Siriako pasabide humanitarioa bertan behera gera liteke

Txinak eta Errusiak betoa jarri diote laguntza ahalbidetzen duen ebazpena luzatzeari

Tanke bat Siriako Idlib probintzian. YAHYA NEMAH / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundeak aste honetarako zuen aurreikusita Siriari laguntza humanitarioa ematea ahalbidetzen dion mugako sistema luzatzea, baina Txinak eta Errusiak betoa jarri diote ebazpenari, eta, ondorioz, bertan behera gera liteke.

Ondorio larriak izan ditzake erabaki horrek. Izan ere, ostirala baino lehen ez bada beste testu bat onartzen —ordura arte dago indarrean egungo baimena—, gelditu egingo dira herrialde horretara zuzendutako euskarri humanitarioak; ia hiru milioi pertsona daude laguntza horien menpe, gehienak estatuaren ipar-mendebaldean.

Hain zuzen, 2014. urtetik ari da NBE Siriako biztanleei elikagaiak eta hornidurak bidaltzen. Hala, mugako bidegurutze horiek irekita mantentzea da erakundearen asmoa, baina munduko bi potentzia horien betoak proiektua gauzatzeko oztopoak sortu ditu. Hori horrela, laster adostasun batlortu ezean, herritarrek bizi duten egoera latza are gehiago okertudezake.

Alemaniak eta Belgikak idatzi zuten herenegun aurkeztutako testua, eta proposamen horrek laguntza humanitarioaren zirkulazioa beste urtebetez luzatzeko aukera jasotzen zuen, Turkiarekin muga egiten duten bi puntutatik, Damascoko agintarien kontroletik pasatu gabe. Ordea, Errusiak, Siriako presidentearen aliatu nagusia denak, atzera bota du proposamena.

Era berean, Moskuk iragarri zuen, haina zuzen, datozen egunetan berak landutako ebazpen propioa aurkeztuko duela: hor jasoko denez, proposatutako bi mugetako bat bakarrik egongo da zabalik, eta soilik sei hilabetez. Hori izango da, hain zuzen, Turkia Idlib probintziarekin lotzen duena, herrialdearen ipar-mendebaldean dagoen Bashar al Assaden aurkako oposizioaren azken gotorlekua.

Erreakzioak

Berehala iritsi ziren ebazpenaren betoaren inguruko erantzunak. Horrela, Kelly Craft AEBek NBEn duten enbaxadoreak Txinaren eta Errusiaren jokabidea gaitzetsi zuen. Siriako herriaren onura kontuan ez hartzea leporatu zien, eta, horren ordez, al Assaden salbazioa bakarrik nahi izatea. Gainera, haren arabera, aurkeztutako ebazpen proiektua ez zen«behar bezain urruti» joan, Irakeko mugan dagoen Al Yarubiyako pasabidea kanpoan uzten zuelako.

NBEn arabera, berez, puntu hori giltzarria da Siriako ipar-ekialderako material medikoa sartzeko. Hala ere, Errusiaren presioen ondorioz, azken ebazpenetik kanpo gelditu zen.

Bi herrialde horiek kritikatu zituen Siriako Koalizio Nazionalak ere, eta haien posizioa «terrorismo politiko antolatua» dela salatu zuen.

Marc Pecsteen de Buytswerve Belgikako enbaxadoreak azaldu zuenez, haiek egindako proposamena «irizpide humanitarioetan» oinarritzen da, eta «herrialdeen jarrera ezberdinen arteko oreka du helburu». Horiek horrela, proiektuarekin aurrera ez egitea deitoratu zuen, nahiz eta laguntza operazioekin jarraitu ahal izateko lanean segituko dutela ziurtatu.

Bitartean, Txinak Siriaren aurkako aldebakarreko zigorrak bertan behera uzteko deia egin zuen, hori gertatzen ez den bitartean herrialdeko egoera humanitarioa ez dela hobetuko esanez.

Estatu Batuek, aldiz, adierazi zuten eurek eta beste herrialde batzuek ezarritako zigorrek salbuespen humanitarioak dituztela, eta bermatzen dutela zibilei ez dietela eragiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.