Frantziak lankidetza nahi du Mantxako kanalean migrazioari aurre egiteko

Londresek agenteak eta teknologia eskaini dizkio Parisi, eta Brusela laguntza ekonomikoa ematekotan da. Hildako migratzaileak 27 dira

Herengun hildako migratzaileek erabili zuten ontzi puzgarria. M. BADRA / EFE.
ander perez zala
2021eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Mantxako kanaleko heriotzen biharamunean, Frantziako Gobernuak migrazioaren afera kudeatzeko baliabideak eta lankidetza eskatu dizkie nazioarteko aliatuei. Emmanuel Macron Frantziako presidentearen deiak ezintasun sentsazio bat helarazi du, nahikoa tresna ez dituztelakoan migratzaileen bidea gelditzeko helburua betetzeko; horregatik, agintariak Europako beste kideei ohartarazi die euren artean koordinatu beharra dutela , eta bilkura bat antolatzea lortu du etziko, Erresuma Batuko, Belgikako, Herbehereetako eta Alemaniako Barne ministroekin, eta Europako Batzordearekin.

Herenegun arratsaldean, 34 pertsonak Erresuma Baturako bidea hartu zuten ontzi puzgarri batean, Calais (Frantzia) ingurutik aterata. Hortik gutxira, arrantzontzi batek zenbait lagun ikusi zituen itsasoan, eta alarma deia helarazi zuen; eremura iristean, erreskate taldeek ia airerik gabeko ontzi bat aurkitu zuten.

Hasieran, Frantziako agintariek 31 hildakoren berri eman zuten, baina atzoko ordu txikietan 27ra jaitsi zuten kopurua. Horrekin batera, jakinarazi zuten ustez migratzaileei ontzia eman zieten bost trafikatzaile atxilotu dituztela. Gertakari horren berri izan arren, atzo goizean ere izan ziren Frantziatik Erresuma Batura itsaso bidez igarotzeko saiakerak; horietako batzuk, arrakastatsuak, 40 lagun zeramatzaten bi ontzik Mantxako kanala pasatzea lortu baitzuten.

Migrazioaren afera kudeatzea zaila izan da bi herrialdeetako gobernuentzat, eta hori agerian geratu zen atzo ere, bi aldeek egindako adierazpenekin; are gehiago, kontuan harturik Parisen eta Londresen egungo harremana ez dela egokiena.

Mantxako kanalean izandako heriotzen inguruan, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak iradoki zuen Frantziak legez kanpoko migrazioa gelditzeko egindako ahaleginek ez dutela «funtzionatzen», eta Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak erantzun zion ahal duten «guztia» egiten ari direla, adibide gisa jarrita herenegun 671 saiakera gelditu zituztela.

Steve Barclay Erresuma Batuko Kabinete ministroak, berriz, azaldu zuen aurten 20.000 ahalegin gelditu dituztela, eta auzi horretan «aurrerapausoak egiten» ari direla; Komunen Ganberan egin zituen adierazpenok, auziaz azalpenak eskatu baitzizkioten gobernuari —Erresuma Batuak 60 milioi euroren laguntza eman zion Frantziari bere itsasbazterra zaintzeko—.

Europako Batzordeak, aldiz, tonu lasaiagoa izan zuen Parisekin, eta laguntza eskaintzeko prest agertu zen, dirua emanez edo mugen zaintzaz arduratzen den Frontexen babesa helarazita. Ylva Johansson Batzordeko Barne komisarioa Darmaninekin mintzatu zen, proposamen horiek eztabaidatzeko: «Noski, europarren lankidetza behar dugu». Horrez gain, baliteke datozen asteetan neurri gehiago iragartzea, Europako Batasuneko Barne ministroak abenduaren 9an baitira elkartzekoak.

Londresek eta Parisek elkarri egotzi diote 27 migratzaileen heriotza, baina Frantziako presidenteak bi herrialdeen «erantzukizun partekatuan» jarri zuen arreta herenegun gauean, bi agintariek izandako telefono deian. Johnsoni adierazi zion «erabateko lankidetza» espero duela haren partetik, eta eskatu zion auzia ez erabiltzeko «helburu politikoetarako», Eliseoak atzo ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Patruila bateratuen aukera

Erresuma Batuko lehen ministroak berriz proposatu zion patruila bateratuak egiteko, baina Macronek ezezkoarekin erantzun zion, Johnsonek herenegun gauean azaldu zuenez: «Zailtasunak izan ditugu gure aliatuak konbentzitzeko, batez ere frantsesak. Ulertzen dut herrialde guztiek zailtasun askori egin behar dietela aurre, baina guk orain nahi duguna da gehiago egitea».

Halere, Pitri Patel Erresuma Batuko Barne ministroak proposamen bera helarazi zion atzo Frantziakoari, adierazita «eremua segurtatzeko beharrezko» neurriak hartzeko prest daudela: «Bidaia arriskutsu horiek eragotzi behar ditugu. Dei egiten dut nazioarteko ahalegin koordinatu bat egitera». Horrekin batera, agenteak eta zaintzarako teknologia ere eskaini zizkion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.