Ehiztarien arteko lehia

Fleche Wallone klasikoa jokatuko da gaur. Murias estreinakoz ariko da lasterketan. Valverde, Alaphilippe eta Van der Breggen dira faborito

Julian Alaphilippe eta Alejandro Valverde, iaz, podiumean. JULIEN WARNAND / EFE.
ainara arratibel gascon
2019ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Ardeetako klasikoetan bigarrena jokatuko da gaur: Fleche Wallone. Gizonezkoen proban, Alejandro Valverderen (Movistar) eta Julian Alaphilippen (Quick Step) arte lehia espero da; emakumezkoetan, berriz, Anna van Der Breggen (Boels Dolmans) da faborito. Azken lau urteetan bera izan da garaile. Euskal txirrindularien parte hartzeari dagokionez, Euskadi Murias lehen aldiz ariko da proban. Ane Santesteban (WNT) eta Eider Merino (Movistar), halaber, irteera arrastoan izango dira.

Igandean, Mathieu van der Poelek irabazi zuen Amstel Gold Race klasikoa, erakustaldia emanda. Horrekin, bukatutzat eman zuen sasoia,ziklokrosean eta mendiko bizikletan aritu baita. Hala, gaur ezda lehiatuko. Horrenbestez, Valverderen eta Alaphilippen arteko buruz burukoa izango dela aurreikus daiteke. Valverde da lasterketa gehien irabazi duen txirrindularia —bost aldiz—, eta marka hori gorago ipini nahi du. Alaphilippek, berriz, iazko garaipena errepikatzea du xede. Michal Kwiatkowski (Sky), Dan Martin (UAE) eta Romain Bardet ere (Ag2r) etapa ehiztari gisa duten abilezia erakusten saiatuko dira.

Tropelean izango dira Euskadi Muriaseko txirrindulariak, eta Jon Odriozola zuzendaria pozik dago estreinakoz bertan parte hartzeko aukera izateagatik: «Guretzat ohorea da halako lasterketa batean parte hartzea. Aurrean egoten saiatuko gara, eta gure nortasuna erakusten». Oscar Rodriguez izango da taldeburua, eta alboan izango ditu, besteak beste, Ander Barrenetxea, Julen Irizar eta Sergio Rodriguez. Lehiatuko diren beste euskal txirrindulariak hauek dira:Movistarreko Imanol Erbiti eta Astanako Omar Fraile eta Gorka Izagirre.

Ibilbidea ohikoa izango da. Ans herritik abiatuko da, eta Huyko horman amaituko da (1, 3 kilometro eta 9%,6ko pendiza). Aurretik beste bi mendate igo beharko dituzte: Ereffe (2,1 kilometro eta %5eko pendiza) eta Cherave (1,3 kilometro, eta %8,1eko pendiza). Guztira 195 kilometro dira.

Emakumezkoen proba Huyn hasi eta bukatuko da, eta orotara 118, 5 kilometro egin beharko ditu tropelak. Horma ezaguna bi aldiz igo beharko dute azken 30 kilometroetan, eta hor erabakiko da garailea. Marian Vosen marka berdindu nahi du Van der Breggenek, bosgarren garaipena lortzeko. Hari itzala egin diezaioketen txirrindularien artean, Katarzyna Niewiadoma (Canyon) aipatu behar da. Poloniako txirrindulari gaztea konfiantzaz gainezka dago, igandean Amstel Gold Racen gailendu eta gero. Michelton Scotteko Annemiek Van Vleuten eta Amanda Sprat eta Trekeko Elisa Longo Borghini aurrean egoteko hautagai dira, halaber.

Eider Merinok eta Ane Santestebanek hilabete barru jokatuko den Emakumeen Biran dute denboraldiko lehia nagusienetakoa, eta horiprestatzeko azterketa ona izango da gaurkoa.

Sivakov nagusi Alpeetan

Profesionaletan lehen garaipena lortu zuen atzo Pavel Sivakovek (Sky), Alpeetako itzuliko bigarren etapan. Schenna herrian zegoen helmugara ihes eginda iritsi ziren zortzi txirrindularien artean bera izan zen bizkorrena.

Lau segundoren aldea atera zion atzo arteko liderrari, Ian Hirti (Astana), eta sailkapen orokorreko lehen postua kendu dio. Lehen euskal txirrindularia Peio Bilbao (Astana) izan zen. Bederatzigarren helmugaratu zen, garailearengandik 44 segundora, eta sailkapen nagusian ere bederatzaigarrena da, Sivakovengandik 53 segundora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.