Sanchezek eta Iglesiasek «lankidetza gobernu bat» negoziatuko dute

PPk eta C's-k Espainiako jarduneko presidenteari adierazi diote ez dutela haren inbestidura babestuko, eta ez dutela abstenitzeko asmorik

ander perez zala
2019ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
PSOEk eta Unidas Podemosek (UP) «lankidetza gobernu bat» negoziatzen hastea adostu zuten atzo, Pedro Sanchez Espainiako presidente izendatzeko bilera sortaren lehen egunean. Kontzeptuaz haratago, bi indar politikoek ez zuten zehaztu zer-nolako harremanaz arituko diren datozen egunetako «bilera diskretuagoetan», ezta negoziazioen xehetasunak zeintzuk izango diren ere.

Izan ere, indar bakoitzak bere modura helarazi zuen kontzeptu horren esanahia. Pablo Iglesias Podemosen idazkari nagusiarentzat, UPren ministroak egongo dira gobernuan, koalizioak hautaturikoak; baina PSOEk ez zuen ideia bera transmititu, eta Kongresuko eledun Adriana Lastraren arabera, gobernuan ministro independenteak egongo dira, UPrekin negoziaturikoak: «Gobernu plural bat osatzeko formulen bila arituko gara, euren esparruetan erreferente diren pertsona ospetsuekin. Gobernu ireki bat da; ez itxia, koalizio batean bezala».

Hauteskunde kanpainan eta horren ostean, UP «gobernu koalizio baten» alde agertu da, baina PSOEk «kolore bakarreko gobernu bat» lehenesteko asmoa adierazi du; argi dagoen bakarra da Iglesiasek Sanchezen lehentasunezko aliatua izan nahi duela, eta PSOEk gero eta asmo handiagoa duela hori egia izan dadin, «gobernu progresista bat» helburu.

PSOEren diputatuen (123) eta UPrenen (42) batura 165era iritsiko litzateke, 176ko gehiengo osotik urrun. Horretaz jakitun, Lastraren atzoko hitzek, «lankidetzagobernu» bati buruzkoek, beste alderdi batzuen aldeko botoa jasotzea zuten helburu; gainera, Junts Per Catalunyaren (JxC) hiru diputatu presoek ez diotenez uko egingo Kongresuko aktari, 176ko kopurua 173ra jaitsiko da. Hortaz, Sanchezek nahikoa luke EAJren (6), Compromisen (1) eta Kantabriako Alderdi Erregionalistaren (PRC) diputatuaren botoak jasotzea, eta Navarra Sumaren bi ordezkariak abstenitzea.

PP eta Ciudadanos (C's) alderdiek ez dute Sanchezen alde bozkatuko, ezta abstenituko ere, azken egunotan aukera hori mahai gainean jarri zuten arren. Iglesiasekin batzartu ostean elkartu zen Sanchez Pablo Casadorekin (PP) eta Albert Riverarekin (C's), eta biek ala biek helarazi zioten euren estrategiaren berri.

EAJrekin, gaur

Sanchez soilik Unidas Podemosekin, PPrekin eta C's-rekin batzartu da. Bilera sortak gaur jarraituko du, baina PSOEren Antolakuntza idazkari Jose Luis Abalosek ordezkatuko du alderdia; EAJko Aitor Estebanekin, Compromiseko Joan Baldovirekin eta Kantabriako Alderdi Erregionalistako (PRC) Jose Maria Mazonekin elkartuko da.

Bihar, berriz, PSOEren Kongresuko eledunaren txanda izango da, Esquerra Republicanarekin (ERC) eta JxCrekin (JxC) hitz egiteko. Hortaz, PSOEk ez du Sanchezen inbestidura negoziatuko EH Bildurekin, ezta Voxekin ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.