OMEk dio Txinako ZIUak betetzen ari direla COVID kasuen goraka dela eta

Osasun erakundeak Pekini eskatu dio «datu zehatzak» publikatzeko. Ziurtatu du txertatzea dela omikron aldaerari aurre egiteko bidea

Herritar bat osasun langile bati kontsulta bat egiten, Txinan. ZOU JINGYI / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Txinak COVID-19ari aurre egiteko azken hiru urteetan ezarri duen estrategia errotik aldatu eta bi astera, koronabirusaren positibo kasuak kolpetik ugaritu dira herrialdean. OME Osasunaren Mundu Erakundeak kontraesan bat nabarmendu du, ordea. «Txinan ZIUetako [zainketa intentsiboetako unitateetako] kasu erlatiboki gutxi jakinarazi dituzte, baina ZIUak betetzen ari dira», adierazi zuen herenegun Michel Ryan OMEren larrialdietarako buruak.

Ryanen iritziz, koronabirusaren hedatzea geldiarazteko «ez dira nahikoa osasun publikoa eta neurri sozialak». Txertatzeak areagotzea da, haren esanetan, «omikronari izkin egiteko estrategia eraginkorra». OMEren ordezkariak adierazi du Txinak handitu egin duela txertatzeen kopurua azken asteetan, baina oraindik beste herrialde batzuen atzetik da arlo horretan. Datu ofizialen arabera, herritarren %58k errefortzu txertoa hartu dute, eta proportzioa %42koa da 80 urtetik gorakoen artean, hain justu birusaren aurrean zaurgarrienak direnen artean.

Txinak COVID-19aren kontrako bederatzi txerto ditu erabilerarako onartuta, baina eraginkortasun txikiagoa dute beste herrialde askotan erabiltzen diren mRNA txertoek baino.

Alemaniako Gobernuak teknologia horretan oinarritutako BioNTech enpresaren txerto sorta bat bidali du Txinara, hasieran han bizi diren Alemaniako herritarrak txertatzeko. Txinan banatuko den atzerriko lehen txerto sorta izango da.

Protestak piztu ziren azaro amaieran Txinan, koronabirusaren kontrako zero COVID politikak salatzeko. Murrizketa neurri zorrotzak malgutzen hasi zenduela bi aste, mobilizazioen ondorioz. Arintzeak positibo kasuen gorakada eragin du, ordea.

Zenbait ospitalek ohartarazi dute presioak gora egin duela, eta ehorztetxeetako eta errausketa labeetako langileek ere adierazi dute lan karga handitu zaiela, nazioarteko hainbat hedabidek jaso dituzten lekukotzen arabera.

Hori dela eta, Indiako Gobernuak iragarri du koronabirus testak egiten hasiko dela, ausaz, bere aireportuetara iristen diren atzerriko bidaiariei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.