Postua berreskuratzera

Bidasoak Benidormen aurka jokatuko du gaur, berriz bigarren jartzeko asmoz. Jon Azkuek 100. norgehiagoka jokatuko du Asobal ligan

Jon Azkue gol bat sartzeko ahaleginean, Huescaren aurkako partidan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Aste barruan Logroñok bere lehia irabazi eta gero, Bidasoa hirugarren da sailkapenean. Baina gaur bigarren postura itzul daiteke, Artalekun Benidormi irabazten badio (18:30). Gaurkoarekin, zortzi partida geratuko zaizkio Jacobo Cuetararen taldeari liga amaitzeko, eta atzo Bartzelonak bederatzigarren liga erreskadan irabazi eta gero, lehia estua dago Europarako sailkatzeko beste postuetarako. Izan ere, Logroño bigarrenak 31 puntu ditu, eta Cuenca seigarrenak 28.

Geratzen zaizkien lehiak «final baten parekoak» direla onartu du Cuetarak, eta helburua lortzeko gakoa zein izango den nabarmendu du:«Zaleen artean urduritasuna eta euforia egotea normala da. Baina guk partidaz partida joan behar dugu, eta arreta osoa gure jokoan jarri».

Onartu du lehia horretan «ondoen kokatutako taldea» direla, baina presioa kendu dio taldeari «Ez sartzeak min emango liguke. Baina egiten ari garenaz oso harro egoten jarraituko dugu. Egiten ari garenaz disfrutatzen jarraitu behar dugu».

Gaurko aurkaria, Benidorm, bederatzigarren dago sailkapenean. Urruti ditu bai Europako bai jaitsierako postuak. «Horrekarriskutsuago egiten ditu, presiorik gabeko taldeek hobeto jokatu ohi dutelako». Zupo Ekisoainen taldea, hala ere, oso bolada txarrean dago etxetik kanpo. Urritik ez du lehiarik irabazi bisitari gisa. Frigorificos Morrazoren aurka izan zen: 21-22.

Dena den, ondorengoa ohartarazi du Cuetarak. «Oso talde arriskutsua da, batez ere urrutiko jaurtiketetan asmatzen badute». Norgehiagokaren gakoa defentsako lanean «eroso» egotea dela uste du. «Denboraldi osoan erakutsi dugun sendotasunari eutsi behar diogu, horrek lasaiago jokatzen lagunduko baitigu». Bidasoa da, hain zuzen, denboraldi honetan gol gutxien sartu dioten taldea Asobal ligan: 518 —23,5 partidako—.

Hain zuzen ere. Ekisoainek Irungo taldearen defentsako lana nabarmendu du: «Urrutiko jaurtiketetan ere asko hobetu du. Denboraldiko ezustea izaten ari da. Merezita dago hor».

Lehia berezia izango da gaurkoa Jon Azkuerentzat, 100. partida jokatuko baitu Asobal ligan. Azkuek 2011n egin zuen debuta, Arraterekin.

Bera Berak, bi fitxaketa

Merche Castellanosek eta Silvia Arderiusek kontratua berritu, eta Elke Karstenek eta Judith Sansek segituko ez dutela jakinarazi eta gero, datorren denboraldirako fitxatu dituen lehen bi jokalarien berri eman du Super Amara Bera Berak: Eli Cesareo pibotea eta Maria Prieto O'Mullony albokoa. 20 eta 22 urte baitituzte hurrenez hurren, eta Aula Valladoliden jokatzen ari dira. Bi denboralditarako kontratua sinatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.