Guztiak daude prest

Realak bana berdindu du Levanteren zelaian, ordezko askoz osatutako hamaikako batekin. Taldea sasoi betean iritsiko da Kopako finalerdira
Nerea Eizagirre baloiarekin, iragan igandeko partidan. Atzo berak sartu zuen Realaren gola.
Nerea Eizagirre baloiarekin, iragan igandeko partidan. Atzo berak sartu zuen Realaren gola. JON URBE / FOKU

Imanol Magro Eizmendi -

2019ko otsailak 14
Reala bolada gozoan da, eta konfiantzaz gainezka iritsiko da igandean Sevillaren aurka jokatuko duen Espainiako Kopako finalerdira. Levante hirugarren sailkatuaren zelaian jokatu zuen atzo, eta bana berdindu zuen, partida ona jokatuta. Gonzalo Arconadak, igandekoa buruan, gutxiago jokatzen duten jokalariekin osatu zuen hasierako hamaikakoa, eta ordezkoek mezu zuzena bidali zioten teknikariari: «Gu ere prest gaude». Txandakatzeak ez ziren nabaritu, eta, lehen zatian pixka bat finago ibili izan balira, hiru puntuak lortuko zituzten. Dena den, bakarra ere ez da lorpen eskasa, eta, horri esker, txuri-urdinek seigarren postuari eutsi diote.

Realaren kontzentrazioa neurtzeko proba gogorra zen atzoko partida. Kopako finalera sartzeko aukerak Zubieta ingurua aztoratu du, baina jokalariek oinak lurrean dituztela dirudi. Realak ondo ekin zion partidari, eta, lehen zatian, aurkariak baino aukera gehiago izan zituen. Sartu, baina, bakarra sartu zuen. Nerea Eizagirre izan zen golegilea, lehen zatiko 42. minutuan.

Bigarren zatian, jokoa orekatu egin zen, eta Levantek arrisku handiagoa sortu zuen. Oihana Aldai atezainak sasoian aurrenekoz jokatu zuen, eta lan oso txukuna egin zuen atepean. Halere, ezin izan zuen eragotzi Levanteren gola, Charlynek sarturikoa 84. minutuan. Levanteko aurrelaria ligan gol gehien sartu duten jokalarien artean bigarrena da.

Gaur, Athletic-Betis

Athleticek, berriz, gaur jokatuko du, Lezaman, Betisen aurka (19:30). Talde zuri-gorriak kolpea jaso zuen derbian, 0-2 irabazten hasi eta bina berdindu baitzuen. Gaur min atsekabe hori goxatu nahi du Betis mendean hartuta. Garaipenak, gainera, saria izango du: sailkapenean postu bat gora egitea. Izan ere, Betis laugarren postuan da, 36 punturekin. Athletic, berriz, koska bat beherago dago, puntu bakar bat gutxiagorekin. Beraz, gaur irabaziz gero, berena lukete laugarren postua zuri-gorriek.

Hain zuzen, hori da Athleticek sasoia amaitu arte bere buruari ezarri dion helburua: «Gure xedea da ahal den goren egotea, eta etenaldira hirugarren izateko aukerarekin iristea [eten egingo dute liga otsailaren 24tik martxoaren 13ra]. Helduak izan behar dugu lehiatzeko, eta egiteko lehen partida da Betisen aurkakoa», esan zuen atzo Joseba Agirre Athleticeko entrenatzaileak.

Bi taldeek bitan jokatu dute sasoi honetan elkarren aurka. Lehen itzulian, hutsean bukatu zuten Sevillan (Espainia). Espainiako Kopako final-zortzirenetan, berriz, hiruna egin zuten Betisen zelaian —penaltietan nagusitu zen Athletic—. Priscillak hiru gol sartu zizkien zuri-gorriei, eta gaur ere hura izango da Betisen arriskurik handiena.

Jende dezente espero da gaur Lezaman. Klubak deialdia egin die zaleei, eta sarrera doakoa izango da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Imanol Magro Eizmendi

Informazio osagarria