Lehen biktima, Alaves

Gasteizko taldeak 3-1 galdu du Jaenen, eta Kopatik kanpo geratu da. Eibar, Athletic eta Portugalete sailkatu dira bigarren kanporaketarako

Luis Rioja Alaveseko jokalaria, baloiari begira, atzo, Jaenen. JOSE MANUEL PEDROSA / EFE.
Julen Etxeberria.
2019ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Ezustekoak gertatzen diren lehiaketarik baldin badago, hori Espainiako Kopa da. Talde indartsuenek txandakatzeak egiten dituzte, eta horrek, eta talde apalagoenek ezustea emateko duten gogo biziak aurkarien arteko aldeak murrizten ditu. Eta are gehiago denboraldi honetan, zeinetan Espainiako Futbol Federazioak Koparen lehiaketa sistema aldatu du, eta finalerdiak iritsi arte kanporaketak partida bakarrera eta kontrario apalenaren zelaian jokatuko dira. Arriskuak gora egin du nabarmen, eta muturrekoak jasotzeko aukerak handitu.

Bada, Alavesek jaso du lehenbiziko muturrekoa. Gasteizko taldeak 3-1 galdu zuen atzo Jaenen (Espainia), eta Kopatik kanpo geratu zen. Ustekabeko handia da, Jaen Hirugarren Mailan ari baita, eta Asier Garitanok hamaikako lehiakorra zelairatu baitzuen. Baina alferrik. Oso partida eskasa jokatu zuen, eta merezita galdu.

Hasi eta gutxira maldan gora jarri zitzaion lehia, etxekoek gola sartu baitzuten, Ocañak, hamalaugarren minutuan. Premiak behartuta, Alavesek gora egin zuen, eta kontrola hartu, baina erasoan apenas sortzen zuen arriskurik. Neurketa nahiko maldan gora ez bazuen, are eta pikoago jarri zitzaion bigarren zatia hasi eta gutxira, epaileak txartel gorria atera baitzion Laguardiari, erdiko atzelariak sarrera gogor bat egin ondoren. Nola edo hala eutsi zioten gasteiztarrek, baina 84. minutuan, Miguel Martinek bigarren gola sartu zuen. Bi minutura Pere Ponsek 2-1ekoa lortu zuen, eta bisitariei esperantza itzuli. Baina 90. minutuan, Franek errematea eman zien, hirugarren gola sartuta.

Ez zuten huts egin atzo aritu ziren Lehen Mailako beste bi euskal taldeek, Eibarrek eta Athleticek. Eibartarrek oso erraz irabazi zioten Logroñesi: 0-5. De Blasisek hiru gol sartu zituen, eta Charlesek beste biak. Guztiak bigarren zatian sartu zituzten. Talde zuri-gorria, berriz, 0-3 nagusitu zitzaion Intercityri, Elxen (Herrialde Katalanak). Ibai Gomezek lehen minutuan sartu zuen gola, Beñatek 53. minutuan bigarrena, eta Kodrok 87. minutuan hirugarrena.

Portugaleteren balentria

Eibarrekin eta Athleticekin batera, Portugaletek ere egin zuen aurrera. Hirugarren Mailako taldeak balentria egin zuen, Bigarren Mailako Extremadura kanporatu baitzuen: 1-0. Adrian Guemesek sartu zuen neurketako gol bakarra, 68. minutuan. Peña Sport eta Leioa, ordea, kalean geratu ziren: nafarrek oso estu hartu zuten Bigarren Mailako Fuenlabrada, baina luzapena amaitzear zela jaso zuten gola: 0-1; bizkaitarrek, aldiz, astindua jaso zuten maila bereko Cartagenaren zelaian: 4-1.

Gaur, Kopako beste lau kanporaketa jokatuko dituzte euskal taldeek. Etxean ariko dira laurak. Tolosak du lanik zailena, Valladolid hartuko baitu. Baina ezustea eman nahi du. Betekada izango da Berazubin. Tudelanok, berriz, Albacete jasoko du, Sestaok Lugo, eta Barakaldok Villarubia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.