Bidea egiten segitzera

IDK-k eta Gernikak ligako lehiak dituzte gaur. Gipuzkoarrek Zaragoza hartuko dute Gaska pabiloian, eta bizkaitarrek Valentzia, Malosten

IDK-ko eta Gernikako jokalariak, lehian, elkarren artean jokatutako derbian. GORKA RUBIO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
IDK Euskotrenek eta Lointek Gernikak ligako partida dute gaur. Kutxabank Araski ere gaur jokatzekoa zen. Baina, Cadi la Seun izandako COVID-19 kasuengatik, partida atzeratu egin behar izan dute. Bai gipuzkoarrek, bai bizkaitarrek lortua dute denboraldiko lehen helburua: Espainiako Koparako sailkatzea. Baina pausoak ematen jarraitu nahi dute bigarrenari begira: Ligako kanporaketetarako sailkatzea.

IDK-k Zaragoza hartuko du Gaskan (19:30). Bi asteko etenera sasoi betean joan zen Azu Muguruzaren taldea, lau garaipen segidan lortuta.«Nire ustez, denboraldi honetan etenak luzeegiak dira. Bi aste eta erdi lehiatu gabe egotea gehiegizkoa da. Ez digu mesederik egin. Aurreko geldialdia ere ez zen ona izan guretzat», adierazi zuen partida atariko prentsa agerraldian Muguruzak.

Gipuzkoarrek adiskidantzazko neurketa bat jokatu zuten iragan asteburuan Tarbenesen kontra, eta hamasei punturen aldeaz galdu zuten: 66-50. Muguruzak ez zuen taldea «ondo» ikusi norgehiagoka horretan. «Egia da adiskidantzazko partida bat zela, eta lan fisko handia egitetik gentozela. Baina ez nuen taldea etenaren aurretik bezalako jokoz eta intentsitatez ikusi».

Baina espero du egun hauetan berreskuratuko zutela. «Horretarako egin dugu lan. Datozen hamar egunetan lau partida jokatu beharko ditugu, eta prest egon behar dugu. Izan ere, gu ez gaude ohituta horretara. Funtsezkoa izango da indarrak ondo berreskuratzea».

Aurkariaren inguruko azterketa hau egin zuen: «Sasoikoen dauden taldeetako bat da; sei garaipen daramatza segidan. Jakitun gaude partida zaila izango dela, nahiz eta gu ere ondo egon».Lara Gonzalez IDK-ko kapitain ohia Gaskara itzuliko da Espainiako taldearekin.

Gernikari dagokionez, kolpea hartu zuen larunbatean, Cadi la Seuren pabiloian COVID-19agatik atzeratuta partida galdu ostean. Porrot horren ondorioz, Mario Lopezen taldea ez da zerrendaburu izango Kopako azken fasean—asteartean egingo dute zozketa—.

Baina burua altxatzea baino ez zaie geratzen bizkaitarrei. Haatik, ez dute horretarako aurkari aproposa: Valentzia. Herrialde Katalanetako taldea bigarren dago sailkapenean. Jokatutako hemezortzi partidetatik hamalau irabazi ditu, eta lau baino ez ditu galdu.Gainera, gaurko neurketari begira funtsezko jokalarietako bat berreskuratu du: Bec Allen. Lehia Malosten jokatuko da (18:00, Teledeporte).

Roso Bochek onartu du Cadi Seuren aurka ez zutela partida ona egin: «Baina ondo eta gogor ari gara lanean, eta espero dugu hori kantxan erakustea. Beti da motibagarria halako talde handi baten kontra jokatzea».

Itziar Ariztimuñok sasoi osorako min hartu eta gero, joko-antolatzaile postuan gehiago aritzea egokituko zaio. «Asko antzemango dugu Itziarren hutsunea, garrantzi handiko jokalaria baita. Baina ohituta nago postu horretan egotera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.