Marea laranja berpiztea amets

Euskaltel-Euskadi taldea birsortu dute telekomunikazio enpresak eta txirrindularitza fundazioak

Jesus Ezkurdia, Mikel Landa, Xabier Iturbe eta Jose Miguel Garcia, atzo, Bilboko Melia hotelean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
mikel rodriguez
Bilbo
2020ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Duela egun batzuk argitaratu zuten Ingalaterrako prentsan Italiako Mapei etxea txirrindularitza talde bat babesten hasi dela herrialde horretan. 1993 eta 2002 artean tropel profesionaleko talde onenetako baten babesle izan zen, eta zale anitzek aro baten sinboloetako baten gisa oroitzen dute: klasiko handietako espezialista onenak, Abraham Olano munduko txapeldun, Tony Romingerren itzuli handietako garaipenak... Dena den, 23 urtez azpiko talde bat da Mapeik laguntzen duena, eta, 1990eko hamarkadako logotipo berbera berriz ere maillotetan agertu bada ere, etxeak baztertu egin du txirrindularitza profesionalera itzultzea. Hortaz, bitxikeria gisa hartu dute zaleek. Egun gutxiren buruan, berriz, Mapeiren garaiko bertze etxe batek jakinarazi du babesle gisa itzuliko dela, baina ez da bitxikeria soila izanen: Euskaltel-Euskadi taldea birsortu egin da, eta marea laranja berpizteko helburua du.

Herenegun iragarri zuen Euskadi Fundazioak «zerbait garrantzitsua» jakinaraziko zuela atzo. Bilboko Melia hotelean antolatu zuen agerraldi bat, eta Euskaltel enpresako arduradunak agertu ziren harat. Berria jakina zen ordurako: taldea desagertu eta zazpi urtera, telefono konpainia berriz ere Euskadi Fundazioaren babesle nagusia bihurtuko da. Jesus Ezkurdia fundazioko komunikazio arduradunak jakinarazi zuen kontratuak lau urterako iraupena izanen duela —2023ko abenduaren 31ra arte—, eta taldeak Euskaltel-Euskadi izena berreskuratuko duela. Maillot berriak etxean estreinatuko dituzte, Euskal Herriko Itzulian —heldu den apirilaren 6an hasiko da, Eibarren (Gipuzkoa)—.

Mikel Landa Euskadi Fundazioko presidenteak —eta Bahrain-McLaren taldeko txirrindulari ere badenak— 2017ko irailean hartu zuen elkartearen ardura nagusia. «Guztiok une batez begiak ixten baditugu, eta Euskadi Fundazioaren gure unerik gogokoenak oroitzen baditugu, ziur Euskalteli eta kolore laranjari lotuta daudela», adierazi zuen atzoko aurkezpenean.

2001 eta 2013 artean, Frantziako Tourrean laranja kolore horrek Pirinioak hartu zituen, milaka euskal zalek errepide bazterretan txirrindulariak animatzeko janzten zituzten Euskaltel-Euskadiren kamisetek sortzen zuten marearen bidez. «Proiektu hau berpiztu genuenean, ilusio horrekin berriz ere laranja kolorea hartu genuen, eta, hiru urte geroago, amets bat eta itxaropen bat zirena betetzen ari gara», kontatu zuen Landak.

World Tourra eta Vuelta

Urte horien artean, Euskaltel-Euskadi tropel profesionalaren gorengo mailan lehiatu zen, lasterketarik onenetan. Landak uste du «oso zaila» izanen dela berriz ere World Tourrera itzultzea. «Txirrindularitza gero eta nazioartekoagoa da, eta oso potentzia indartsuak daude. Duela hiru urte, hau [Euskadi Fundazioa] ia desagertuta zegoen, eta World Tourra oso urruti gelditzen da».

Dena den, baztertuta ez dagoena da aurtengo Espainiako Vueltan korritu ahal izatea. Antolakuntzak bi gonbidapen ditu zehazteko, eta ProTeam mailako hiru taldek dute horiek irabazteko lehia: Burgos-BHk, Caja Ruralek eta Euskaltel-Euskadik. Talde laranjak egin duen denboraldi hasiera ona ikusita, Landa itxaropentsu dago. «Euskaltelen itzulera, mediatikoki eta sozialki mugituko duenarengatik, beste motibo bat da gonbida gaitzaten».

Xabier Iturbe Euskaltel enpresako presidenteak, berriz, aurkezpenean erran zuen Euskadi Fundazioarekin egin duten akordioa «konfiantzan» oinarritzen dela, «inongo baldintzarik gabe». «Uste dugu orain [fundazioa] berpizte une batean dagoela, bertze helburu batzuk lor ditzakeela, eta Euskaltelen ekarpena funtsezkoa izan daitekeela». Iturberen iritziz, «marea laranja berriro sortuko da».

Itzulera, «egunen batean»

Euskadi Fundazioak 1994an sortu zuen talde profesionala, eta, 1998an, Euskaltel babesle bihurtu zen, 2013ra arte. Hura galduta, fundazioak harrobiko lanari eutsi zion, anitzez maila apalagoetan. 2015ean, aparteko bertze proiektu bat sortu zen, Euskadi-Murias, baina iaz desagertu egin zen, aurtengo babesle bat aurkitu ez zuelako. Horkoak ziren sei txirrindulari daude orain Euskadi Fundazioan. 2013an desagertu zen Euskaltel-Euskadi hartatik, berriz, zortzi euskal txirrindularik jarraitzen dute profesionaletan. Horietako bat, Gari Bravo, fundaziora itzuli da aurten. Landak, oraingoz, ez du maillot laranja berriz jantziko: «Talde hau amets bat da; ea hazten jarrai dezakeen, eta, agian, hemen egon naitekeen egunen batean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.