Pizgarri izan dakioke

Bilbo Basketek Pinacar Karsiyakaren aurka irabazi behar du gaur, Txapeldunen Ligan jarraitzeko. Rousselle kapitaina baikor dago

Jonathan Rousselle Bilbo Basketeko kapitaina, baloiarekin, sasoi honetako partida batean. BILBO BASKET.
Mikel O. Iribar.
2021eko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Esnatu beharrean da Bilbo Basket. «Esnatzea bakarrik ez zaigu falta; norabidea zuzendu eta partidak irabazi beharrean ere bagaude». Zintzoki mintzatu da Jonathan Rousselle (Seclin, Frantzia, 1990) taldeko kapitaina. Bi erronka handi ditu talde bizkaitarrak; bata, ACB ligan, sailkapeneko zulotik irtetea; eta bigarrena, Txapeldunen Ligako hurrengo faserako sailkatzea. Bada, gaur jokatuko du Europan jarraitzeko partida erabakigarria, Pinacar Karsiyakaren aurka, Turkian (18:30, ETB4).

Joan den larunbatean LiganZaragozaren aurka jipoia hartu eta gero, Roussellek ez du ezkutatu taldean «etsipena» dela nagusi, eta, kapitainaren talaiatik, autokritika ere egin du: «Konfiantzaz ez gaude gure onenean, ezta joko dinamikan ere». Halere, saskibaloiaren alde onari so egin dio: «Kirol honetan, lipar batean beltzetik zurira pasatu zaitezke». Trantsizio hori gauzatzeko, ez dago sekreturik: «Lanean serio jardun behar dugu, eta geure buruarengan gehiago sinetsi, gure DNA baita». Hain zuzen, gaurko Txapeldunen Ligako partidan irabazteak «balio bikoitza» izango luke, jokalari frantziarraren arabera: «Hurrengo kanporaketarako sailkatzea lortzeaz gain, animoz pizgarri izan dakiguke ligarako».

Lorpen hori erdiesteko, ordea, Pinacar Karsiyakari gutxienez hamar punturen aldeaz irabazi beharko dio. Taldea emaitza iraultzeko gai ikusten du Roussellek. «Intentsitate handiz eta gure artean askeago jokatu behar dugu. Lehiatzeko prest gaude, eta amaiera arte borrokatuko gara». Ausardiaz baina begirunez mintzo da talde turkiarraz: «Gu ohituta ez gauden joko estiloa lantzen dute, eta bizpahiru jokalari giltzarriak dituzte». Batez ere, Raymar Morgan hegal pibotean jarri du arreta. «Jokalari oso arriskutsua da; hari gauzak zail eta deseroso jartzen saiatuko gara».

Europako txapelketatik at geratzea «kolpe handia» izango litzatekeela nabarmendu du Bilbo Basketeko kapitainak. «Txapeldunen Ligan jokatzea iragan denboraldian eginiko lanaren saria izan da, eta pena emango liguke Europan ez segitzeak. Baina Bilbo Basketen errealitatea bestelakoa da: ACB liga da gure lehentasun nagusia».

Bilbo Basketek hemendik sasoia amaitu arte jokatuko dituen neurketek «berebiziko garrantzia» izango dute, frantziarraren arabera. «Ez daukagu denbora galtzeko. Talde moduan guztiok batera, nola edo hala, garaipenak lortu behar ditugu». Kapitaina den aldetik ere badu zer egin Roussellek. «Jokalari guztiekin hitz egin, eta motibatu egin behar ditut. Eredugarria izan nahi dut kantxan eta kantxatik kanpo».

Baskoniak asko du jokoan

Euroligako 22. jardunaldiko partida jokatuko du Asvel Villeurbanneren kantxan, gaur, Baskoniak (20:45, DZAN). Arabarrek azken hiru lehiak galdu dituzte, eta, horregatik, bolada txarra amaitu eta onbidera itzuli nahi du lehenbailehen, lehen zortzi postuetatik gehiago ez aldentzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.