Hiru baino gehiago balio du

Realak Bartzelona hartuko du, Europarako lehia betean. Irabaziz gero, bi puntura kokatuko da

Ousmane Dembele Bartzelonakoa baloiarekin, Robin Le Normand Realekoa atzean utzi nahian. GORKA RUBIO / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Emozioa ala arrazoia, nahia ala errealitatea. Zer hautatu, horrek indartuko ditu sasoi amaieraren jirako gogoetak. Sei partidaren faltan, Realak eskura du Txapeldunen Ligarako sailkatzeko aukera. Egiari zor, lantegi zaila du, asmo hori dutenen artean hura baitago okerren kokatua. Ordea, matematikak kontrakorik frogatu arte badu horretarako modurik.

Zer esanik ez gaur Bartzelonari irabazten badio. Etxean ariko da, Anoetan (21:30, Movistar La Liga), eta hiru puntu baino gehiago egongo dira jokoan. Realak jauzi hirukoitza egingo du irabaziz gero: bigarren sailkatua menderatuta, harengandik bi puntura kokatuko da; Txapeldunen Ligako lehia betean sartuko da, eta Betis gaindituko du sailkapenean, Europa liga bermatzeko urratsa eginez.

Horixe litzateke gaualdi perfektuaren laburpena. Imanol Alguacil entrenatzaileak, halere, puntuak soilik ditu gogoan: «Bartzelona aurkari zuzena baldin bada, bihar [gaur] haien kontra jokatuko dugulako da hori. Horri bakarrik erreparatzen diot. Astez aste aritzeak ekarri gaitu honaino, eta ez dut ezer aldatuko; esan nuen dena azken jardunaldian erabakiko dela, eta ikusiko dugu orduan zer dugun jokoan».

Txuri-urdinen prestatzailea zuhur mintzatu zen, eta garrantzia kendu zion Bartzelonak azken bi partidak galdu izanari: «Uste dut bigarren itzulian puntu gehien bildu duen taldea dela. Lau gol sartu zizkien Osasunari, Atletico Madrili, Athletici, Valentziari eta Real Madrili. Hori ez da garai txarrean egotea».

Taldea moldatu beharra

Realak hutsune nabarmen bat izango du partidarako: David Silvarena. Erdilariari bi partidako zigorra ezarri diote, joan zen ostiralean txartel gorria atera baitzioten. Dena den, Imanolek adierazi zuen jokalari batzuk zein beste batzuk aritu «taldea lehiakor» ari dela: «Hori da garrantzitsuena». Deialdiari dagokionez, Joseba Zaldua zerrendara itzuli da, eta Gaizka Aiesa atezaina ere hautatutakoen artean dago.

Okerrik ezean, Alex Remirok zainduko du txuri-urdinen atea. Cascantekoari (Nafarroa) hemezortzi gol besterik ez diote sartu ligan. Remiro bermea da, eta hori baliatu nahi du Imanolek Bartzelonari irabazteko. Teknikari denetik, ez du halakorik lortu: «Ez zait axola orain ere galtzea, baldin eta sasoi amaieran Europarako sailkatzen bagara», esan zuen prestatzaileak. Hain justu, hiru puntuak lortzeak erraztuko du hori.

REALA-BARTZELONA
Reala.Remiro; Zaldua, Zubeldia, Le Normand, Rico; Zubimendi, Merino, Rafinha; Januzaj, Sorloth eta Isak.
Bartzelona. Ter Stegen; Alves, Araujo, Pique, Jordi Alba;Busquets, F. de Jong, Gavi; Dembele, Ferran etaAubameyang.
Epailea. Del Cerro Grande.
Lekua. Anoeta.
Ordua. 21:30 (La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.