Etxean bezala, inon ez

Alavesek etxean jokatuko du lehen aldiz denboraldi honetan, eta estreinakoa gozoa izatea nahi du. Betis hartuko du Gasteizko taldeak
Dani Torres, Luis Suarezekin lehian, Bartzelonak eta Alavesek Camp Noun jokatutako partidan.
Dani Torres, Luis Suarezekin lehian, Bartzelonak eta Alavesek Camp Noun jokatutako partidan. ALEJANDRO GARCIA / EFE

Eñaut Agirrebengoa -

2018ko abuztuak 25
Etxezale hitzak ondo deskribatzen du Alaves. Izan ere, Arabako taldearen jardunak distira berezia izaten du Mendizorrotzako beroa sentitzen duenean. Zaleen hauspo etengabea akuilurik onena da jokalarientzat; binomio arrakastatsua osatzen dute harmailek eta taldeak. Iragan denboraldian, konexio horretaz baliatu zen Alaves mailari eusteko, eta oraingoan ere beste horrenbeste egiten ahaleginduko da. Babesa ziurtatua du: 17.512 bazkide izango ditu, inoiz baino gehiago. Hori horrela, gaur du zaleei esker ona adierazteko lehen abagunea, Betisen aurka.

Bi taldeek jaso zuten jipoia estreinako jardunaldian, baina mingarriagoa izan zen Betisek pairaturikoa. Levanteren aurka hasi zuen liga, garaipen erosoa lortzeko asmoz. Mukuru bete zen Benito Villamarin, ustez ongietorri festa izan behar zenaz gozatzeko. Haatik, ospakizun oro zapuztu zuen Levantek, 0-3 irabazi baitzuen Jose Luis Moralesek gidaturik. Betisek, beraz, muturreko handia jasota ekin zion sasoiari, eta gaur ildo onera itzuli nahiko du.

Asmo bera du Alavesek, Camp Noun kale egin eta gero. Beti da gogorra 3-0 galtzea, baina ez horrenbeste Bartzelona ligako txapeldunaren zelaian bada. Finean, talde gehienen patua izaten da han astindua jasotzea. Gainera, ondorio baikorrik atera zuen Gasteizko taldeak estreinako partidatik. Ordubete luzez, duin eutsi zien Ernesto Valverderenen erauntsiei. Messik bere mailarik onena eman behar izan zuen arabarren sarea apurtzeko, defentsan hezur gogorra izaten jarraitzen duten seinale.

Ez Pina, ez Calleri

Iragan larunbateko norgehiagokaren antzeko gidoia izango du gaurkoak. Bartzelonaren gisara, Betisek ere baloiaren inguruan eraikitzen du bere jokoa, beraz, partidaren ekimena nekez izango du Alavesek; areago, Pina min hartuta dagoela kontuan izanik. Erdilari espainiarrak zuntz haustura du ezkerreko izterreko bizepsean, eta pare bat astez egon daiteke zelaietatik at. Arabarrek ez dute, oraingoz, beste joko antolatzailerik, beraz, gaur ere lerroak atzean kokatu eta kontraerasora jokatuta saiatuko dira Betisi min egiten.

Gaurko aurkariari loreak bota zizkion atzo Abelardok. Haren hitzetan, «Espainiako Lehen Mailako talderik onenetakoa» du Betisek. Horrekin batera, iragarri zuen gaur ez duela jokatuko Alavesek berriki fitxaturiko Jonathan Callerik. «Goizegi da oraindik, baina jokatzen hasten denean golak sartuko dituen jokalari bat izango da. Brasilen aritu zenetik erreparatzen diot».

ALAVES-BETIS

Alaves. Pacheco; Martin, Maripan, Laguardia, Adrian Marin; Ibai,

Dani Torres, Manu Garcia, Jony; Borja Baston eta Sobrino.

Betis. Pau Lopez; Junior, Mandi, Bartra, Feddal, Francis; William

Carvalho, Guardado, Canales, Boudebuz; eta Loren.

Epailea. Gonzalez Fuertes.

Lekua. Mendizorrotza (19.840 ikusle).

Ordua. 18:15ean (BeIN La Liga).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna