Muellerrek gezurra esatea egotzi dio Trumpen kanpainaburu ohiari

Errusiak 2016ko bozetan esku hartu zuen ikertzeko orduan, Manafortek lankidetza hitzartu zuen fiskal bereziarekin, zigor murriztuaren truke

Igor Susaeta -

2018ko azaroak 28
Robert Mueller fiskal berezi eta FBIko zuzendari ohia ikertzen ari da ea Errusiak esku hartu zuen AEBetako presidentetzarako azken hauteskundeetan. Paul Manafort Donald Trumpen kanpainaburu ohia da haren lekuko garrantzitsuenetakoa. Harekin akordio bat egina zeukan, beste auzi batengatik zigor murritzagoa jasotzearen truke. Baina duela bi urteko bozetako auzia ikertzen ari den fiskalak gezurretan aritzea leporatu dio. Horren berri eman zuen atzo goizaldean, dokumentu ofizial bat argitaratuta. Mueller hurrengo egunetan da argibide gehiago ematekoa, baina, ziurrenik, espero baino kartzela zigor handiagoari aurre egin beharko dio Manafortek.

Trumpen kanpainaburuaren defentsak ukatu egin du Muellerrek adierazitakoa. Trumpentzat lan egin baino lehenago, 2010 eta 2014 artean, Ukrainako presidente izandako Viktor Yanukovitxen aholkularia izan zen. Informazio hori Washingtoni ezkutatzeagatik, AEBen kontra konspiratzea eta justiziaren lana oztopatzea leporatu zioten, eta berak bere burua erruduntzat jo zuen, joan den irailean. Gehienez hamar urteko kartzela zigorra ezarriko ziotela espero zuen. Behin-behinean kartzelatuta dago.

Trukean, «erabat eta zinez» Muellerri laguntzeko konpromisoa hartu zuen. Baina, fiskal bereziaren ustez, Manafortek ez du emandako hitza bete. «Erruduntasun akordioa sinatu ondoren, delitu federalak egin ditu Manafortek, hainbat kontutan gezurra esan die FBIri eta fiskalaren bulegoari. Horrek esan nahi du akordioa urratu duela», nabarmendu du Muellerrek. Fiskalak delitu gehiago inputatzekoak dira. Behin lankidetza akordioa hautsita, Amy Berman epaile federalak zehaztuko du nondik nora joko duen Manforten kontrako prozesu judizialak.

Bestalde, The Guardian egunkariak atzo kaleratutakoaren arabera, Manafort Julian Assange Wikileaks webgunearen sortzailearekin bildu zen 2013an,2014an eta 2015ean. Wikileaksek, baina, informazio hori ukatu du. Alderdi Demokratak salaketa bat aurkeztu zuen joan den apirilean, eta 2016ko bozetan konspiratu izana egotzi zion Wikileaksi.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna