Lan zaila ematen du

Athleticek lehen sailkatuaren zelaian ekingo dio bigarren itzuliari, eta, Atletico Madrili aurre egiteko, jokalari garrantzitsu batzuk faltako zaizkio

Marta Unzue, Atletico Madrileko jokalariz inguratua, lehen itzulian bi taldeek jokatutako partidan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Emakumezkoen Liga nagusian lehiaketa itzuliko da asteburu honetan, Gabonetako atsedenaldiaren ondoren, eta Athleticek gaur bertan berrekingo dio txapelketari, laugarren lekuan dela. Zelai eta aurkari zailekin aritu beharko dute Joseba Agirreren jokalariek: Atletico Madril liderra izango dute kontrario (13:00, GOL).

Aurkariaren maila handiak ez ezik, lesioek ere zaildu egingo diote partida Athletici. Min hartuta dauzka Erika Vazquez eta Yulema Corres, eta Lucia Garciak ere ezingo du jokatu, txartel horiak pilatzeagatik partida bateko zigorra bete beharko baitu. Jokalari horiek utziko dituzten hutsuneak eragozpen handiak dira taldearentzat, baina Agirre indartsu azaldu da partidaren atarian: «Gauzak zenbat eta zailago jarri, gehiago ateratzen dugu gure izaera gogorra».

Orain arte gutxien jokatu duten jokalarientzat aukera ona izango dela gehitu du Agirrek: «Deialdietan sartu ez direnentzat aukera ona da, eta baliatzeko modua izango dute. Azkenean, lesioen eraginez izango ditugun hutsuneei alderdi ona ateratzen jakin behar izaten da».

Talde txikia du Athleticek kopuruz, eta, lesioak pilatzen direnean, orain arte bezala, gabezia hori oso agerian geratzen da. Baina Agirrek alde ona ikusi dio horri ere. «Taldean jokalari gutxi edukitzeari esker, bagenekien jokalari guztiek aukera izango zutela». Taldeko hainbat kideri, beraz,heldu zaie zenbat balio duten erakusteko aukera. Aurkaria eta zelaia zitalak dira, eta denbora luzez batere jokatu ez edo gutxi jokatu dutenentzat erronka oso handia izango da, baina denen beharra du taldeak, eta aurrerapausoa eman beharko dute. Hutsuneak hutsune, taldea ilusioz bizi-bizi doala esan du entrenatzaileak: «Gabonetako oporren ondoren, animoz ondo ikusi dut taldea, eta munduko ilusio guztiarekin goaz Madril aldera, liderrari hortzak erakustera».

Animoekin bakarrik ez du, ordea, gauza handirik egin ahal izango Athleticek gaur. Ondo jokatu beharko du, eta hori zer den ondo azaldu du Agirrek: «Partida ia perfektua egin beharko dugu, erasoan oso ondo jokatu, eta beste horrenbeste egin defentsako lanean». Atletico Madril nola ikusten duen ere esplikatu du: «Ligako talderik onena da. Baliteke Bartzelonak jokalari onenak izatea, baina taldea Atletico da. Aurkariak huts txikiren bat egin orduko, ederki baliatzen dute aukera, eta ez dute barkatzen».

Garbi dauka zer egin beharko duten jokalariek gaur punturen bat urratzeko: «Zelaian ondo jarrita egoteaz gain, segurtasun handiz aritu beharko dute, konfiantza itzelez, eta batez ere, gauzak egiteko ausardiaz».

Elizegi partida ikustera doa

Taldea jakitun dago lan zaila izango duela, eta hala dela onartzea ez da abiapuntu txarra. Agirre: «Badakigu oso gogorra izango dela eta partidan sartuta egon beharko dugula une guztietan. Gure asmoa da sustoren bat ematea haiei, gauzak zailtzea». Ea hori dena ikusten duen Aitor Elizegik, klubeko presidente berriak, hara egingo baitu lehen bidaia ofiziala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.