Askotarikoa izan da uzta

Lisaboren 'Eta edertasunaren lorratzetan biluztu ginen' eta Izaki Gardenak-en 'Dena oskol' nabarmendu dituzte BERRIAko kritikariek 2018ko musika eskaintzan. Aukeratu dituzten beste hamaika proposamenek euskal musikaren izaera plurala azpimarratzen dute.
Lisabo taldeak abenduaren hasieran atera zuen bere azkeneko diskoa.
Lisabo taldeak abenduaren hasieran atera zuen bere azkeneko diskoa. GALDER IZAGIRRE

Mikel Lizarralde -

2019ko urtarrilak 4
Zazpi urteren ondoren itzuli da Lisabo taldea disko berri batekin, eta diskografia sendoan beste ale bat jarri du Izaki Gardenak-ek 2018an. Bi disko horiek nabarmendu dituzte BERRIAko musika kritikariek iazko uztatik, baina ez dira bakarrak.

IHINTZA ORBEGOZO Musika kritikaria

EUSKAL HERRIKOAK

Lisabo. Eta edertasunaren lorratzetan biluztu ginen (Bidehuts)

Ia urtea amaitzear dela eta sorpresaz harrapatu gaitu Lisaboren lan berriak. Eta nik benetan eskertu dut irundarren musika txutea, lehen aldiz entzuteaz bat konturatu bainintzen zenbat sumatzen nuen haien falta. Zarataren filosofian aitzindari izan dira gure herrian, eta, lan honekin, oraindik maisulanak egin ditzaketela erakutsi digute, Euskal Herriko post-hardcore gordinean erreferentzia izatea mantenduz. Burrunbak ere emozioak pil-pilean jartzeko ahalmena duen adierazgarri garbia; azken finean, Lisabo da, dakitena ongi egin eta euren onena azaleratzen.

Montauk. Geruzak (Erraia)

Kasualitatez ezagutu eta ordutik gehien entzun dudan diskoetako bat izan da. Lana osotasunean da borobila; baina abestiak banaka entzunda ere, ezin ederragoak dira. Goxoa bezain iluna, patxadaz tartetxo bat hartu eta entzutekoa da gasteiztarren bigarren disko hau, sortzen dituzten atmosferetan murgildu eta geruza horietan ageri zaizkigun detaile guztiez gozatuz. Urteak eman duenaren artean ezinbesteko bat.

Madeleine. Su hura (Egilea editore)

Asko dira arriskatu eta zerbait berria asmatzen saiatzen diren taldeak; baina saltoa handia denean, ez da beti nahi bezalako emaitza izaten, eboluzio hori naturala ez izatea gerta baitaiteke. Beste batzuetan, berriz, gerta daiteke garapen logiko gisa agertzea eta aldaketarekin asmatzea, Madeleine taldearen kasuan bezala, ezer berria asmatu ez badute ere euren izaeraren baitan soinua berrasmatu egin baitute.

NAZIOARTEKOAK

Rosalia. El mal querer (Sony)

Honek ere lehen diskotik bigarrenera egindako aldaketa nabarmena izan da, flamenko disko hartatik aldendu eta, oraingoan, hura oinarri izan arren, rap, elektronika eta beste hainbat estilorekin fusionatu baititu. XIII. mendeko liburu batetik sortu du lana, eta abesti bakoitza liburuko kapitulu batean oinarritua izanik, Erdi Aroko maitasun istorio toxiko bat flamenko eta gaur-gaurko doinu berritzaileekin nahastu du, disko ezberdin baina borobil bat osatuz.

Cloud Nothings. Last Building Burning (Carpark Records)

Behin baino gehiagotan aipatu dut disko honetako abesti bakoitza eraikin bati erretzera doan tanke batek eraso egitea bezala dela, eztanda eta guzti. Disonantziaz beterik, zati instrumental luzeak errepika itsaskor eta melodikoekin nahasten dira. Last Building Burning-en, Cloud Nothingsek dena kendu ondorengo lan baten bere bertsioa eskaini du. Gerrikoak askatu, hatzak atera eta, beharbada, ilargiari ulu batzuk egin dizkiote, baina mundu hain interkonektatu batean guztiari zentzua eman nahian.

JULEN AZPITARTE Musika kritikaria

EUSKAL HERRIKOAK

Izaki Gardenak. Dena oskol (Erraia)

Sorpresa ederra hartu dut Izaki Gardenaken lan berriarekin; batez ere, haien ohiko diskurtsotik aldentzeko ausardia erakutsi dutelako gasteiztarrek. Norabide aldaketa horretan erabakigarria izan da Raul Perez ekoizlearen lana (Pony Bravo, Maika Makovski, Guadalupe Plata), konponketetan, eta oro har diskoaren giroan, bestelako paisaiak begiztatzen baitira: rock gordinagoa, soula eta psikodelia. Horrekin batera, Liberen teklatuak eta koruak azpimarratu nahi ditut, bikain enpastatzen baitira kantu guztietan. Eta emaitza klasikoa da, taldearen betiko zantzuak oraindik nabaritzen baitira, baina detaile garaikideak gailentzen dira, aurtengo euskal diskorik interesgarrienetarikoa bihurtu arte.

Lisabo. Eta edertasunaren lorratzetan biluztu ginen (Bidehuts)

1990eko hamarkadako post-hardcorea erabat agortutako estiloa begitantzen zait, agian bere garaian goizegi desengainatu nintzelako. Bidasoa aldeko piztia lokatzetatik altxatzen denean, haatik, oraingoan zazpi urte igaro eta gero, estilo horrek bestelako dimentsioa hartzen du, haien proposamenean askotariko osagaiak biltzen baitira, diskoa arretaz entzunez gero: Sonic Youthen itzala eta free-jazz tantak, besteak beste. Hartara, Eta edertasunaren... Lisaboren lanik onenetarikoa da inondik ere. Batzuetan sotila, bestetan basatia, ñabarduraz josita dago, eta Martxel Mariskalen hitzek inoiz baino protagonismo handiago hartu dute nire entzunaldietan: «Ez dut zuen iraultzan sinesten, banoa Les Fleurs du Mal irakurtzera, erbestea etxean hasten da».

Nizuri Tazuneri. Zazpi (Taupaka Elkartea)

Ez ditut menderatzen egun hiri estilotzat jotzen diren erritmoak: trap, rap, reggaeton, ragga-jungle eta abar, zeintzuk orain arte esklusiboki indie doinuekin betetzen ziren aldizkari eta jaialdietan ere agertzen ari diren, ikus-entzule gazteak erakartzeko asmoz. Bada, gure hiri eszenan ere gauza interesgarriak gertatzen ari dira aspalditik; tartean, Nizuri Tazuneri bikotea. Haien proposamenaz tutik ere jakin gabe, haren grabazioetan beti nabaritu dut melodia ederrak josteko gaitasuna. Melodia zamatsuok, gainera, hazi egin dira grabazio honetan, ekoizpen lodiak tarteko. Kantuetan aldaketa txiki baina esanguratsuak ere txertatu dituzte, doinuen egiturak erakargarriagoa egiteko, eta ahots, hitz eta hizkuntzak zukutzeko duten abileziak argiaren abiadura zeharkatzen du: «Ez gara Hitler ez gara Bakunin, solo somos suspiros de un peta de polen».

Bonus track: 2019an euskaraz eginiko kanturik onena, Behiaren begirada (Vulk, Ground for dogs).

NAZIOARTEKOAK

Rolling Blackouts Coastal Fever. Hope Downs (Sub Pop)

Boskoteak hamar doinu bildu ditu diskoan, Zeelanda Berriko eta Australiako poparen eztitasun artegagarriarekin eta AEBetako indie-rock klasikoaren garrarekin idatziak; hain justu, hiru dira kantuak idazten dituzten kideak, Tom Russo, Frak Keney eta Joe White, eta egiletza zabal hori nabaritzen da diskoan, doinuok oso ezberdinak baitira haien artean. Horrek hasieran entzulearengan zalantzak sor ditzake, baina bigarren entzunaldirako jabetzen da pieza guztiak bikain lotzen direla, bata bestearen atzetik, Pixiesen diskoak estreinakoz entzundako garaietaraino bidaiatu arte. Horrelako kantu sortarik oso lantzean behin aurkituko duzue disko berean.

The Goon Sax. We're Not Talking (Wichita)

The Go-Betweenseko Robert Forsterren semearen taldeak argitaratutako estreinako lana izugarri gustatu zitzaidan, pop nerabea haizatzen zuten karamelu xaloekin osatutako lana izan baitzen. Bigarren honek pop disko bikaina da oraindik ere, baina hirukote australiarrak askoz baliabide gehiago erabili ditu grabazioan: perkusioak, oinarri elektronikoak, post-punk arrastoak, haize eta soka konponketak eta Velvet Undergrounden ondarea. Bigarren etapa honetan, halaber, hiru taldekideek idatzi eta abesten dute, eta horrek ere proposamenaren heterogeneotasuna handitu du. Emaitza erabat gozagarria da, patxadaz hartuz gero. Hirugarren diskoa bikaintasunera iritsiko da.

ANDONI TOLOSA Musika kritikaria

EUSKAL HERRIKOAK

Izaki Gardenak. Dena oskol (Erraia)

Disko bikaina egin du Jon Basagurenek, pop-rock lan garden eta dotorea, nahiz eta, hainbat unetan, ez falta gasteiztarrarekin, nahitaez, lotu beharreko tentsio rockero hori. Ez da oso nabarmena, baina aski da gitarrak jarraitzearekin konturatzeko. Hitz barnerakoiak eta kantu melodikoak, erritmo ertain horietan ederki mugitzen direnak.

Broken Brothers Brass Band. Txertaketa (Gaztelupeko Hotsak)

Gorako bidean jarraitzen dute Iruñekoek. Ildoa landuz sendoaren hurrengo urrats honek are talde egituratu eta indartsuagoa erakutsi digu. New Orleanseko brass banden estiloan musika beltz ugari uztartzen dute kale-musika festa ederrak antolatzeko. Dena dela, esan daiteke, generoari dagozkion ezaugarriez gain, gero eta presenteago daudela bere jatorriaren berri ematen duten eraginak. Horrek eman die hazteko bide, eta nabaritzen da.

Kau Kori Kura. Gaur ni bihar zu (Argitalpen digitala)

Umorea gutxi jorratutako balioa bada gurean, are gutxiago izpiritu pop horrekin landutakoa. Eskerrak Goierrikoak egoskorrak diren, eta, berriro ere, harribitxi atenporal batzuez jantzitako lana kaleratu duten. Geure buruari, munduaren gorabeherei, jendarte normalizatuari barre egiteko moduko kantu-sorta argi eta zorrotza da. Hitz argiek ez dute, ordea, estaltzen melodia pop sinple baina ederrak sortzeko duten trebetasuna. Ongi etorri lelo itsaskorren mundura.

NAZIOARTEKOAK

Moussu T e Lei Jovents. Operette, Volumen 2 (Manivette)

Duela hamahiru urte, sortu zutenean, nork esan talde honek hain ibilbide oparoa egingo zuenik. Hamar diskorako eman die Marseillako herri musikaren berrirakurketa jostalari baina fidela egiteak, eta, azken honen maila ikusita, uste dut badutela oraindik zer esateko. Are gehiago, esango nuke hobeto moldatzen direla horrelakoetan, rock eta antzeko musiketara hurbiltzen direnean baino. Esperientzia badute, Massilia Sound System taldeko Tatou eta Bluk sortutako taldea da, eta sumatzen zaie. Asko, gainera.

Salif Keita. Un Autre Blanc (Naive)

Hau omen du azken diskoa afrikar musiken kondaira bizia denak, eta ate handitik ateratzeko moduko lana egin duela esan behar. Dozenaka disko egin ondoren, erabat agortua zirudien afro-pop estiloaren berrirakurketa heldu baina txinpartaz betea egin du disko honetan: nortasunaren eta ezberdintasunaren aldarrikapen ederra. Ustekabean iritsitako diskoa eta erabakia dira; 2019an egingo duen bira izango omen du azkena, baina ikusi beharko.

INAXIO ESNAOLA ARANZADI Musika kritikaria

EUSKAL HERRIKOAK

Aleak zenbatzen hasita beldurtuko litzateke bat baino gehiago. Asko dira Euskal Herrian urte bakarrean ateratzen diren lanak. Iraupen labur eta luzekoak dira; bakoitzak ezartzen du neurri egokia. Talde beterano eta hasiberrien arteko oreka berdinduz doa pixkanaka. Azaleratzen eta nabarmentzen ari dira.

2zio. Hemen eta orain (Egilea editore)

Lehengusuek hitz eta doinu berriak konpartitu dituzte. Odei Barrosok eta Gorka Rodriguezek bigarren diskoa findu dute, eta fin plazaratu. Bizipenak euskaraz eta raparen bidez kontatzeko modu propioa dute. Iluntasunetik, erraietatik. Errimaren atzetik belarria zorroztea merezi duten kantuak bildu dituzte bigarren diskoan. Milesker bizitza lehenik azpimarratzen dute, Irakaspenak bukaerarako utzita.

Auritz. Laino eder hori (Maldito Records)

Mikel Bizar bizkaitarrak literatura eta musika uztartu ditu bere ibilbideko ekarpen interesgarriena osatzeko. 200 orrialdeko kontakizuna eta hamalau abestiko soinu banda. Maren amaren eta Auritz semearen istorioa kontatzen du Laino eder hori lan mardulak. Gaitz berezia du semeak, eta fikziotik errealitatera doan abentura da. Musikalki, berriz, mugarri bat da euskarazko heavy metalean.

Nerabe. Toki-On (Egilea editore)

Freskagarria da estreinakoa. Donostiako boskoteak indie pop-rock irisgarri, dantzagarri eta atsegina jaso du bederatzi abestitan. Formula errepikatu gabe, bi hizkuntza ahoskera goxoarekin tartekatu dituzte. Entsegu lokalean egindako lana aurkezteko aukera hainbat izan dituzte. Energia bera transmititu dute agertokitik, goxotasuna elektriko bihurtzeraino. Urte berria indartsu datorrela iragarri dute.

NAZIOARTEKOAK

Musikaren unibertso zabalean dauden doinu guztiek merezi dute arreta. Metalari begira bizi direnei kostako zaie azken urteko disko esanguratsuenak aukeratzea. Batez ere, asko direlako argitaratu direnak.

Striker. Play to Win (Auto-ekoizpena)

Jokatu eta irabazi. Horixe egin du Kanadako Striker taldeak bere seigarren diskoarekin. Heavy zein hard rock klasikoa gaurkotu, eta soinu modernoarekin plazaratu dute. Hain zuzen, klasikoaren eta modernoaren arteko jolasak biziberritu du beraien proposamena. Azken laneko kantu guztiak dira erakargarriak, eta hori lortzea ez da batere erraza. On the Run abestia burutik kendu ezinda egotea ez da normala.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna