Hirugarrenaren bila

Azken bi partidak irabazi ondoren, aldarte onean iritsiko da Alaves Rayoren aurkako neurketara. Vallecasen jokatuko da partida azkenean

Ibai Gomez, Valladolidi sartutako gola ospatzen. Gol horrek garaipena eman zion Alavesi. NACHO GALLEGO / EFE.
enaut agirrebengoa
2018ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Joko gutxi, puntu asko. Hala laburtu daiteke Alavesek Espainiako Ligako lehen lau norgehiagoketan izandako ibilia. Aparteko distirarik egin gabe, zazpi puntu ditu dagoeneko. Defentsan, geroz eta sendoago dabil, eta, erasoan, etekin handia ari zaie ateratzen kontraerasoei. Espanyolen aurka, Jonyren korrikaldi luze baten ostean iritsi zen garaipenaren gola, eta beste horrenbeste jazo zen iragan jardunaldian, Valladoliden (Espainia). Eraginkortasunaren bidetik irabazi dituzte azken bi partidak gasteiztarrek, eta gaur hirugarren garaipena lotzen saiatuko dira Vallecasen.

Iragan sasoian hamalau jardunaldi behar izan zituen Alavesek orain adina puntu izateko. Orain, gasteiztarrak zazpigarren daude sailkapenean, jaitsiera postuetatik lau puntura. Hala ere, Abelardo Fernandezek ez du nahi taldea bertan goxo gelditzerik. «Sekulakoa da hamabi puntutik zazpi lortu izana, baina dezente hobetu beharko dugu helburua bete nahi badugu». Gabezia handienak sormenaren alorrean izan ditu Alavesek orain arte. Hori konpontzeko giltza Tomas Pinak izan dezake, baina erdilaria oraindik ez da osatu, eta berriz ere deialditik kanpo utzi du Abelardok. Bastonek ere min hartuta segitzen du, Sobrinok ez bezala. Aurrelariak ezin izan zuen azken lehia jokatu, baina, gaur, hasieratik ariko da ziurrenik.

Valladoliden aurka bezala, balio berezia izango dute gaur jokoan izango diren puntuek, Rayo ere aurkari zuzena baita Alavesentzat mailari eusteko lehian.Abelardok garbi ditu Espainiako taldearen indarguneak: «Asko landutako taldea da. Baloia edukitzen saiatzen da, eta, horrez gain, bertikaltasun handia du, guk bezala». Rayok Giannelli Imbula eta Raul de Tomas fitxatu zituen merkatuko azken egunetan, eta bi jokalari horien balioa goratu zuen teknikariak. «Imbulak indar handia eman die zelai erdian, eta Raul de Tomasek, berriz, askoz kalitate handiagoa aurrealdean».

Orain, jaitsiera postuetan dago Rayo, hiru punturekin; hori bai, partida bat gutxiago jokatu du. Vallecas estadioan berrikuntza lanak ari dira egiten, eta itxita izan da abuztuaren 25az geroztik, segurtasun arazoak direla eta. Hala, atzeratu egin behar izan zuten hirugarren jardunaldiko Rayo-Athletic partida. Ordea, buruhaustea bukatu da Rayorentzat, egiaztapen guztiak egin ostean estadioa berriz zabaltzea erabaki baitu Madrilgo erkidegoak. Hala, bertan jokatuko du gaur Alavesek. Abelardoren hitzetan, zelai «berezia» da dimentsio aldetik, baina horrek ez omen du gasteiztarren jokamoldea aldatuko.

RAYO VALLECANO-ALAVES

Rayo Vallecano. Alberto; Advincula, Amat, Abdoulaye, Alex Moreno; Kakuta, Imbula, Elustondo, Alvaro Garcia; Trejo eta Raul de Tomas.

Alaves. Pacheco; Martin, Maripan, Laguardia, Duarte; Ibai, Brasanac, Wakaso, Jony; Calleri eta Guidetti.

Epailea. Cordero Vega.

Lekua. Vallecasen (14.708 ikusle).

Ordua. 13:00etan (BeIN La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.