'Vivaldi'-k partitura osatu du

Ia bi urteren ostean, Belgikak gobernu bat izango du: zazpi alderdik koalizio bat adostu dute

De Croo Flandriako liberala proposatu dute lehen ministro kargurako. S. L. / EFE.
ander perez zala
2020ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Belgika 2018ko abenduan itzuli zen labirinto politikora, Charles Michel orduko lehen ministroaren dimisioarekin. Migrazioaren auziak hautsi zuen garai hartako gobernua, eta, errekor politikoen herrialdean, politikariek berriz gainditu behar izan dute aurrez jarritako marka gobernu berria indarrean jartzeko. 600 egun pasaren ostean, Flandriako eta Valoniako sozialistek, ekologistek eta liberalek koalizio bat adostu dute Flandriako demokristauekin batera: Vivaldi gobernua jaio da, eta partitura osatu du jada.

Gobernuaren izenak musikagilearen lau estazioei egiten die erreferentzia, indar politikoen koloreengatik: gorria, berdea, horia eta urdina. Indar oreka horretan, sozialdemokratak dira lehen indar politikoa (Ordezkarien Ganberako 28 diputatu), liberalen (26), ekologisten (21) eta demokristauen aurretik (12); eskualdeen ikuspuntutik, Valoniakoek izango dute pisu handiagoa, 87 ordezkarietatik 46 baitira hangoak. Agian horregatik proposatu dute Flandriako politikari bat lehen ministro kargurako: Alexander De Croo liberala izango da gobernuburu berria —Michel karguan aurrekoa eta egungo Europar Kontseiluko presidentea Valoniakoa da—, larunbatean Ordezkarien Ganberako bozketa gainditu ostean.

Akordioaren berri atzo emandako agerraldian, De Crook adierazi zuen «denen beharra» izango dutela Belgikako «gizartea berriz funtzionarazteko». Koalizioak adosturiko neurrien artean daude mila milioi euro bideratzea inbertsioetara, eta beste hainbeste behin-behineko neurrietara. Inbertsio horietako zenbait ere aurreratu zituzten: trenbideak, digitalizazioa eta segurtasuna, eta aurrez onartutako zerga digitala Googleren gisako enpresa handientzat.

Orain, koalizioko kideek gobernu berriko karguak zehaztu behar dituzte hurrena. Atzoko ez zuten gobernuaren osaketaren berri eman, baina, hango komunikabideek aurreratu zutenez, Valoniako zazpi ministro izango ditu, eta Flandriako beste hainbeste; agenda sozialari lotutako ministerioak lirateke sozialdemokratenak, eta ekonomikoak liberalenak. Berdeentzat, berriz, energia eta ingurumenarenak.

Aste luzeen eta 21 orduko azken negoziazio egun baten emaitza izan da zazpi alderdien arteko adostasuna, eta nekea nabaria zen atzoko prentsaurrekoan. Horren seinale, De Crook Sophie Wilmes jarduneko lehen ministroari —pandemia kudeatzeko aukeratu zuten, behin-behinean— eskerrak eman zizkionean: «Sophie Wilmes» esan beharrean «Sophie Michel» esan zuen.

Flandriak pisua galdu du

Koalizio horrekin, sozialdemokratak eta ekologistak gobernu federalera itzuli dira, eta kargurik gabe geratu dira N-VA Flandriako nazionalistak, Ordezkarien Ganberan diputatu kopururik handiena duten arren (24). Aurreko gobernuarekin konparatuta, Flandriak pisua galdu du, eta horretaz kexu agertu zen N-VA; koalizioari eskualde horretan «zilegitasun demokratikorik» ez izatea egotzi zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.