Gure Esku-k solasaldi digital sorta bat eskainiko du bihartik aurrera

Orotara, bost mahai inguru antolatuko dituzte, 'Gelditu. Hausnartu. Erabaki' lelopean. Elikaduraz, kulturaz eta abarrez eztabaidatuko dute

Gure Esku-k egindako azken agerraldia, martxoaren 11n. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Erredakzioa
2020ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Koronabirusak eragindako osasun krisiak jarduna egokitzera behartu ditu eragile gehienak, eta baita Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika ere. Testuinguru horretan, Gure Esku-k Gelditu. Hausnartu. Erabaki izeneko solasaldi digitalen ziklo bat martxan jarriko du bihar.

«Bizi dugun osasun krisiak salbuespenezko egoera batera eraman gaitu; gure gizartearen indarguneak nahiz ahuleziak muturrera eraman eta azalera ekarri ditu. Hamaika auzi zeuden mahai gainean krisi honen aurretik ere, baina ezin uka egoera honetan gai askok eta askok esanahi berezia hartu dutela», nabarmendu dute.

Bihar, 19:00etan, Garbiñe Ubeda idazlea eta Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria, Gotzon Barandiaran idazlea eta kulturgilea, eta Hedoi Etxarte idazlea eta Katakrak liburu dendako kidea Kultura: apustu egiteko garaia gaiaz arituko dira.

Apirilaren 28an, berriz, Mario Zubiaga politologo eta Gure Esku-ren Zuzendaritza Kontseiluko kideak eta Xabier Barandiaran soziologo eta Gipuzkoako Foru Aldundiko estrategia arduradunak Espazio publikoaren itxiera izango dute mintzagai.

Apirilaren 30ean, gobernantza ereduaz arituko dira Jaume Lopez irakaslea eta Zelai Nikolas legelaria. Maiatzaren 5ean elikadura eta kontsumoa izango dute mintzagai Gotzone Sestorain Zabaletak (Etxalde) eta Mirene Begiristain Zubillaga ekonomialariak, eta maiatzaren 7an sistemaren krisiaz arituko dira Amaia Perez Orozko ekonomialaria eta Jule Goikoetxea filosofo politikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.