Myanmarko armak «enbargatzeko» eskatu diote 200 GKEk NBEri

«Adierazpenetatik harago» joan eta junta militarrarekin salerosketarik ez egiteko eskatu diote. Oposizioak milizia bat sortuko duela iragarri du

Myanmarko armadako soldadu bat, Yangon hirian. EFE.
Julen Aperribai.
2021eko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
«Ordua da Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak bere boterea erabil dezan mundu mailako armen enbargoa inposatzeko, militarrek egindako hilketak amaiarazten saiatzeko». Amnesty International erakundeko Lawrence Mossek esan zituen hitzok herenegun, Myanmarko armen enbargoa eskatzen duen agiriaren sinatzaile moduan.

Beste 200 gobernuz kanpoko erakundek baino gehiagok ere bat egin zuten eskariarekin, eta adierazpen bateratu bat plazaratu zuten. Zehazki, Erresuma Batuari zuzendu zioten eskaria, herrialde hori baita Segurtasun Kontseiluan Myanmarko egoeraren erredaktorea. «Negoziazioak» lehenbailehen hasteko exijitu zuten, «armen enbargoa baimenduko duen ebazpen bat» eman ahal izateko.

«Inongo gobernuk ez lioke juntari bala bakar bat ere saldu behar egungo egoeran», zioen oharrak, eta, horrenbestez, «gutxieneko urratsa» dela hori egiteari uztea.

Otsailaren 24an egindako adierazpen batean egindako eskaria berritu zuten adierazpenarekin. Gobernuz kanpoko ehun erakundek baino gehiagok izenpetu zuten orduan, eta Segurtasun Kontseiluari eskatu zion junta militarrari armak saltzeari uzteko haren esku zegoena egiteko. Hark, ordea, ez du kontsentsurik bere barruan Myanmarko auziaz. Indarkeria gaitzesten duten zenbait adierazpen publiko egin izan ditu, baina neurri gogorragorik ez du hartu oraingoz, NBEren parte diren zenbait gobernuren aurkakotasuna dela eta; besteak beste, Txinakoarena eta Errusiakoarena.

«Adierazpenetatik» harago joateko eskatu zioten GKEek: «Adierazpenak egiteko garaia pasatu da. Segurtasun Kontseiluak Myanmarren inguruko kontsentsua beste maila batera eraman beharko luke, eta premiazko eta funtsezko ekintzak adostu».

Oposizioa, armatzen

Harreman diplomatikoen bidez Myanmarko junta militarra estu hartzea espero dute estatu kolpearen aurkakoek. Bitartean, baina, egunerokoak dira istiluak eta hildakoak. Estatu kolpearen aurkako protesten sustatzaileek horien izaera baketsua nabarmendu dute hainbatetan, baina liskararmatu itxura hartzen ari dira, geroz eta gehiago.

Apustu militarra indartzeko asmoz, milizia bat eratuko dutela jakinarazi zuen bere burua «gobernu demokratiko» deiturikoak, zeina, batez ere, estatu kolpeak kargutik kendutako parlamentariez osatuta dagoen. Bere burua «uniformatuen errepresiotik defendatzeko» helburua izango du Herriaren Defentsarako Indarra izendatuak, ohar batean azaldu zutenez. Aurrerago armada federal bat sortzeko lehen urratsa izan nahi du miliziak, eta armada horren osaketan gutxiengo etnikoek ere parte hartzea nahi dutela azaldu zuten. Halaber, helburutzat hartu zuten Myanmarko militarrek talde armatu etnikoen aurka abiatutako «gerra zibilarekin» amaitzea.

Orain arte, oposizioak lortu du zenbait talde armatu etnikorekin aliantzak jostea, armadarekiko aurkakotasunak lagunduta. KIA Kachingo Independentziaren Armadak eta Karen Nazioa Askatzeko Armadak babesa adierazi diote desobedientzia zibilaren aldeko mugimenduari, baina ez beste zenbait taldek; hala nola Arakan Armadak eta UWSA Wa Estatuaren Armada Batuak —herrialdeko gerrillarik handiena da, 20.000 kide ingururekin—. Talde etnikoen laguntza lortu nahi du «gobernu demokratikoak», eta, horretarako, prest azaldu da autonomia eskariak onartzeko eta Myanmar «estatu federal» bihurtzeko.

Oposizioa indarrak bateratzeko ahaleginean ari den bitartean, junta militarra agintean sendotzeko neurri berriak hartzen ari da, eta garrantzi berezia eman dio herrialdea komunikatiboki bakartzeari. Herenegun, MRTV telebista kate publikoak jakinarazi zuen satelite bidezko telebista legez kanpokotzat jo duela gobernu militarrak, atzerriko telebista kateak «segurtasunarentzat mehatxua» direla argudiatuta. Lege hori urratzen dutenek urtebetera arteko kartzela zigorra jasotzeko arriskua dutela gaineratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.