Ilusioa du bidelagun

Ekin dio sasoi-aurreari Bidasoak. Iñigo Aldabak soilik utzi du taldea, eta ez dute inor fitxatu. Anaitasunan, berriz, zazpi jokalari berri daude

Bidasoako jokalariak, atzo, denboraldi-aurreko lehen entrenamendua egin aurretik. BIDASOA.
Jone Bastida Alzuru.
2019ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Lanean da Bidasoa. Ilusio handia sortzen duen denboraldi baten atarian, atzo egin zuen sasoi-aurreko lehen entrenamendua. Azken denboraldiari erreparatuta, ez da aldaketa handirik egon taldean. Izan ere, klubak jarraitutasunaren alde egin du apustu. Oraingoz, ez du fitxaketarik egin Bidasoak, eta Iñigo Aldabak bakarrik utzi du taldea. «Gustura» dago taldearekin Jacobo Cuetaraentrenatzailea: «Helburu nagusia taldea mantentzea zen. Azken denboraldian eman genuen mailak izan behar du gure abiapuntua». Hala ere, azaldu zuen taldea ez dagoela itxita, eta merkatuan bilatzen jarraituko dutela: «Gehienbat, eskuin alboko postua indartzea gustatuko litzaiguke. Ondo hautatzen jakin behar da. Ezin dugu edozein preziotan fitxatu».

Ligan bigarren postuan amaitu zuen sasoia Bidasoak, eta, 24 urteren ostean, Txapeldunen Ligan lehiatuko da berriro ere. Txapelketa hori jokatzeak «ilusio berezia» egiten diela azaldu zuen entrenatzaileak. Bidasoak ezagutzen ditu Txapeldunen Ligako multzoan izango dituen aurkariak:Savehof (Suedia), Tatran Presov (Eslovakia), Cocks (Finlandia), Eurofarm Rabotnik (Mazedonia) eta Sporting Lisboa (Portugal). Etxetik kanpo jokatuko du lehen neurketa, irailaren 11n edo 15ean, Tatran Presoven aurka.

Aurreko denboraldikoa berriz lortzea «zaila» izango dela uste du Cuetarak, baina argi du zein den taldearen helburua: «Lortu genuenari jarraipena eman nahi diogu. Bidasoa talde handien artean modu egonkor batean egotea nahi dugu».

Atzo ekin zion denboraldi-aurreari Bidasoak, eta abuztuaren 9an jokatuko du sasoi-aurreko lehen partida, Hondarribian, Chartres Metropole Handballen aurka. Bigarren neurketa, abuztuaren 17an izango du, Zumaian, Blendio Sinfinen kontra. Ondoren, abuztuaren 23an eta 24an, Egiako Torneoan hartuko du parte. Logroño La Rioja, Helvetia Anaitasuna eta Toulouse izango ditu aurkari. Amaitzeko, abuztuaren 30ean, Elgoibarren, Alarcos Ciudad Realen aurka jokatuko du, eta, abuztuaren 31n, Zarautzen, Helvetia Anaitasunaren kontra. Liga irailaren 7an hasiko da. Etxetik kanpo jokatuko du lehen norgehiagoka Bidasoak: Ademar Leon izango du aurkari.

Anaitasuna ere, martxan

Bidasoa baino egun batzuk lehenago hasi zen lanean Helvetia Anaitasuna; uztailaren 25ean. Eraberrituta ekin dio sasoi-aurreari. Taldea indartzeko asmoarekin, guztira, bost fitxaketa egin ditu:Leandro Semedo, Anderson Mollino,Henrik Nordlander, Franco Gavidia eta Guillermo Fisher. Horrez gain, harrobiko bijokalari lehen taldera igo dira: Ander Izquierdo eta Martin Ganuza. Bestalde, lau jokalarik utzi dute taldea: Mikel Arrizabalagak, Albert Pujolek, Gabriel Cerettak eta Iñigo Barricartek. Javi Gracia Anaitasunako kirol zuzendariak azaldu zuenez, lehen zortzien artean sailkatzea izango dute xede. Aurreko sasoian emandako itxura grisaren ostean, etxetik at hasiko dute denboraldia, egungo txapeldun Bartzelonaren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.