Ospakizuna biribiltzera

Bidasoak garaipen boladari eutsi nahi dio Txapeldunen Ligan, gaur Lisboan irabazita. Irundarrek 100. partida jokatuko dute Europan

Bidasoako kideak, atzo, Irunen, Lisboara autobusez abiatu aurretik. BIDASOA.
Julen Etxeberria.
2019ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Ehun. Zenbaki biribila da, esanahi handikoa ospakizunetan. Eta halakoa, esanahi handikoa da gaur Bidasoak beteko duen ospakizuna, Irungo (Gipuzkoa) taldeak 100. partida jokatuko baitu Europako lehiaketetan. 1987an jokatu zuen lehena, Gagnyn (Frantzia), Europako Kopan, eta 32 urte geroago jokatuko du 100.a, Lisboan, hori ere Europako kluben arteko lehiaketa nagusian. 99 partida jokatu ditu tarte horretan, hamahiru denboralditan banatuta. Estatistika oso onak lortu ditu, 64 norgehiagoka irabazi baititu, hamar berdindu eta 25 galdu. Bi txapel eskuratu ditu: Europako Kopa 1995ean, eta Errekopa 1997an.

Ospakizuna biribila izatea nahi dute irundarrek, eta horretarako, ez dago ezer hoberik garaipena eskuratzea baino. Irundarren kasuan, gainera, laugarrena litzateke ligaxkan, beste horrenbeste partidatan, eta lau punturen aldea lortuko lukete hirugarren sailkatuarekiko. Hala, multzoko lehen biak kanporaketarako sailkatuko direla kontuan hartuta, egoera oso onean jarriko lirateke. Hala ere, oraindik sei partida jokatu beharko lituzkete.

Bidasoa da multzoko lider, sei punturekin, Savehofekin berdinduta. Hain zuzen, Suediako taldearen aurka galdu du Sportingek ligaxkako lehia bakarra. Azken jardunaldian izan zen, Suedian: 29-24. Aurretik, ordea, portugaldarrek irabazi egin zieten Eurofarm Rabotniki (29-30) eta Tatran Presovi (32-24). Horrek agerian uzten du arerio indartsua dela. Multzoaren zozketa egin zenean, adibidez, Jacobo Cuetara Bidasoako entrenatzaileak esan zuen beste bost taldeak baino «koska bat gorago» dagoela.

Ruesga, Nikcevic, Ghionea...

Talde erdia du kanpokoa: bederatzi atzerritar ditu. Carlos Ruesga erdiko espainiarra, Ivan Nikcevic ezker hegaleko serbiarra —Portland San Antonion aritu ziren biak—, Valentin Marian Ghionea eskuin hegaleko errumaniarra, Edmison Araujo ezker alboko portugaldarra eta Frankis Carlos Marzo pibote kubatarra nabarmentzen dira, besteak beste. Horiek guztiek lauzpabost gol sartu dituzte ligaxkako lehen hiru partidatan. Erasoko jokoa da, hain zuzen, Sportingen indargunea, inork baino gol gehiago sartu baititu ligaxkan, 29 partidako. Aldiz, defentsa du ahulune, 27 gol pasatxo jaso baititu lehiako.

«Oso jokalari indartsuak ditu Sportingek, gihartsuak eta oldarkor jokatzeko aproposak. Cuencaren antzeko taldea da, baita defentsan ere. Beraz, ligako partida prestatuz hau ere landu dugu. Lehia zaila da, baina konfiantzaz gaude. Borrokatzera goaz. Sailkatu nahi dugu», esan zuen atzo Cuetarak. Bidasoan ez dira ariko Paco Barthe, Sergio de la Salud eta Kauldi Odriozola, min hartuta baitaude. Iñaki Cavero Lisboan da, baina ikusteko dago jokatzeko moduan egongo den edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.