Kontratu labur asko egiten dituztenak zigortuko ditu Frantziako Gobernuak

Gizarte Segurantzaren kotizazioak handituko dizkie. Erretiroaren adina atzeratu nahi du Parisek, baina 62 urtean hartzeko aukerari eutsiko dio

Edouard Phillippe Frantziako lehen ministroa, atzo, Asanblean. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Erreforma mordo bat besapean dituela ekingo dio Emmanuel Macron Frantziako presidenteak bere agintaldiaren bigarren zatiari. Langabezia sariarena izango da haietako lehena, datorren astean baitu aurkeztekoa, atzo Edouard Phillippe lehen ministroak iragarri zuenez. Haren bidez, Parisek zigortu egin nahi ditu kontratu laburrak «gehiegikeriaz» erabiltzen dituztenak. Pentsioei dagokienez, erretiroaren adin ofiziala 62 urtean utziko du, baina ahalik eta langile gehienek geroago erretreta hartzeko neurriak hartuko ditu.

Honako hauek dira Phillippek politika orokorreko hitzaldian egindako iragarpenetako batzuk:

LANGABEZIA SARIA ETA KONTRATUAK

Macronek sindikatuen eta patronalen esku utzi zuen langabezia sariaren erreforma negoziatzea; baina gizarte eragileak ados jarri ez zirenez, Frantziako Gobernuak bere gain hartu du erreforma gidatzea. Datorren asteartean aurkeztuko du, baina ildo nagusi batzuk dagoeneko argitu ditu Phillippek. Batetik, bonus-malus izeneko sistema bat ezarriko dute lan kontratu laburrak gutxitzeko. Hau da, beren langileei kontratu motzak egiten dizkietenek Gizarte Segurantzari gehiago kotizatu beharko diete, eta gutxiago kontratu luzeagoak edo mugagabeak egiten dituztenek. Neurri hori kontratu laburrak «gehien erabiltzen dituzten bost edo hamar sektoretan» ezarriko dute. Pentsatzekoa denez, ostalaritza izango da horietako bat.

Erreformaren bigarren atala langabezia sariari dagokio, atal horretako gastua txikitzeko asmoarekin. Batetik, soldata oso handiak dituztenen langabezia sariak txikitu egingo dituzte, eta, bestetik, neurriak hartuko dituzte kalean geratu denak inoiz ezin dezan jaso lanean baino gehiago. «Lan egiteak merezi behar du», Phillipperen arabera.

ERRETIROA

Parisko gobernuak Jean Paul Delevoye komisarioari enkargatu zion erretiroaren erreforma bat lantzea. Uztailean du bere txostena aurkeztekoa, eta horren gainean egingo du legegaia gobernuak. Phillippek aurreratu zuenez, erretiroa 62 urterekin hartzeko aukerari eutsiko dio erreformak, baina pizgarrien eta zigorren bitartez lortu nahi dute langile gehienek erretiroa urte gehiagorekin hartzea. «Horrela, bakoitzak bere aukera egin ahal izango du, askatasunez eta arduraz». Frantziako Gobernuaren asmoa da gaur egungo 42 erretiro erregimenak amaitzea eta puntukako sistema bakar baterantz egitea.

ZERGAK

Apirilean Macronek aurreratutakoa baieztatu du Phillippek: errenta zergaren tasarik txikiena ordaintzen dutenei hiru puntu gutxituko diete ordaindu beharrekoa. «Familia bakoitzeko 350 euro gutxiago dira, zergaren herena». Bigarren tartekoei ere txikituko dizkiete zerga, 180 euro batez beste. Gainera, etxebizitza zerga erabat ezabatuko du Parisko gobernuak: 2020rako, herritarren %80ek ez dute ezer ordaindu beharko, eta beste bi urte itxaron beharko dute diru %20 aberatsenek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.