Bada non aukeratu

Euskal musikaren panoraman berezia eta bakana den proposamen bat nabarmendu dute BERRIAko kritikariek 2019ak eman duen uztan: IbonRGren 'Hil zara' lan bikoitza. Beste hamaika proiektu ere azpimarratu dituzte

Willis Drummond hirukoteak Zugzwang diskoa eman zuen iaz. GORKA RUBIO / FOKU.
mikel lizarralde
2020ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Ez da urteko diskorik onenen edo azpimarragarrienen zerrenda bat. Lagin bat, besterik ez. Julen Azpitarte, Inaxio Esnaola Aranzadi, Ihintza Orbegozo eta Andoni Tolosa BERRIAko kritikariek 2019an argitaratutako ehunka lanen artean eginiko hautaketa bat. Eta izen bat nabarmentzen da, haietako bik sartu baitute euren hiru lan gogokoenen artean: IbonRGren Hil zara.

JULEN AZPITARTE Musika kritikaria

EUSKAL HERRIKOAK

Serpiente. Krisanteilu (Humo Internacional)
Ana Arsuaga (ahotsa eta teklatua), Beatriz Perales (baxua) eta Elena Nuñez (bateria) musikari bilbotarren proposamenak estreinako EPtik harrapatu ninduen, gehienbat etiketak gainditzeko erakutsi duten gaitasunagatik. Ahalmena ez ezik, nortasuna ere behar da estiloen sokak hausteko, eta hirukoteak labanak oso zorrotz dituela agertu du bere kantuen bidez. Abestiok post-punk edo dark-wave kutsukoak izan arren, batzuetan pop joera islatzen dute, baina esperimentazioaren putzuan ere egoki moldatzen dira. Minimalismotik tiraka, disko berezia josi dute, eta, proposamen interesgarri horretan, Ana Arsuagaren ahotsa eta teklatua nabarmentzen dira; halere, hiru musikarien presentziak bermatzen du soinu jarioaren magia.

IbonRG.Hil zara (Repetidor)
Twitterren norbaitek bota du 2019ko disko onena dela. Niri, ostera, oso zaila egiten zait horrelako esaldi bat botatzea. Baina Ibon Rodriguez Garcia musikari aparta eta zorrotza dela aintzat hartuta, ez du inoiz proposamen merke eta ahulik argitaratuko, eta hau akaso orain arte atera duen lanik biribilena da. Ahotsean, pianoan eta naturan oinarritutako ahots safari bat da Sestaokoarena. Haren hitzetan: «Grabazio prozesuan gertatutako ezbehar eta inperfekzioak ere antzeman daitezke: hegazkin bat pasatzen da, katagorri bat agertu zen, bai eta mendizaleren bat ere, ur tantak ere entzuten dira...». Soinu abentura bat da, eta formatu fisikoan entzutea merezi duena. Zuzenean ere ikusi beharrekoa.

Jupiter Jon eta Amaren Alabak.Coupages#3 (Bidehuts)
Uztarketa bitxia da hirugarren Coupages honek dakarrena: Zuberoako kantu tradizioa jorratzen duten kantariak eta Bidehuts plataformako post-punk laukotea. EPak hiru gutizia jasotzen ditu. XVIII. mendeko Beñat Mardo koplagile barkoxtarraren Barkoxeko gatü jaleen kantorea, katu-jaleen inguruko bertsoen moldaketa, iaz entzun dudan euskarazko kantu onenetarikoa da: ekialdeko giroetan loratzen da, baina garapenean Amaren Alaben ahotsak gailentzen dira, kantuari sekulako itxiera emateko, a capella. Gainerako bi kantuetan fusioa ez da horrenbeste koipeztatu, batez ere Plañu niz bihotzetik doinuan. Halere, bi taldeek erakutsitako balentria saritzekoa da. Coupages honen jarraipena nahiko nuke lehenbailehen.

NAZIOARTEKOAK

Helado Negro.This Is How You Smile (Rvng Intl)
Iaz gehien entzun dudan diskoen artean dago Brooklynen, New Yorken, finkatutako eta jatorriz ekuadortarra den Roberto Carlos Lange musikariaren lana. Jazz, funk, soul, folk eta elektronikaz osatutako mirakulua da diskoa. Sotila, iradokitzailea eta sailkaezina. Hauxe idatzi nuen orriotara ekarritako iruzkinean: «Soul kutsuko ahots ahul bezain epelak zuzendutako kantuak biltzen ditu grabazioak, atmosferikoak eta minimalak, oinarri elektroniko sotilekin eta, besteak beste, piano eta gitarra akustikoekin jantziak. Gaztelaniaz abesten duenean, gainera, doinuek bestelako kutsu latino eta popzalea erakusten dute». Disko onenen hamaika zerrendatan sartu dute, eta ez da harritzekoa, lan honetan maila aparta erakutsi baitu Izozki Beltzak.

The Stroppies.Whoosh (Tough Love Records)
Melbourne hiriko Boomgates, Twerps eta Possible Humans bandetako kideek abiatutako egitasmo berriak Australiako eta Zeelanda Berriko pop tradizioa eta AEBetako indie-poparen ezaugarriak biltzen ditu lan bikain honetan. Kantuak askotarikoak dira; beraz, diskoa gozatzeko modukoa da, hasieratik amaieraraino. Sorpresa ugari gordetzen ditu, eta lehenengo abestitik harrapatzen du entzulea. Horren erakusle da diskoa zabaltzen duen eta txalo artetik hasten den Nothing at all, zeinak Boomgates bandaren usaina haizatzen duen: emakumezko ahotsekin jantzitako pop kantu kiriotsua da. Iaz entzun dudan pop disko gustukoena dut, Jeanines taldearen estreinako grabazio homonimoarekin batera.

INAXIO ESNAOLA ARANZADI Musika kritikaria

EUSKAL HERRIKOAK

Numen.Iluntasuna besarkatu nuen betiko (Les Acteurs de l'Ombre Productions)
Arrasateko taldearen itzulerak agerian utzi du muturreko metalaren lurraldea ere badela gurea. Hamabi urte luzeren ondoren, estudioko laugarren diskoa argitaratu dute. Euskarazko black metalaren erreferenteak dira, eta lan berriak harrera ona izan du han eta hemen. Lautada izoztuetan abesti makurra da urteko altxor iluna. Era berean, euren ibilbideko lehen bideokliperako hautatu dute. Metal doinuei dagokienez, Eibarko Mise en Abyme hiruko instrumentalaren estreinako diskoa ere nabarmentzekoa da.

Pelax. A-B-D-E (Balio Dute)
Musikari baten etengabeko lanketaren emaitza dira Pelax pertsona eta banda. Urrun geratu da The Hostile talde hura, eta gertu sentitzen da Unai Pelayo donostiarraren sormena. Sustraidun rocka, esperimentala eta mugarik gabekoa. Bi disko bina hizkitan banatu arren, laurak zaku berean sartzeak laguntzen du obra osoaz gozatzen. Irrati formulak nahiago du artifiziala, dantzagarria eta mozkorgarria den euskal musika. Laudorioak eta ikusgarritasuna beste batzuek merezi dituzte. Pelax, zuk bai, balio duzu.

Willis Drummond.Zugzwang (Tabula Rasa)
Hiruko gisa argitaratu duten estudioko lehen diskoarekin berreskuratu dute esentzia. Zulora jauzi egiteak balio izan die lapurtarrei behar zuten freskotasuna topatzeko. Aurreko lanean topa zitezkeen inertziekin hautsi dute, eta ez diote sobera erreparatu izan behar dutenari. Nahi dutena egin dute, eta une batzuetan hasierako rock sugar hori azaleratu da abestietan. Dena dela, sinpletasun konplexuan topatu dute aurrera egiteko giltza. Jurgi Ekizaren bakarkako bideak jantzi du Xan Bidegain eta Felix Buff kideen konpromisoa. Gora sari soziala!

NAZIOARTEKOAK

Evergrey.The Atlantic (AFM Records)
Urte hasieran argitaratzen diren diskoak erraz ahazten dira. Ez da horrelakorik gertatuko suediarrekin. Tom Englund abeslari bikainak gidatzen duen taldearen azken lana zoragarria da. Metal progresiboa jorratzeko itsas bidaia propioa antolatu zuten, eta 90eko hamarkada erditik gaur egun arte denborale guztiak gainditu dituzte. Progresiboaren berezko aberastasunari ukitu berezia eman izan diote beti, groove pasarte eta atmosfera adierazgarriekin.

Voyager.Colours in the Sun (Season of Mist)
Duela bi urte gertatu bezala, berriz ere Australiako banda azpimarratu behar da. Aurreko diskoa mugarri gisa hartu bazen, estudioko zazpigarrena koloretsuena da. Musika estilo guztien unibertsoari urteko pieza onenetakoa eskaini diote: Brightstar. Diskoetxe berriari esker, gehiago munduratzea lortu dute, eta, gainera, marketina era zelebrean landu dute. Jorratzen duten musika horrela sailkatu dute: epic electro progressive power pop metal. Boskotearen proposamena ezagutzen hasteko unea izan daiteke.

IHINTZA ORBEGOZO Musika kritikaria

EUSKAL HERRIKOAK

Orbel. Hegan (Usopop / Dingleberry Records / Urgence Disk)
Disko iluna eta gordina, intentsitate aldaketak gailentzen direna da hau, baina era berean intimoa, eta ahotsak gozatzen duena. Pisu handiko doinu motelak dira nagusi, hitz gordinak eta distortsio luzeak bortitzak gertatzerainokoak dira, baina aipatu intentsitate eta ahots samurrek arindu eta goxatzen gaituzte. Baionako laukoteak bete-betean asmatu du bortitzaren eta goxoaren arteko oreka lortzen, eta maisuki lortu du musikaren bidez nahi izan duena transmititzen.

Olor.Zerua urez (Egilea editore)
Zuzenean ikusteko proiektua zela guztiz barneratuta nuela entzun nuen lehen aldiz diskoa, eta hasieratik bereganatu ninduen. Igual izango da gu ere bagarelako muturrekoak, eta badugulakoBadok-eko elkarrizketan aipatzen duen ezin kabitua leku ugaritan. Baina, batez ere, barneko anabasa guztia atera eta bere horretan agertzen duelako, elektronika oinarri hartuta, zarata beti presente izanez, hainbatekin esperimentatuz: industriala, punka, melodia eta synth-popa. Batzuei irenstea kostako zaie, baina, behin irentsita, egunero jan nahi den horietakoa.

Physis Versus Nomos. Arraro nioenean (Kortxoenea / Balio Dute)
Goxotasunetik du ugari Beñat Antxustegik taldekideekin sortu duen azken lanak. Ahots eta gitarra biluziaz folk doinuak barreneraino eramateko ahalmena izateaz gain, kideen laguntzari esker, beste abesti batzuk are borobilagoak izatea lortzen du. Samurtasunez beteriko atmosfera batean murgilduko gaituen lan berezi bezain bikaina, gustu paregabez sortu eta ekoitzia, zaleon gpzagarri.

NAZIOARTEKOAK

Brittany Howard. Jamie (ATO).
Alabama Shakesen itzalean dela argitaratu du bere lehen bakarkako lana Brittany Howard abeslariak, eta zer egingo zuen adi-adi zeuden guztiak aho-zabalik uztea lortu du. Bere ahots izugarriaren presentziak protagonismo handia badu ere, melodia bikainek lagundu dute lan osoan. Soul eta rock doinuak, baina aurretik egindakoak baino tonu dezente ilunagoan ekarri ditu oraingoan, sentimenduz beterik, bere-bereak izanik lehen akordetik azkenekora.

Michael Kiwanuka. Kiwanuka (Interscope)
Ohitura handia daukagu musikari batek lan berria argitaratzean aurrekoekin alderatzeko, eta horregatik, agian, bada jendea disko hau hain ona ez dela dioena. Baina, konparazioak alde batera utzita, oso lan ederra dela ezin ukatu. Abesti guztien artean koherentzia mantenduz, hasieratik bukaerara entzuteko moduko disko osoa lortu du, eta soul, folk eta indie musikaz zaleak hunkitzerainoko kantuak egin ditu, ohikoa duen malenkonia kutsu hori alde batera utzi gabe.

ANDONI TOLOSA Musika kritikaria

EUSKAL HERRIKOAK

IbonRG. Hil zara (Repetidor)
Badira itzala uzten duten diskoak, eta zaila da itzal horren eragina kaleratutako urte, aro, sasoian bertan ongi antzematea. Horixe izan zen binilo bikoitz honen lehenengo entzunaldiak utzitako sentsazioa. Uste hori indartuz joan zen entzunaldiek aurrera egin ahala. Alde batetik, herri musikaren eta esperimentazioaren arteko dialektika berritzen duelako, halako indar eta argitasunez, ekarpen mamitsua eginez. Ez dira kantu tradizionalen bertsio berritzaileak, molde tradizionalean emandako kantu berritzaileak baizik; hor bada joera aldaketa garrantzitsua. Bestetik, hori guztia kontuan hartuta, ez da disko kriptiko, itxi, intelektual, abstraktua gertatzen. Eta hori ez da batere erraza izaten esperimentazioaz ari bagara. Hasieratik amaierara gustura entzuten den kantu bilduma da, buruan melodia batzuk iltzatuta utziko dizkizuna, eta modu bikainean biribildua.

Unama. Iduzki Xuria (Usopop)
Ustez erabat beste muturrean kokatu beharrekoa dirudien arren, Unamaren diskoak badu, aurrekoak bezala, kantuekiko arreta ez galtzeko xalotasun inbidiagarria. Distrakzio hutsalik gabeko folk disko bat da, hasiera-hasieratik mamia agerian uzten duena, disko argi eta diafanoa, kasik gardena, eta hori oso estimatzekoa da itxurakeriaz betetako garai hauetan. Ahots-lana bikaina da, eta moldaketa instrumentalek, berriz, ez dute sekula oztopatzen kantuen garapena. Eta originaltasunaren bandera astindu nahi baduzu, zer originalagoa 2019an hain folk disko garbia egitea baino.

Larra Bideak. Larra Bideak (Egilea editore)
Iñaki Larraiozen lehenengo disko luzeak baditu erakargarri egiten duten hainbat ezaugarri. Lehenengoa: konplexurik eza. Folk, pop, country, blues... Azken urteetan hainbat diskotan topatu ditugun eraginak dira; hala eta guztiz ere, Larraiozek ederki biltzen ditu bere mundu pertsonalera, eta nortasun handiko kantu-sorta egiten. Ez dira molde beraren errepikapen hutsa. Bigarrena; irudiz betetako kantuak dira, eta alde horretatik badu poetika berezi bat lan honek, entzulea konbentzitzeko moduko intimismoa. Azkena; orokorrean diskoari darion geldotasuna, hitza erabiltzea zilegi bada, bakea.

NAZIOARTEKOAK

Leyla McCalla. Capitalist Blues (Jazz Village)
New Orleanskoaren hirugarren bakarkako diskoak ez die hainbeste begiratzen musikariaren haitiar erroei; musikalki arreta gehiago jartzen du bestelako eraginetan: cajun, jazz, brass band, blues, folk... Denak sumatuko dituzu disko bikain honetan.

Bassekou Kouyate & Ngoni Ba. Miri (Outhere Records)
Disko bikaina egin du berriro ere maliarrak; bosgarrena du eta dagoeneko erreferentzia bilakatu da Maliko musikari eta musikak ez ezik, Afrikako musika berezkoenak ere maite dituztenentzat. Ngonia, kora, perkusioak, baxua eta ahots ederrak... Nahiko osagarri musika ernagarriz betetako disko bat egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.