Klasiko bilakatu da

Javier Urrizak eta Xanti Utergak azken lau urteetan hirugarrenez jokatuko dute elkarren aurka Kutxabank Banakako torneoko finala, etzi
Javier Urriza eta Xanti Uterga, atzo, Galarretan, etziko finalerako pilota aukeraketan.
Javier Urriza eta Xanti Uterga, atzo, Galarretan, etziko finalerako pilota aukeraketan. MAIALEN ANDRES-ORIAMENDI 2010

Julen Etxeberria -

2018ko irailak 6
Erremonteak badu jada beste partida klasiko bat: Javier Urrizaren eta Xanti Utergaren artekoa Kutxabank Banakako torneoko finalean. Iruindarrak eta doneztebarrak hirugarren aldiz izango dute txapela jokoan etzi Galarreta pilotalekuan (17:00, ETB4). Hirugarrenez, azken lau urteetan.

Urrizak irabazi du bietan, erraz antzean bietan: 30-20 duela hiru urte, eta 30-19 iaz. Etzi beste horrenbeste egingo balu, seigarrenez jantziko luke txapela, seigarrenez azkeneko zazpi ekitaldietan —Julen San Miguelek irabazi zion finalean 2014an—. Hala ere, oso urruti luke oraindik Koteto Ezkurraren marka: 11 aldiz izan da txapeldun.

Urriza da faborito, baina, inork zapuz baldin badezake haren asmoa, hori Uterga da. Azken lau urteetan bitan besterik ez du galdu iruindarrak banaka, eta bietan doneztebarraren aurka izan da: 2016an, Masterseko finalean (30-27); eta duela hilabete eskas, aurtengo torneoko ligaxkako lehen partidan (30-27). Sasoi betean dago Uterga, eta txapelketan erakutsi du, hiru partidak irabazi baititu: txapelduna ustekabean harrapatu ondoren, 30-26 nagusitu zitzaion Endika Urrutiari, eta 30-28 Endika Barrenetxeari. Horri esker, ez zuen finalerdia jokatu behar izan. Bai, ordea, Urrizak, eta 30-24 irabazi zion Endikari. Horra iristeko, berriz, 30-27 hartu zuen mendean Barrenetxea IV.a, eta 30-12 Endika. Txapelduna ere sasoiko dago. Beraz, gorputzaldi aproposean dauden bi erremontisten arteko lehia izango da etziko finala.

Atzo egin zuten bat Galarretan, pilota aukeraketan. Ez zen arazorik izan, eta biek topatu zituzten gustuko pilotak. Urrizak biziagoen alde egin zuen.

Konfiantzaz dago Uterga. «Indartsu iritsi naiz, eta gogo handiarekin, ligaxka perfektua egin baitut. Oso gustura ari naiz, eta hori da garrantzitsuena». Argi du txapela irabazteko aukera izan baduela. «Ligaxkan irabazi diot, beraz, irabaz diezaioket. Ezinezkoa dela pentsatuko banu, ez nintzen aurkeztuko. Badakit nire onena ematen badut irabazteko aukera dudala, baina badakit oso zaila ere izango dela». Bien arteko finaletan, sakea erabakigarria izan da, eta zalantzarik ez du oraingoan ere hala izango dela. «Abantaila du horretan, kolpe gogorra baitu. Baina ondo ari naiz errestoan. Ez naiz kikilduko. Ohi baino apalxeago ikusi dut Urriza, eta hori baliatu behar dut. Ezin dut txakalaldirik izan, eta arriskatu egin beharko dut. Hori ez dut aldatuko».

Urrizak, berriz, ez du zalantzarik bere jokoaz. «Pozik nago egiten ari naizen jokoarekin, eta sekulako ilusioa dut». Hala ere, aitortu zuen ez zuela sasoi betean hasi txapelketa eta pixkana egin duela gora. «Finalerdia jokatzeak mesede egin dit. Indarrez eta jokoz larri iritsi nintzen lehen partidara, baina orain askoz hobeto nago». Haren iritziz, final «oso borrokatua eta parekatua» izango da. «Sakea izango da gakoa, eta, gero, oldarkor jokatzea. Kirol honetan, edo eman egiten duzu, edo eman egiten dizute».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna