Balantza, gorrien alde

Altuna-Galarzak 22-10 irabazi diete Laso-Albisuri, eta sailkapeneko berdintasuna hautsi dute. Urdinek huts anitz egin dituzte hasieratik

Jokin Altuna aurrelaria, atzo, Eibarko Astelenan. Amezketarra nagusi izan zen aurreko aldean. JON URBE / FOKU.
mikel rodriguez
2019ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Partida hasi aitzinetik, sailkapenean berdinduta zeuden bi bikoteak, eta ligaxkako bilakaera ere berdintsua egina zuten, lehenbiziko bi partidak galdu eta hurrengo biak irabazi baitzituzten. Atzo, ordea, balantza argi eta garbi mugitu zen gorrien alde. Altuna III.a-Ladis Galarza nagusi izan ziren kantxan, eta alde handiarekin irabazi zieten Laso-Albisuri, 22 eta 10. Bortzgarren jardunaldia bukatuta, Aspekoak hirugarren dira sailkapenean, Irribarria-Rezustarekin berdinduta. Laso-Albisuk, berriz, Ezkurdia-Martijaren aurka jokatuko dute hurrengo larunbatean; hau da, berriz ere sailkapenean berdindua duten bertze bikote baten kontra.

Eibarko Astelena pilotalekua (Gipuzkoa) goiko hondoraino bete zen Eguberri egunarekin. Huts handiko eta tanto luze gutxiko partida jokatu zuten bi bikoteek. Laso eta Albisu ez ziren batere eroso aritu, eta, behin partidaren haria galduta, ez zuten aukerarik izan suspertu eta gorriei norgehiagoka estu paratzeko. Jokin Altunak ernegatu egin zituen kantxaren aitzineko aldean —partidaren lehenbiziko erdian, gehienbat—, eta Ladis Galarza fin aritu zen gibelean. Huts eta joko trabatuaren adierazgarri, aurrelarien partida bukaerako estatistika: Altunak sei tanto egin zituen, eta lau galdu zituen; Unai Lasok, berriz, bi baino ez zituen egin, eta sei galdu.

Hala ere, partida ezin hobeki hasi zen Asegarceko bikotearentzat, 0-2 aitzinatu baitziren, Lasok sakeari atera zion etekinari esker. Gutxi iraun zien pozak; partidako lehenbiziko tanto luzean, aurrelari nafarrak huts egin zuen, eta 0-2kotik 7-2kora jauzi egin zuen markagailuak. Altuna erabat nagusitu zen jokoaz, eta urdinek bata bertzearen gibeletik kateatu zituzten hutsak. Etendako tanto eta huts anitz egin zituzten bi bikoteek, eta gorriek 12.a egin eta partidako atsedenalditik bueltatu zirenean, hiru tanto jarraian eginda jada buelta emateko zaila zen tartea ireki zuten, 15-6raino. Urdinek birritan baino ez zuten lortu bi tanto jarraian egitea —azkena, 19-8tik 19-10eraino—, eta beharrezkoa zuten mirarizko susperraldia ez zen gertatu.

Partida bukaerako tantoak motelagoak izan ziren —gorriek 18-8koa egin zutenean 219 pilotakada baino ez zituen partidak, eta urdinek 19-10ekoa egin zutenean, hiru tantotan ehun eman zituzten guztira—, baina Altuna-Ladis Galarzak ez zuten arazorik izan norgehiagoka ixteko.

Atzoko partidarekin amaitu zen ligaxkako bortzgarren jardunaldia. Etzi bertan hasiko da seigarrena, Bengoetxea VI.a-Mariezkurrena II.ak Jaka-Zabaletaren aurka Tolosako Beotibarren (Gipuzkoa) jokatuko duten partidarekin —16:30etik aitzinera—. Sailkapeneko zuloan daudenak, liderren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.