Gerra Ukrainan

EBk zigor gehiago ezarriko dizkio Errusiari, «sarraskiengatik»

Butxa herrian 340 zibilen gorpuak aurkitu dituzte kalean. Moskuk ukatu egin ditu akusazioak

Errusiako hainbat tanke, guztiz txikituta, Butxa herrian, Kiev oblastan, Ukrainan. OLEG PETRASYUK / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
EB Europako Batasunak asmoa azaldu du Errusiaren aurka «premiazko» zigor gehiago ezartzeko, Errusiako tropek Kieveko eskualdean eta azken egunotan erretiratu diren beste eremu batzuetan ustez egin dituzten «sarraskien» biharamunean. Hala iragarri zuen atzo EBko diplomaziaburu Josep Borrellek, hedabideentzako agerraldi batean. Ukrainako Gobernuak emandako azken datuen arabera, ehorzketa zerbitzuetako langileek 340 zibilen gorpuak aurkitu eta lurperatu dituzte Butxa herriko kaleetan, Ukrainako hiriburutik gertu, baina oraindik etxe partikularretako lursailetan eta inguruko zelaietan lurperatu dituztenak aurkitzen ari dira, apurka-apurka. «Erantzuleak zigortuko ditugu. Errusia genozidioa egiten ari da», salatu zuen Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik, haserre, herrira egindako bisitan. Kievek NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan aurkeztuko du gaur Butxako kasua.

Moskuk, berriz, ukatu egin zituen akusazioak. «Erabat ukatzen ditugu», esan zuen Kremlineko eledun Dmitri Peskovek, zabaldutako irudi horiek Ukrainako zerbitzu sekretuek antolatutako «probokazio» ekintza bat direla argudiatuta. Gaineratu zuen Errusiak gertakari horiek NBEren Segurtasun Kontseiluan eztabaidatzea galdegin duela; ostera, Kontseiluak ez du onartu Moskuren eskaria.

EBko 27ek, Ukrainari «elkartasuna» adierazteaz gain, gogorarazi dute Kievi frogak biltzen lagunduko diotela, «sarraski horien egileak Nazioarteko Zigor Auzitegira eramateko», Borrellek esan zuenez, EBren izenean egindako adierazpen batean. Horrez gain, nabarmendu zuen Batasunak «erabat» babesten duela Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalak gerra krimenei eta gizateriaren aurkako krimenei buruz hasitako ikerketa, baita OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariaren Ikerketa Batzordearen lana ere. Hain zuzen, Michelle Bachelet OHCHRko goi mandatariak eskatu du «ikerketa independente eta eraginkorrak» egin daitezela Kieveko oblastean zer jazo den jakiteko.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, berriz, adierazi zuen EBk ikerketa talde bat eratu duela Ukrainarekin lankidetzan jarduteko, gerra krimen posibleen eta gizateriaren aurkako krimenen frogak biltzeko.

EBk Errusiari beste zigor sorta bat ezartzeko eskaerak gero eta ozenagoak dira. Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidentea, esaterako, argi mintzatu zen: «Europak Errusiako energia horniduretatik bereizi behar du, eta bonba horiek zeharka finantzatzeari utzi». Frantziako presidente Emmanuel Macronek ere gogor hitz egin zuen Errusiaren aurka, France Inter irratian emandako elkarrizketa batean. Macronek «gerra krimentzat» jo zuen Butxan gertatutakoa, eta Errusiaren aurkako zigor gehiago hartzeko eskatu, «ikatzaren eta petrolioaren sektorea jotzeko». Hain zuzen, Europako Batzordeak Errusiaren aurkako zigorren inguruan eztabaidatuko du datozen egunetan.

Zigorrei erantzunez, Errusiako presidente Vladimir Putinek dekretu bat sinatu zuen atzo, zeinak EBko herrialdeei, Norvegiari, Suitzari, Islandiari eta Liechtensteini bisa emakida mugatzen dien, Errusiaren aurkako «adiskidetasunik gabeko ekintzengatik», Kremlinek ohar baten bidez jakinarazi zuenez. Dekretu horrek ordezkaritza ofizialei eta kazetariei eragingo die.

Gerra frontean, Errusiak atzo iragarri zuen bere soldaduek Ukrainako hamalau helburu militar suntsitu zituztela: besteak beste, bi aginte postu, aireko misilen bi jaurtigailu, bi artilleria armategi, hiru erregai biltegi eta sei gotorleku. Halaber,sei drone jaurti zituzten Mikolaiv, Kherson, Komarivka (Lviv eskualdea) eta Velika Novosilka (Donetsk eskualdea) hirien ondoan. Errusiako tropak berrantolatu egin dira, erasoaldia Donbass eskualdean zentratzeko. Hain justu, Sumi eta Zhitomir eskualdeetatik Errusiako tropak erretiratu direla baieztatu zuten atzo hango agintariek. Halere, Kievek salatu zuen Moskuk Odesari eraso ziola, Ukraina hegoaldean. Bestalde, Txernihiv hiriaren %70 guztiz suntsituta dagoela adierazi zuen hango alkateak.

Ebakuazioa, bertan behera

Ukrainako lehen ministrorde Irina Verextxukek jakinarazi zuenez, bederatzi korridore humanitario ireki zituzten atzo gehien erasanda dauden hirietatik zibilak ateratzeko. Horietako bi Luhanskeko Herri Errepublikan eta Mariupol hirian zabaldu dituzte (hegoaldea) —Errusiako tropek setiatua dute—, hango herritarrak Zaporizhiara lekualdatzeko. Halere, Verextxukek salatu zuen Mariupolgo zibilak erreskatatzeko autobusak ezin izan zirela Ukraina hegoaldeko hiri horretara heldu, Errusiako tropek Nazioarteko Gurutze Gorriaren ebakuazio ahaleginak «blokeatu» zituztela eta. 130.000 biztanle baino gehiago daude urik, janaririk eta gasik gabe, Gurutze Gorriaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.