Txapelduna faltako da

Erik Jaka perikarditisak jota dago, eta lau eta zortzi aste bitartean beharko ditu osatzeko. Beraz, ezingo dio eutsi iaz irabazitako buruz buruko txapelari

Erik Jaka, haserre, Binakako Txapelketako partida batean. GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Erik Jakak ezingo du buruz buruko txapela defendatu. Lizartzako (Gipuzkoa) aurrelaria perikarditisak jota dago, eta, medikuen arabera, lau eta zortzi aste artean beharko ditu osatzeko. Jaka igande arratsaldetik dago ospitalean, Bilbon, IMQ Zorrotzaurre klinikan, Miribillako jaialdiko lehenbiziko partida jokatzen ari zela ondoezik sentitu zenetik. Mina sentitu zuen bularraldean, eta horrek arnasa hartzea zaildu zion. Zorabiatu eta guzti egin zen. Hala ere, saiatu zen jokatzen, baina, hobera egin beharrean, okerrera egin zuen. Hori ikusita, neurketa bertan behera uztea erabaki zuen. Handik gutxira, anbulantzia batean zegoen, klinikarako bidean, probak egin ziezazkioten. Han dago ordutik. Ondo bidean, gaur emango diote sendagiria, eta etxera itzuliko da.

Baina Banakako Txapelketa asteburu honetan bertan hastekoa da —gaur aurkeztuko dute, Donostian, Kursaal jauregian—, eta, txapelduna izanda Jakak datorren astera arte jokatu behar ez zuen arren, lesioak txapelari eusteko aukerarik gabe utzi du. Kolpe latza da: batetik, iaz egindako lan bikaina errepikatzeko aukerarik gabe utzi du; bestetik, kolpe batez apaldu zaio Baikorekin sinatzeak eragindako ilusioa. Lehen txapelketa jokatuko zuen Aspe utzi eta Baikora joan denetik. Hain zuzen ere, Baikoren elastikoa jantzi duen aurreneko egunean hartu du min. Nekez izan zezakeen estreinako okerragorik.

Enpresak jada jakinarazi du nor ariko den haren ordez: Axier Arteaga. Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) aurrelariak galdu egin zuen Baikoren atarikoa Iñaki Artolaren aurka (22-2), baina Jakaren lesioak buruz burukoaren atea ireki dio berriz ere. Jaka zerrendaburua izango zen, eta, ziurrenik, Mikel Urrutikoetxeak beteko du haren tokia final-laurdenetan. Urrutikoetxeaz gain, Oinatz Bengoetxea, Jon Ander Peña, Asier Agirre, Artola eta Arteaga ariko dira Baikorekin. Aspen, berriz, ziur dira Jokin Altuna, Joseba Ezkurdia, Danel Elezkano, Dario Gomez eta Jose Javier Zabaleta. Beñat Rezusta edo Peio Etxeberria ariko den argitzea baino ez da falta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.