Ezinezkoa izan da

Final-laurdenetako partida erabakigarrian galdu egin dute IDK-k eta Gernikak. Gipuzkoarrek luzapena behartu, eta sailkatzear egon dira

Gintare Mazyonite Gernikako jokalaria saskiratze bat egiten ahalegintzen atzo. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Euskal talderik ez da izango Espainiako Ohorezko Mailako kanporaketetako finalerdietan. IDK Gipuzkoak eta Gernikak galdu egin baitzituzten atzo, final-laurdenetako partida erabakigarriak. Oso modu desberdinean esan zieten agur, ordea, sasoiari.IDK-k gertu izan zuen sailkapena. Luzapenean galdu zuen Cadi la Seuren pabiloian: 80-78. Gernikak, aldiz, sasoiko lehiarik kaskarrena jokatu zuen zaleen aurrean, eta 49-75 galdu zuen Valentziaren aurka.

Emozioz betetakoa izan zen IDKren partida. Norgehiagoka handia jokatu zuten Azu Muguruzaren jokalariek, hasi eta buka. Etxekoen baloi irteerari presio handia eginez, eta haien saskiratzaile onena den Andrea Vilaro gertutik zainduz, lehen zatian bikain aritu ziren.

Cadi la Seuk deseroso jardun zuen erasoan, ohikoa duen eraginkortasunik gabe. Hirukoetan ere ez zuen asmatu. IDKri, aldiz, defentsako lan on horrek lasaitasuna eman zion erasoan, aurkariaren saski aurrean baloia pazientziaz mugitu, eta jaurtiketa argiak topatzeko. Hor, Lyndar Weaver aritu zen eraginkorren. 13 puntu sartu zituen lehen zatian —partidan osoan 24—. Atsedenaldian sei puntuko aldea zuenIDK-k: 28-34.Errenta hori izatetik harago, etxekoak 28 puntuan utzi izana nabarmendu behar da, partidako 85 puntu sartu izan baitituzte batez beste denboraldian zehar.

Hirugarren laurdenean 11 puntuko errenta izatera ere ailegatu zen IDK: 30-41. Baina hor agertu ziren etxekoen bi jokalari: Yurena Diez eta Irati Etxarri. Diezek min handia egin zuen erasoan: 25 puntu sartu zituen. Etxarrik, berriz, defentsa ikaragarria egin zuen Weaverren gainean.

Hala, etxekoak aldea murrizten joan ziren azken laurdenean. Partida amaitzeko 18 segundu falta zirenean 65-60 zihoazen aurretik. Lehiak erabakita zirudien. Baina handia egin zuen orduan IDK-k. Iva Brkicen hiruko bati eta Weaverren biko bati esker luzapena behartzea lortu baitzuen.

Luzapenean gipuzkoarrak lehiatu ziren, baina zaleen babesarekin etxekoak gehiago izan ziren. Babes horrek eman zien bost minutu horiek jokatzeko behar zuten indarra. Hori bai, IDK-k ez zuenetsi, eta azkenera arte estutu zuen etxeko taldea.

Gernikak, berriz, ezin izan du estreinakoz finalerdietarako sailkatu. Modu txarrean esan zion agur, gainera, denboraldiari: sasoiko partidarik kaskarrena jokatuz. Hori agerian uzten duen datu argigarri bat dago: lehenengo eta hirugarren laurdenean zortzi puntu baino ez zituzten sartu Mario Lopezen jokalariek.

4-0 aurretik jarri ziren aurretik. Bainahortik aurrera asmatu ezinik eta kontrakarrean aritu zen. Berehala 0-13 partziala sartu zuen Valentziak, eta hortik aurrera historia gutxi izan zuen partidak.

Valentzia eroso aritu zen, Jori Davisek eta Tamare Abaldek gidatuta —16 eta 11 puntu sartu zituzten hurrenez-hurren— nahi bezala jokatu zuen. Atsedenaldian 20-33 zihoazen aurretik, eta partida ia ezinezko jarri zitzaien gernikarrei.

Bigarren zatia lehenengoaren bidetik joan zen, eta bisitariak aldea handituz joan ziren. Etxekoak ahalegindu ziren gerturatzen. Baina berriro ere saskia txiki egin zitzaien. Badira denboraldian zehar ezer ateratzen ez den bizpahiru partida, eta zoritxarrez Gernikariatzoko partida erabakigarrian gertatu zitzaion.

49-75 amaitu zen lehia. Atzokoak, ordea, ez du Europan, eta ligan egin duen bide txukuna ilundu behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.