negoziazio sail bat hasi dute Stormonteko alderdi nagusiek. Horretarako, AEBetako Estatu Departamentuak beste ordezkari bat izendatu eta igorri du Belfastera: Gary Hart, 1980ko hamarkadan presidentegai izandakoa. Ipar Irlandako gatazka politikoaren hainbat ondorioren inguruko akordioak sustatzea izango da haren lana; besteak beste, banderen auzia eta manifestazioen arautzea argitzeko.

«Askok zalantza dute ea Ostiral Santuko akordiotik sortu eta itunen bidez hobetutako instituzioek eutsiko ote dioten oraingo blokeo egoerari», esan du Hartek. Izan ere, ia hogei urte igaro dira Ipar Irlandako bando nagusiek —errepublikano irlandarrek eta unionistek— bake akordioa (1998) sinatu zutenetik. 2007tik agintea partekatzen dute, gutxi-asko, Belfasteko parlamentuan. Gatazkak eragindako banaketa, ordea, nabarmena da oraindik Ipar Irlandako hainbat gunetan. Azken egunotan hainbat istilu izan dira berriro Belfasteko eremu protestanteak eta katolikoak muga egiten duten auzoetan. Igandean, molotov koktelak jaurti zituzten gazte unionistek bi eremuak banatzen dituen hesiaren ingurura; biharamunean, nazionalista talde batek gazte protestante bat jipoitu zuen, eta asteartean loialistek eraso egin zieten auzo katoliko bateko hainbat etxebizitzari.

Legebiltzarrean ere ezinikusi eta protesta ozenak eragiten ditu sektarismoak, eta horrek behin baino gehiagotan oztopatu du lan parlamentarioa. Gatazkaren ondorioei buruzko araudiari eta bandera loialistak eraikin ofizialetan eduki behar lukeen presentziari buruz, esaterako, ez dira ados jarri oraino.

Iaz auzi horiek argitzeko negoziazio saio bat egin zuten alderdi nagusiek, Richard Haass diplomazialari estatubatuarra bitartekari zutela. Elkarrizketek, ordea, huts egin zuten, eta horrek are gehiago hoztu zuen Stormonteko giroa. Joan den astean, AEBetako Gobernuak Hart izendatu zuen lan hori bukatzeko, eta atzo ekin zion bilera sailari. Denera bost alderdirekin elkartzekoa da: atzo SDLP Alderdi Sozialdemokrata Laboristarekin, Aliantzaren Alderdiarekin eta Ulsterko Unionistekin bildu zen, eta gaur DUP Alderdi Unionista Demokratikoarekin eta Sinn Feinekin hitz egingo du.

Bilera sortaren aurretik ere ika-mika sortu da DUPen eta Sinn Feinen artean. DUPek ez zuen parte hartu negoziazioen aurkezpen ekitaldian, «zirkua» zela argudiatuta, eta jakinarazi zuen ez zuela onartuko Irlandako Atzerri ministroarekin presentziarik Ipar Irlandako barne auziei buruzko bileretan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna