Ahatezainak auzitan

Cathy Xabalgoti eta Panpi Sainte Marie epaituko dituzte azaroaren 5ean, Pauen, DDPPko agenteei ahateak hiltzea oztopatzeagatik
2017ko urrian jendarmeriara deitu zituzten kabalak hiltzea ukatu zuten ELBko ahate hazleak.
2017ko urrian jendarmeriara deitu zituzten kabalak hiltzea ukatu zuten ELBko ahate hazleak. ISABELLE MIQUELESTORENA

Joanes Etxebarria -

2018ko urriak 23
Laborantza eredu bat epaituko dute azaroaren 5ean Paueko auzitegian (Okzitania). Uhartia ahate hazkuntzako buru Cathy Xabalgoiti (Barkoxe, Zuberoa) eta ELB sindikatuko Panpi Sainte-Marie ahateen hiltzea eragozteaz akusatuak dira. Mixel Etxebest Mauleko auzapeza, Periko Legasse kazetaria eta Laurent Pinatel Confederation Paysanne sindikatuko idazkari nagusia lekuko gisa joanen dira.

Hegaztien gripeari aurre egiteko neurri sortaren artean, DDPP Herritarren Babeserako Departamenduko Zuzendaritzak hegaztiak modu prebentiboan hiltzea agindu zuen iazko apirilean, eritasuna zabaldu ez zedin. ELB laborari sindikatuak neurri horiei buru egitea erabaki zuen; hiru etxaldeetan lehenik —Barkoxen, Domintxinen eta Gabadin—, eta Bidaxuneko ahate haztegian ondotik.

Mobilizazio jendetsuak egin ziren etxaldeen aitzinean, analisien arabera eritasunik ez zuten hegaztien hiltzea oztopatzeko, eta horregatik epaituko dituzte orain Xabalgoiti eta Sainte Marie. «DDPPko agenteen eginbeharra trabatzea eta hazkuntzen egoitzetara sartzea oztopatzea» leporatzen diete. Herritarren mobilizazioak poliziak eta albaitaritza zerbitzuak etxaldeetara sartzea oztopatu zuen, eta, hazleek egin analisietan hegaztiak sano zeudela frogaturik, azkenean ez zituzten kabalak hil.

Anne Marie Mendiburu abokatuaren erranetan, «absurdoaren epaiketa» izanen da azaroaren 5ekoa. Haren ustez, «osasun zerbitzuen agintariak eta hazkurri industriako ordezkariak» epaitu beharko lirateke, «birusa [haiek] zabaldu zutelako». Jean Michel Berho Domintxaineko (Zuberoa) ahate hazleak oroitarazi du laborantza industriala garraioetan oinarritzen dela: «Ahateak ekialdeko herrialdeetatik ekartzen dituzte, galkatuak izateko berriz garraiatzen dituzte, eta hortik hiltegietara. Nahi bagenitu eritasunak barreiatu, ez genuke beste gisaz eginen». Oroitarazi du 2016ko urtarriletik Pirinio Atlantikoetako Departamenduko prefeta abisatu zutela, arazoa kamioietan zegoela errateko.

Erresistentzia eskubidea

«Hautetsien, kontsumitzaileen, eta gizarte zibilaren erresistentziak posible egin du neurri arras zozo bat —nire hitzak neurtzen ditut— ez dadin gauzatua izan», adierazi du Mendiburu abokatuak. Laborantzaren ikusmolde baten alde egiten saiatuko direla ere gaineratu du.

Sainte-Marieren erranetan, herritarren «erresistentziarako eskubidea» ere defendatuko dute Pauen. ELB sindikatuko arduradunaren ustez, «beste leku guztietan hil badituzte ere, hemengo erresistentziari esker ez da hala izan, eta erresistentzia eskubide hori aldarrikatzen dugu». Horregatik, sostengurako deialdi zabala egin dute azaroaren 5erako, 14:00etan, Paueko auzitegian hasiko den epaiketara joateko.

Anartean, auzipetuei babesa erakusteko, pertsona ezagunak biltzen hasiak dira laborariak. Hiru pertsona joanen dira 2017ko apirileko mobilizazioen aniztasuna erakustera: Mixel Etxebest Mauleko auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakariordea, mobilizazioetan parte hartzeagatik «diru laguntzak galdu dituen» hautetsia ELB sindikatuaren erranetan; Periko Legasse kazetaria, kontsumitzaileen ordezkari gisa; eta ELBren partaidea den Frantziako Confederation Paysanne sindikatuko idazkari nagusia, Laurent Pinatel.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna