Kolpea eman nahi du

Bera Berak lehen postua du jokoan gaur, Gaskan, Ro'Casaren kontra. Lehen itzulian, 11 golen aldeaz irabazi zuten donostiarrek: 25-36

Silvia Arderius Bera Berako jokalaria jokoa zuzentzen, Guardesen kontrako partidan. JON URBE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
«Ez da norgehiagoka erabakigarria izango, liga amaitu bitarte talde guztiek izango baititugu partida bihurriak; baina garrantzitsua da, irabazten duenak alde txiki bat izango duelako sailkapenean». Super Amara Bera Berako entrenatzaile Imanol Alvarezek hala definitu du gaur bere taldeak Ro'Casaren aurka Gaskan jokatuko duen ligako partida (20:00, Teledeporte).

Bi taldeak sailkapenaren gorenean daude, 29 punturekin. Elkarren arteko golen aldeagatik dira lider donostiarrak, lehen itzuliko partidan aise nagusitu baitziren: 25-36. Horrenbestez, irabaziz gero, Bera Berak bi puntu eta golen aldea aterako dio Ro'Casari, eta zortzi partida faltako dira liga amaitzeko. Partida horietan, besteak beste Granollers, Aula Valladolid eta Elx izango ditu aurkari zailenak Donostiako taldeak.

Alvarezek argi du gaurko lehiak ez duela zerikusirik izango lehen itzulikoarekin: «Norgehiagoka handia jokatuko genuen, eta dena ondo irten zitzaigun; haiek, ordea, egun txarra izan zuten. Baina hori gutxitan gertatzen da. Gainera, bi taldeak aldatu egin gara. Orduan baino hobeto gaudela esango nuke; bai gu, baita haiek ere». Ro'Casa lehen itzulian baino «konfiantza handiagoarekin» ikusten du: «Taldeak ez du zerikusirik beste aurkariekin, jaurtitzaile oso onak diren bi alboko baititu, eta horrek zaildu egiten du defentsa. Gainera, betiko lehiakortasunari eutsi dio».

Etxetik kanpo, ligako talderik onena da. Bederatzi partida jokatu ditu; horietatik zortzi irabazi ditu, eta bakarra berdindu. Bera Berak, berriz, etxean besteek baino puntu gehiago batu ditu: zortzi lehietatik zazpitan gailendu da, eta bat berdindu du.

Alvarezek nabarmendu du Ro'Casa «sasoi onean» dagoela. Larunbatean, esaterako, 24-18 irabazi zion Bielorrusiako Gomel taldeari, Challenge Kopako final-laurdenetako joaneko lehian. «Ez dut uste pilatutako nekea erabakigarria izango denik, halako partidetan jokalari guztiek beren onena ematen baitute».

Bere taldeari erreparatuz, uste du izaten ari diren «joko eta emaitza bolada ona» baliatu behar dutela. «Ligan, zortzi garaipen daramatzagu erreskadan, eta, Europatik kanpo geratu arren, gai izan gara joko mailari eta lehiakortasunari eusteko, eta horretan segitu behar dugu. Duela aste batzuk sinatuko nuen orain gauden moduan egotea».

Donostiarrak ligan gol gutxien sartu dieten taldea dira: 367 gol; partidako 21,1, batez beste. Alvarezen arabera, defentsan egon daiteke gaurko lehia irabazteko beste gakoetako bat: «Horrek aukera ematen baitigu kontraerasoan korrika egiteko, eta aurkariari presio egiteko». Zaindu beharko dituzten jokalarien artean, hiru nabarmendu behar dira: Haridian Rodriguez, Seynabou Mbengue eta Lisandra Lusson. Taldeko golegile nagusiak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.