Garesti dago sendagaia

Aste mugituari erremedioa jarri nahi dio gaur Athleticek, Atletico Madrilen zelaian irabazita. Ligan, partida bakarra galdu dute etxekoek

Eduardo Berizzo, atzo, Lezaman. MIGUEL TOÑA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Athletic ez dago bere sasoirik onenean. Ondoezak jota iritsi zen astelehenean Espanyolen zelaira, eta are gehiago hoztu zen han, 1-0 galduta. Gaixoaren traza hartuta, entrenamenduetan bere onera itzuli nahian aritu da. Josu Urrutiak hauteskundeak deitu izanak taldetik aldendu du fokua, baina erremedioa ez zaio iritsi. Madrilera joko du gaur haren bila, eta bertako farmazia garestienera sartuko da, sendagaia eskuratzeko. Botika ez dago merke han; farmazialariari kosta egiten zaio sendagaia ematea, eta joan baino okerrago itzultzen dira asko.

Wanda Metropolitanoan jokatuko dute zuri-gorriek, Atletico Madrilen zelaian. Ligako indartsuenetakoa da Diego Simeoneren taldea. Laugarren dago, baina badago datu bat taldearen maila agerikoago uzten duena: partida bakarra galdu du, Celtaren aurka, eta irailaren lehenean izan zen hori. Ordutik, bost garaipen eta bost berdinketa erdietsi ditu.

Horrez gain, Atletico Madrilek etxean erakutsitako mailak ez du errazten bilbotarren jarduna. Bere zelaian gol bakarra jaso du sasoi honetan -Eibarrek sartu zion-,eta estadio berrian ligako partida bakarra galdu du hura estreinatu zutenetik. Maiatzean izan zen, Espanyolen aurka (0-2).

Nolanahi ere, Simeoneren taldeak gorabeherak izan ditu azken egunetan. Azken astean zazpi jokalarik izan dute arazo fisikoren bat, eta haietako batzuek ezingo dute jokatu gaur. Arazoak arazo, oso aurkari arriskutsua da. Estatistikak ere oso alde ditu Atletico Madrilen: hamasei aldiz jokatu dute elkarren aurka Espainiako taldeak eta Athleticek Simeone aulkian denetik, eta behin bakarrik irabazi dute bilbotarrek, eta beste bitan berdindu. Hamahirutan nagusitu da Atletico Madril.

Zaila, eta gogorra da gaurko partida, baina nahitaez emaitza onak pilatzen hasi beharra dauka Athleticek. Horren inguruan mintzatu zen Markel Susaeta kapitaina herenegun: «Badakigu nolako taldea den larunbateko arerioa. Gu behean gaude eta berdin zaigu noren aurka jokatzen dugun. Dena ematen badugu, puntuak lortzeko aukera izango dugu».

Izan ere, pizgarri baten beharrean dago Athletic. Sailkapenaren zuloan daude bilbotarrak, 17. postuan, jaitsiera postuetatik puntu bakar batera. Lehen jardunaldian Huescari irabazi zionetik garaipenik lortu gabe daude, eta horrek kolokan jarri du Eduardo Berizzo bera ere.

Berizzo: «Baikorrak gara»

Entrenatzailea, hala ere, gogotsu dago, eta baikor. «Baikor gara, uste dugu hobetzen ari garela. Partida bakoitza bide horretan beste pauso bat emateko aukera da», esan zuen atzo. Gaurko partidarako, «funtsezkotzat» jo zuen «zelai erdian sendo» aritzea. «Baloia izan behar dugu, eta aurrera egin, eta ahal dugun min gehien egin. Deseroso egon behar dute».

Urrutiaren erabakiaz, berriz, Berizzok esan zuen «konforme» dagoela, presidenteak esan ziolako onena zela beretzat eta klubarentzat. Horren harira, eskertu egin zuen Urrutiak beretaz esandako hitz onak.

Teknikari argentinarrak zenbait jokalari faltako ditu gaurko: zigortuta dago Dani Garcia, eta lesionatuta Yeray Alvarez. Entrenatzaileak berak jakinarazi zuen Unai Nuñezek jokatuko duela defentsaren erdian. Aldiz, osatuta dago Raul Garcia, eta berri ona da hori, taldeak haren beharra baitu.

ATLETICO MADRIL-ATHLETIC

Atletico Madril. Oblak; Juanfran, Godin, Montero, Filipe Luis; Thomas, Rodrigo, Saul; Correa, Diego Costa eta Griezmann.

Athletic. Herrerin; De Marcos, Unai Nuñez, Iñigo Martinez, Yuri; San Jose, Beñat, Mikel Rico; Williams, Aduriz eta Susaeta.

Epailea. Sanchez Martinez.

Lekua. Wanda Metropolitano (67.829 ikusle).

Ordua. 18:30ean (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.