Indonesian ehunka hil eragin dituzte lurrikara batek eta tsunami batek

Hildakoak 385 dira; zaurituak, 540, eta desplazatuak, 16.732. Sulawesi uhartean izan du epizentroa lurrikarak, eta hainbat erreplikaren ostean tsunamia izan da. Hainbat herri inkomunikatuta daude
Tsunamian hildako pertsona baten gorpua itsasertzean, Palun.
Tsunamian hildako pertsona baten gorpua itsasertzean, Palun. WILANDER / EFE

Kristina Berasain Tristan -

2018ko irailak 30
Indonesiako Sulawesi uhartean egundoko tragedia izan da. Richter eskalako 7,5 graduko lurrikara izan zen herenegun, eta, ondoren, 130 erreplikatik gora izan dira. Okerrena, baina, tsunamiarekin etorri zen. Irlara hiru metroko olatuak iritsi ziren, eta horrek hondamendia eragin du. Milaka biktima daude. Agintariek atzo jakinarazi zutenez, 385 lagun hil dira; zauritutakoak, berriz, 540 dira, eta desplazatuak, 16.732. Datuak, dena den, behin-behinekoak dira; izan ere, inkomunikatuta geratu dira hainbat herrixka, eta haietan izandako kalteak zenbatzeke daude oraindik. Uste dute eraikinen azpian harrapatuta daudela hainbat eta hainbat pertsona, eta, hortaz, aurreikusten dute hildakoen kopuruak gora egitea datozen orduetan.

Palu hiria izan da kaltetuena. BNPB Hondamendien Kudeaketarako Agentzia Nazionalak zabaldutako irudietan ikusten da nola 350.000 biztanle dituen hiria guztiz suntsituta geratu den. Han zenbatu dituzte hildako gehienak. Sutopo Purwo Nugroho Hondamendiak Kudeatzeko Agentzia Nazionaleko bozeramaileak esan du kalteak «handiak» izan direla. Eraitsitako zubien eta txikizioaren irudiak zabaldu ditu gobernuak.

Pantoloanen, berriz, hiri horren iparraldean dagoen kaian 29 lagun desagertu dira. Donggala hiriko inguruak ere oso kaltetuta daude; mila eraikinetik gora daude hondatuta, eta, erreskate taldeek aurrera egin ahala, biktimen kopurua handituz joango den susmoa dago.

Epizentroa

Sulawesi irlan bi lurrikara izan ziren ostiral arratsaldean, herrialdean 17:00ak zirenean. Aurreneko lurrikara 6 gradukoa izan zen, eta ez zuen kalte handirik eragin, baina haren atzetik handiago bat etorri zen, 7,5 gradukoa. Epizentroa Palu hiritik 78 kilometro iparraldera izan zuen, hamar kilometroko sakoneran. Ameriketako Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuak jakinarazi zuenez, handik minutu batzuetara beste bi erreplika handi izan ziren, 5,8 eta 5,4 gradukoak, eta jarraian ehun erreplikatik gora. Jarraian tsunamia etorri zen. Hainbat eraikin eraitsi zituen itsasoak lurrari gain hartu zionean, eta kostaldean hainbat gorpu aurkitu dituzte, herritarrek ez baitzuten garaiz alertaren berri izan, eta mendian babestu beharrean hondartzan geratu ziren.

Meteorologia Agentziak, antza, alerta eman zuen, baina, handik ordu erdira utzi zuen bertan behera. Tsunamia, baina, hogei minutu geroago iritsi zen itsasertzera. Tsunamia izan zenean ere, agintariek ez zuten haren berri eman; hiru ordura egiaztatu zuten, eta hura baieztatu aurretik hondamendiaren irudiak zabalduta zeuden sare sozialetan.

Sukmandaru Prihatmoko Indonesiako Geologoen Elkarteko presidentearen iritziz, adituak ere harrituta daude gertatutakoarekin, antza, faila horrek ez baititu tsunamiak eragiten.

Ozeano Bareko Su Eraztuna

Indonesia Ozeano Bareko Su Eraztunean dago. Mugimendu sismiko eta bolkaniko ugari gertatzen da han, eta urtean 7.000 lurrikara inguru izaten dira. Uda honetan izan da azken lurrikara handia. Sulawesi hego-mendebaldean dagoen Lombok uhartean izandako lurrikarak 500 hildako eragin zituen. Hondamendi handiena, baina, 2004ko abenduan 26an gertatu zen. Sumatra uhartearen iparraldean izandako lurrikara batek hamabi herrialderen kostaldeetara iritsi zen tsunamia eragin zuen. Richter eskalako 9,3 graduko indarra izan zuen lurrikarak. Tsunamian 280.000 lagun hil ziren. Indonesia bete-betean jo zuen tsunamiak, eta 120.000 hildako eragin zituen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna