Polonian emakumeen greba orokorrera deitu dute gaurko

Auzitegi Konstituzionalak onartutako legezko abortuaren murrizketa salatzea da asmoa

Poloniako legezko abortuaren murrizketaren aurkako protestak, herenegun. MACIEJ KULCZYNSKI / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Polonian harrabotsa sortu zuen pasa den ostegunean Auzitegi Konstituzionalak emandako epaiak: legez kanpokotzat jo zituen malformazioren bat duten umekien abortuak, eta, beraz, soilik hiru kasutara mugatu zuen legezko abortua: haurdunaldia bortxaketa baten edo intzestuaren ondorio denean, edo amarentzat osasun arrisku larria dakarrenean. Haserrea eragin zuen erabakiak, eta, ordutik, milaka herritar atera dira egunero protesta egitera. Mobilizazioei beste bultzada bat emateko asmoz, emakumeen greba orokorra deitu dute gaurko.

«Ez gara lanera joango, ezta eskola eta unibertsitateetara ere. Ez ditugu enpresak irekiko. Polonia hau eten egin behar dugu denbora batez, eta beste bat egin», adierazi zuen Marta Lempart ekintzaileak. Gaineratu zuen kontua ez dela abortuaz bakarrik, «askatasunaz baizik». Emakumeen aurkako erabaki onartezina dela salatu dute.

2016an ere deitu zuten abortuaren auziari lotutako greba feminista, eta 200.000 lagun inguruk bete zituzten karrikak. Orduan, Jaroslaw Kaczynski lehen ministro zenaren asmoen aurka batu ziren: hark abortua debekatzea zuen helburu.

Varsoviak abortuari buruzko Europako legedi murriztaileenetako bat du.

Egunotan ehunka herritar atera dira auzitegiaren epaiaren kontra protesta egitera, bai hiriburuan, baita gainerako hainbat herrietan ere. Bideak blokeatu eta mezu irmoak zabaldu dituzte, pankarta eta oihu bidez: emakumeen infernua edota hau gerra da, kasurako.

Poliziak manifestarien aurka jo du, horiek sakabanatzeko, eta atxilotuak ere izan dira. Varsoviako elkarretaratze puntuen artean daude gortearen egoitza eta Jaroslaw Kaczynski lehen ministrordearen etxe inguruak. Hark bideratu zuen, hain justu, errekurtsoa.

Erabaki murriztailea

Epaiarekin, PiS Legea eta Justizia alderdi kontserbadoreko diputatu talde batek aurkeztu zuen kereilari erantzun dio auzitegiak. Alderdi horrek gidatzen du agintean den koalizio gobernua, eta, hain justu, PiSek izendatu zuen Auzitegi Konstituzionaleko presidentea, Julia Przylebska, Europako Batasunak kritikatu duen erreforma judizial baten ondotik. Poloniari isuna jartzeko prozesua abian du Bruselak, justiziaren independentzia higatu duela iritzita.

Errekurtsoa aurkeztu zutenen aburuz, umekiaren malformazioa dela-eta abortatzea giza duintasuna errespetatzen ez duen eugenesia mota bat da, eta, beraz, ezin zuen izan lekurik konstituzioan. Hori babestu du, hain zuzen, auzitegiak.

Epaiak emakumeen aurkako ondorio agerikoak ditu: Osasun Ministerioaren arabera, 2019an herrialde osoan apenas 1.110 abortu legal baino ez zituzten egin —38 milioi pertsona inguru bizi dira— eta horietatik % 97 umekiaren malformazioaren ondoriozkoak izan ziren. Praktikan, beraz, azken lege horrek abortua ia guztiz debekatzea dakar.

Emakumeen aldeko elkarteek diotenez, orotara, urtean Poloniako 80.000 eta 120.000 emakume inguruk abortatzen dute, beste bide batzuk erabilita edota atzerrian gauzatuta.

Protestak hasi zirenetik lehen agerraldia egin zuen atzo Mateusz Morawiecki lehen ministroak, eta barealdirako deia egin zuen. «Espazio publikoan gertatzen ari dena onartezina da: eraso ekintzak, bandalismoa, elizen aurkako erasoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.