Tanto bat gehiago

Emakume Master Cupen lau eta erdiko txapelketan izena emateko epea zabaldu dute, urriaren 7ra arte. Finala Azkoitian jokatuko dute

Iker Amarika, Leire Etxaniz eta Gentzane Aldai pilotariak eta Jose Ramon Taranko, atzoko aurkezpenean. L. J. / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Pixkanaka baldin bada ere, frontoietan emakumeek tanto gehiago egiten dituzte. «Aurten, udan, 20-30 partida jokatu ditut; jokatzen ari garen txapelketa hauekin partida gehiago ateratzen ari dira», azaldu zuen atzo Leire Etxaniz pilotariak. Uda betea izan du aurtengoa, lau torneo jokatu, eta laurak irabazi baititu: Getariakoa, Añorgakoa, Bergarakoa eta Burlatakoa. Emakume Master Cupeko lau eta erdiko txapelduna izan zen iaz, eta baita binakakoa ere. Eta atzo aurkeztu zuten lau eta erdiko txapelketan gainditu beharreko lehiakidea izango da pilotari denentzat.

Bigarren urtez jarraian jokatuko dute Emakume Master Cupeko lau eta erdiko txapelketa. Atzo aurkeztu zuten, eta bertan izena emateko epea zabalik dago urriaren 7ra arte. Joan den urtean bezala, txapelketa irekia izango da, eta ez da beharrezkoa izango federatua egotea. Iker Amarika Emakume Master Cupeko zuzendari teknikoak azaldu zuenez, oraindik ez dakite zenbat pilotarik hartuko duten parte, eta horren arabera joango dira zehazten txapelketako jaialdien data eta lekuak. Hala ere, argitu du finalerdiak Amezketan jokatuko direla, eta finalak, berriz, Azkoitian. Horietarako data ere zehazteko dagoela azaldu zuen, ETBk partidak zuzenean emango baititu, eta programazioaren arabera finkatuko baitituzte egunak. «Finala eta finalerdiak Gipuzkoan jokatuko direnez, sailkapen faseetako partidak Bizkaian jokatuko» direla argitu zuen, baina ez dute ezer zehaztu.

Aurtengo parte hartzea oraindik zehaztu gabe dago; joan den urtean, 80 pilotarik eman zuten izena txapelketan. Amarikak ez zuen zehaztu kopuru horretara iristea ote den euren helburua, baina argitu zuen interesa badagoela. Atzo eguerdirako hamabi pilotarik izena emana zuten txapelketan, esaterako. Eta parte hartzaileen jatorriari buruz, gehienak euskal herritarrak izango diren arren, iaz bezala Daniela Vargas mexikarra ere bertan izango da. Horrez gain,antolatzaileek aurreikusi dute pilotariak Bartzelonatik, Valentziatik eta Zaragozatik ere etorriko direla. «Badakigu pilotari batzuei kosta egiten zaiela buruz buru jokatzea, baina, era berean, jokalari hobeak daude».

Etxanizek berak ere hala nabarmendu zuen: «Maila handia egongo da, eta saiatuko naiz berriro irabazten; urteak aurrera joan ahala, jende gehiago dabil entrenatzen, eta horrek hobekuntza dakar; polita da hori». Azken finean, binakako txapelketak eta lau eta erdiko honek «urte osoan aktibo egoteko aukera» ematen diete pilotariei, eta horrek maila hobetzea dakar. Horregatik, aurtengo lau eta erdiko txapelketari «ilusioarekin» helduko diola azaldu zuen iazko txapeldunak. Adierazi zuen binakako eta lau eta erdiko finalekin Sopelako frontoia eta Eibarko Astelena bete ziren bezala«polita» izango dela Azkoitikoa ere berriz betetzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.