Eskura daukate

Gernika Eurokopako final-hamaseirenetarako sailka daiteke gaur, Tsmoki Minsk kanporatuta. Joanekotik bost punturen aldea du

Gernikako jokalariak, elkarri animoak ematen. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Lointek Gernika Bizkaiak beste mugarri bat ezarri nahi du gaur klubaren historian,Tsmoki Minsk kanporatu eta Eurokopako final-hamaseirenetarako sailkatuta (Maloste, 20:00, ETB4). Aurreko sasoian eskura izan zuen aukera hori, baina Galatasarayk iratzarri zuen ametsetik talde bizkaitarra. Malosten lortutako hamabost punturen aldea ez zen nahikoa izan, eta txapelketan jarraitzeko abagunea galdu zuen Turkian. Oraingo honetan ez du huts egin nahi, eta hurrengo geltokia Hungaria izatea du erronka. Hango ligan jokatzen duen Szeksard izango baitu aurkari, kanporaketa gaindituz gero.

Joaneko partidan bost punturen aldea lortu zuen Mario Lopezen taldeak. 52-57 irabazi zuen Minsken. Hasieratik aurretik joan zen zen, baina Gernikak ez zuen asmatu partida hausten. Estu joan zen neurketa, eta azken minutuetan egindako lan onari esker lortu zuen gailentzea

Entrenatzaileak argi utzi du ez diotela erreparatu nahi bost punturen alde horri. «Ezin dugu horretan pentsatu. Joaneko partida amaitu ostean esan nuen bezala, bi saskiratze eskasen aldea da. Beraz, irabaztera aterako gara, Minsken egin genuen bezala. Amaiera gerturatu ahala, emaitza estua bada, hasiko gara kalkuluak egiten».

Taldea «gogoz eta ilusioz» ikusten du. «Jakitun gaude zer garrantzi duen partida honek klubarentzat, eta hori motibazio eta pizgarri bat da guretzat. Jokalariak irrikaz daude jokatzen hasteko». Barbara Roundtree da gaurko partida jokatu ezingo duen jokalari bakarra. Eurokopan, AEBetako jokalarietako bat kanpoan utzi behar izaten du Lopezek, eta, lehen partidan bezala, Roundtree laga du kanpoan.

Aurkaria ere aztertu du teknikariak. «Haien defentsako lana nabarmenduko nuke batez ere. Erasotik defentsarako joan-etorriak oso bizkor egiten dituzte, eta zaila da ezustean harrapatzea. Ia partida osoan, gainera, zonakako defentsa egiten dute. Horrek zaildu egiten du aurkariaren erasoko jokoa. Pazientzia eta patxada izan behar ditugu haien defentsa bakoitza behar bezala irakurtzeko, eta batez ere kanpoko jaurtiketetan asmatzeko». Bielorrusiako taldea, gainera, emaitza bolada onean da. Liga eta Eurokopa artean jokatutako azken hamar partidetatik bakarra galdu du; Gernikaren aurka jokatutakoa, hain zuzen.

Tsmokiren «talde lana» goraipatudu. «Ez dauka erabakigarria den jokalaririk edo buruz buruko jokaldietan nabarmentzen denik. Multzoan dago haren indarra». Dena den, Lenka Bartakova joko antolatzailea gertutik zaindu beharko dutela onartu du: «Oso abila da partiden erritmoa ezartzen, eta ezin diogu utzi. Haiei mantso jokatzea gustatzen zaie, eta eraso luzeak egitea. Gu, berriz, hobeto moldatzen gara bizi jokatuz».

Horrekin batera, bisitarien barruko jokoa geldiarazi beharko dute, uztaipean egin baitzieten batez ere min bielorrusiarrek lehen lehian. Oderah Chidom eta Viktoryia Hasper piboten artean 26 puntu sartu zituzten: Tsmokik sartutakoen erdiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.