Hutserako tarterik gabe

Realak Espanyol hartuko du gaur Anoetan, Espainiako Kopan, eta abantaila hori aprobetxatu nahi du final-zortzirenetarako sailkatzeko

Willian Jose, Raul Albiol Vila-realeko erdiko atzelariarekin lehian, Espainiako Ligako partidan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Kale edo bale. Ez da besterik Realarentzat gaur iluntzean. Txuri-urdinek Espanyol hartuko dute etxean Espainiako Kopako final-hamaseirenetan. Huts egiteko tarte gutxi dute, gainera: azkenaldian kamuts ari dira Espainiako Ligan, eta Kopatik kanpo geratzea bekatu handia litzateke. Hurrengo kanporaketako zozketan ez egotea orban handia litzateke Realarentzat.

Lehen Mailako aurkaria izanagatik ere, etxean jokatzeak eta orain artean erakutsitakoak derrigorrezko bihurtzen dute donostiarrek aurrera egitea. Ligan kolkoa salbatu nahian ari da Espanyol, eta Europa Ligan ere ari da. Kontuak horrela, kataluniarrek, Kopan baino gehiago, beste lehiaketetan dute burua.

Nolanahi ere, lanerako prest egon beharko dute Realeko jokalariek. Abelardoren esanetara aurrerapauso bat eman dute bisitariek, eta maila aldaketa nahitaez nabarituko da. Becerril eta Ceutaren aurka erraz aritu izanagatik ere, aurrera egiteak arerioen maila ere igo egiten du, eta hori kontuan hartu beharko luke Realak.

Joan zen igandean ligan emandako itxura eskasak «min» egin ziela adierazi zuen atzo Imanol Alguacilek, eta partidara gosetuta iritsiko direla ohartarazi zuen: «Jokalariak zelaian ikusteko gogoz nago; azken partidak min egin zigun, eta dena emango dugu zelaian».

Prestatzaile oriotarra lehen taldeko jokalariekin ariko da gaur. Alabaina, zenbait jokalariren hutsunea izango dute gipuzkoarrek, eta, besteak beste, Natxo Monreal eta Miguel Angel Moya faltako dira. Adnan Januzaj ere deialditik kanpo geratu da; baliteke belgikarraren etorkizuna Realetik urrun egotea.

Espanyolek, berriz, ez ditu jokalari guztiak prest izango Anoetan aritzeko. Sebastian Corchia luzaroan egongo da jokatu gabe ebakuntza egin ondotik, eta Esteban Granero Realeko jokalari ohia eta Victor Campuzano deialditik kanpo utzi ditu, arazo fisikoengatik. Baita Sergi Darder eta azken asteetako fitxaketa sonatua ere: Raul de Tomas. Berdin dio, baina; Imanolek uste du kataluniarrak lehiarako prest izango direla: «Abelardorekin hobetu egin dute, eta zaila izango da. Motibatuta ariko dira».

Azken asteetan gorako norabidea hartu nahian dabil Espanyol. Izugarri gaizki hasitako sasoiari iraulia eman nahian zenbait erabaki hartu ditu zuzendaritza batzordeak. Horien artean daude prestatzaile aldaketak eta De Tomasen eta Cabreraren etorrerak, besteak beste. Aldaketek suspertu egin dute taldea, eta aldarte onean iritsiko dira Donostiara, ligako azken jardunaldian Vila-reali irabazi eta gero.

REALA-ESPANYOL
Reala. Remiro; Gorosabel, Diego Llorente, Le Normand, Aihen; Zubeldia, Merino, Odegaard; Portu, Willian Jose eta Barrenetxea.
Espanyol. Prieto; Victor Lopez, Cabrera, Calero, Pedrosa; Victor Sanchez, Iturraspe, Melendo, Vargas; Wu Lei eta Ferreyra.
Epailea. Hernandez Hernandez.
Lekua. Anoeta (39.500 ikusle).
Ordua. 21:00etan (Dazn).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.