Uda kutsuko derbia

II. Euskal Herria Txapela izango da jokoan gaur, Irunen, Athleticen eta Realaren artean. Bi taldeak denboraldi-aurrearen erdian dira

Euskal Herria Txapelako garaikurrak, finaleko aurkezpen ekitaldian. GOTZON ARANBURU / FOKU.
2018ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Gaur izango da Realaren eta Athleticen arteko aurtengo denboraldiko lehen derbia ikusteko aukera. Bi taldeak II. Euskal Herria Txapela irabazteko lehian arituko dira gaur, 18:15ean, Irungo Gal Stadiumean (ETB1). Lehen Mailako iragan sasoiko euskal derbietan puntu gehien lortu zuten bi taldeek jokatuko dute finala. Bi taldeek denboraldiko prestakuntzaren erdian jokatuko dute partida, bi aste barru ekingo baitiote ligari. Gaurkoa, ordea, ez da denboraldi-aurreko partida soil bat izango; bi taldeen arteko lehia historikoa kontuan hartuta, derbi bat beti da partida berezia.

Txapela ez da titulu ofizial bat, baina lagunarteko bat baino gehiago da. Jokalariek, ordea,prestakuntza fasean daudela nabarmendu dute aste honetan. Honela mintzatu zen Iñaki Williams Athleticeko jokalaria: «Irabazten saiatuko gara, baina denboraldi-aurrekopartida da; erritmoa hartu eta entrenatzailearen ideiak barneratzeko balioko du».

Uztailaren9an hasi ziren zuri-gorriak entrenatzen, eta denboraldi-aurrean jokatutako partidetan denetariko emaitzak lortu dituzte: bi garaipen, berdinketa bat eta porrot bat. Ez dute gaizki jokatu, baina zalantza ugari sortu dituzte atzeko lerroan, Fulhamen aurka bereziki. Eduardo Berizzok arazo hori konpondu nahi du denboraldia hasterako, baina gaurko partidan ezin izango du erabili Iñigo Martinez erdiko atzelaria, min hartuta baitago.Unai Lopez eta Asier Villalibre ere deialditik kanpo gelditu dira. Raul Garcia, berriz, jokatzeko moduan dago.

Realari dagokionez, denboraldi-aurre txukuna egin dute, uztailaren 7an entrenatzen hasi zirenetik. Ordutik, hiru partida irabazi dituzte txuri-urdinek, bat berdindu eta beste bat galdu.Zaragozaren aurkako porrotak, ordea, azken partidan, zalantzak sortu zituen, defentsan bereziki. Asier Garitanok ere badu, beraz, zer hobetua Vila-realen aurkako ligako debutaren aurretik.

Athleticez gain, liga hasi bitartean Lehen Mailako taldeak izango ditu aurrean Realak. Abuztuaren 8an, Alavesen aurka jokatuko du, Zarautzen; eta, ondoren, Stuttgart eta Friburgo Alemaniako ligako taldeenaurka, abuztuaren 11n eta 12an, hurrenez hurren.

1976ko derbia gogoan

Partidaren aurretik, antolatzaileek ekitaldi berezia prestatu dute1976ko abenduaren 5ean Athleticen eta Realaren arteko derbian ikurrina ateratzea ahalbidetu zuten pertsonak omentzeko. Ohorezko sakea Miren de la Hozek egingo du, berak josi baitzuen egun hartan Atotxara atera zuten ikurrina. Horrez gain, Jose Angel Iribarrek eta Inaxio Kortabarriak jantziko dizkiete txapelak irabazleei: derbi hartan ikurrina atera zuten bi kapitainek.

Antolatzaileek giro ona espero dute Gal estadioko harmailetan, eta, atzorako, salduak zituzten sarreren %60.Zaleek kolorez beteko dituzte harmailak, eta joan nahi duenak oraindik eros ditzake txartelak. Helduen sarreren prezioa 30 euro da; hamasei urtetik azpikoek, berriz, bost ordaindu beharko dituzte. Sarrerak Galeko txarteldegian erosi ahal izango dira, partidaren aurretik, edota goizez Realaren dendetan Donostian, eta Ibaiganeko bazkideen arreta bulegoan Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.