Hasiera onari eustera

Lehen jardunaldian lortutako garaipenari segida eman nahi dio Athleticek gaur, Getafen. Osatu dira Iñigo Martinez eta Ibai Gomez

Iker Muniain eta Aritz Aduriz, aurrelariak Bartzelonari sartutako gola ospatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU.
2019ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Getafek eta Athleticek elkarren aurka jokatuko dute gaur iluntzean, Alfonso Perez koliseoan. Espainiako Lehen Mailako bigarren jardunaldiko neurketa izango da, eta batak zein besteak oso aldarte ezberdinean ekingo diote. Athletic konfiantzaz lepo ariko da; ez da gutxiagorako, garaipen handia lortu baitzuen Bartzelonaren aurka, San Mamesen, aurreneko partidan. Astebete pasatxo joana da, baina inork ez du ahaztu Aritz Adurizek 89. minutuan sartu zuen gol ikusgarria. Talde zuri-gorriak helburu argia du gaurko: garaipen horri segida eman, ahal izanez gero, beste bat kateatuta.

Athleticek bikain ekin zion asteburuari, eta asteko egunak ere ondo joan dira, osatu baitira zenbait jokalari garrantzitsu. Hala, Iñigo Martinez eta Ibai Gomez taldekideekin batera entrenatu dira, eta gaur joka dezakete. Erdiko atzelariak du aukera gehien, baina ikusteko dago ea Gaizka Garitanok eusten dion Bartzelonaren aurka horren lan ona egin zuen hamaikakoari. Partidaren zailtasunaz jakitun da Garitano. «Talde bikaina da. Denboraldiko partidarik zailenetakoa izango da», esan zuen atzo.

Getafek, ordea, oso bestelako aldartean ekingo dio norgehiagokari. Galdu egin zuen lehen lehia, Atletico Madrilen aurka (1-0). Ez zuen gaizki jokatu, baina esku hutsik geratu zen. Hori gutxi ez, eta epaileak txartel gorria atera zion Jorge Molina Getafeko aurrelariari, Thomasi orpazurda zapaltzeagatik. Epaileek gogor zigortuko dituzte halako sarrerak, eta Jorge Molina izan da araudi aldaketaren lehen kaltetuetako bat. Hala,partida bateko zigorra beteko du, eta aldaketak egitera behartu Jose Bordalas entrenatzailea. Angel Rodriguezek ordezkatuko du. Hain zuzen, Angelek sartutako gol bati esker irabazi zion Getafek Athletici elkarren aurka jokatutako azken partidan.

GETAFE-ATHLETIC

Getafe. David Soria; Damian Suarez, Djene, Cabrera, Bruno; Nyom,

Arambarri, Maksimovic, Cucurella; Mata eta Angel.

Athletic. Unai Simon; Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri; Dani Garcia, Unai Lopez; De Marcos, Raul Garcia, Muniain; eta Williams.

Epailea. Mateu Lahoz.

Lekua. Alfonso Perez koliseoa (17.000 ikusle).

Ordua. 21:00etan (Mov. La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.