Arrauna

Okerrak zuzenduz

Zarautzek seigarren bandera irabazi du KAE 1 ligan, Lekeition, eta aldeak handitu ditu. Bi ziaboga txar eman arren, azkarrena izan da

Zarauzko arraunlariak garaipena ospatzen, atzo, Aitzol Garro patroiak bandera astintzen duen bitartean. A. LOIOLA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Lekeitiokoa eremu ikusgarria da arraunaz gozatzeko, eta, sarritan,ezustez betea dago. Atzo, esate baterako. Itsasoa bare egongo omen zen, haizea ere loaldian, eta itsaslasterrak txikiak, ustez. Baga, biga eta higa, atera ziren traineruak lehiara, eta Lekeitio beti Lekeitio: itsaslasterren indarraldia ontziak eremutik kanpora bidaliz, istribor aldetik.

Arraunerako, bestela, garbi samarra zegoen, laugarren kaletik kanporanzko azken metroetan olatuxka eragozpen izan arren. Poparerako, egokia, batez ere lehen bi kaleak, olatuxka traineruari erraz itsasten baitzen. Ura behera emanda, eta kanpoko kaleetan itsaslasterren eragina handiagoa: alde joateko, kontra etortzeko. Laugarren kaletik joan zen Zarautz, geroko garailea eta KAE 1 ligako lider sendoa.

Horretara heldu baino lehen, ordea, gauza asko gertatu ziren azkeneko txandan. Zarauztarrek Donostiarra B zuten alboan,Deustu bigarren kalean, eta atzo estreinakoz ohorezko txandan zen Getaria, aurrenekoan. Txanpa bizia egin zuten lau taldeek ere, baina barruko bi kaleak onak ez kanporako, eta bai, aldiz, kanpoko biak. Lehen ziabogara heltzear zirela, Zarautzek hiru bat segundoko aldea zuen Donostiarra B-rekiko, eta bospasei segundora zetozen Getaria eta Deustu. Baina kanpoko ziaboga arriskutsu zegoen atzo, itsaslasterrek tira egiten zutelako, eta pasatu egin zen Zarautz. Ziabogatik donostiarren atzetik atera zen.

Bigarren luzean zeharo berdindu ziren gauzak, eta lau taldeak hiru segundoan sartu ziren. Barruko bi kaleak egokiak ziren etortzeko, eta Getariak eta Deustuk ondo baliatu zuten, Donostiarra B-ren atzetik buelta bigarren eta hirugarren egiteko. Zarautz zen azkena bigarren ziabogan.

Azken luzea, erabakigarria

Hirugarren luzean, berriz ere kanpoko kaleetakoak izan ziren nagusi: Zarautz eta Donostiarra B segundo batean ziabogan, Getaria seira, eta Deustu bederatzira. Baina zibogan, larri ibili zen berriz ere Zarautz, estuegi sartzeagatik. Baliza ere zuen jo Enbata traineruak muturrarekin. BeƱat Eizagirre aurrekalariari erori egin zitzaion arraun txikia, eta ezin lagundu ontzia zuzentzen. Berriz ere atzetik aurrera zarauztarrak, baina bai ondo moldatu ziren poparean. Baita Getaria ere, eta aurrena eta bigarren egin zuten, Donostiarra B eta Deusturen aurretik. Seigarren bandera du Zarautzek bederatzi jardunalditan, eta sendo dago lehen postuan. Beste txandetan, San Juan nagusitu zen bigarrengoan, eta Zumaia aurrenekoan, biak lehen kaletik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.