Grebarik luzeena Latinoamerikan

Duela hogei urte pilotalekuko langileak zirenetako batzuek greban jarraitzen dute. Abokatuek diote eraikinaren jabea eta beste agintari batzuk zuzenbide estatua bortxatzen ari direla, eta langile ohiekin duten zorra kitatu arte legez kanpokoa dela pilotalekua irekitzea.
Emilio Rincon Fronton Mexicoko grebalaria, pilotalekuaren sarreraren ondoan.
Emilio Rincon Fronton Mexicoko grebalaria, pilotalekuaren sarreraren ondoan. IGOR SUSAETA

I. Susaeta -

2017ko martxoak 7
Fronton Mexicoko langileek urtebete zeramaten soldata kobratu gabe, eta Miguel del Rio pilotalekuko enpresariak ez zien haien eskakizunei kasurik egiten —Cancungo (Mexiko) kartzela batean dago preso orain, iruzurragatik—. Beharginek, hortaz, greba egitea erabaki zuten azkenean. 1996ko urriaren 2a zen. Ia 21 urte geroago, grebak indarrean dirau, eta inoiz Latinoamerikan egin den legezko eta onartutako luzeena da. 79 langilek ekin zioten grebari duela bi hamarkada, iaz bostek baino ez zioten eusten, eta 55 dira orain. Grebalari horiek 400 milioi peso eskatzen dituzte kalte-ordainetan (18 milioi euro pasa), kaltetutakoen artean banatzeko. «Kopurua negozia daiteke», dio Manuel Sanciprian grebalarien abokatuetako batek. Haren esanetan, langile ohiekin zorra kitatu eta greba amaitzen ez den bitartean, legez kanpokoa da pilotalekua berriro irekitzea. «Funtzionario asko daude interesatuta, ordea... Beraz, haien arteko elkar hartze gaizto baten bidez, bada, orduan bai, orduan ireki dezakete».

Grebalari nabarmenena, hogei urteotan eutsi dioten bostetako bat, Emilio Rincon da (Alvaro Obregon, Mexiko, 1952). Pilotalekuko segurtasun arloko langilea zen lehen, eta lantokia itxi zutenetik, berriz, franelero-a, kaleko autoak aparkatzen eta zaintzen dituena, alegia. 05:30ean iristen da pilotalekuaren ondoko kale batera, eta han aritzen da, lanean, 19:30ak arte. Egunero. Familiaren babesa du. «Emazteak eta hiru seme-alabek beti animatu izan naute. Harrotasun kontua da, finean. Ordaindu beharra daukate». Grebaren aurpegi agerikoena denez, ez daki nork, ez ditu identifikatu, baina pertsona batzuek aurpegira barre egin izan diote, eta baita mehatxatu ere.

Orduko langileek 1996an bertan jarri zuten salaketa, eta Mexikoko Kontziliazio eta Arbitratze Batzorde Federalak (JFCA) 1997ko irailean onartu zuen. «CTM [Mexikoko Langileen Konfederazioa] sindikatuak ez gintuen babestu, eta gero, 2002an, CROC [Laborari eta Langileen Konfederazio Iraultzailea] sindikatukoek gonbidatu gintuzten. Hasieran adeitsu jokatu zuten, baina gero...», azaldu du Rinconek. Hautsi zituzten harremanak haiekin ere. JFCAk adierazi zien grebalariei ezin zutela grebarekin jarraitu sindikatu batera afiliatuta egon gabe, eta FSTMra afiliatu ziren (Mexikoko Langileen Sindikatuen Federazioa). Iaz, urtarrilean hartu zuten auziaren ardura Sanciprianek eta beste bost abokatuk. Eta, Sancriprianen iritziz, hogei urtean beste sindikatuek egin ez zutena egin dute haiek batean: «Instrukzioa itxi da. Baditugu frogak, arrazoibideak, eta JFCAren azken erabakiaren zain gaude». Hiruzpalau hilabete barru jakingo dute laudo-ak arrazoia eman dien ala ez.

Azken hilabeteotan beste 50 pertsona batu zaizkie urteetan grebari eutsi dioten bostei. Tartean daude duela hogei urteko hamabost pilotari, eta baita grebalari izandakoen alargunak eta seme-alabak ere, esaterako. Rinconek eta beste lau grebalariek bakoitzari bost milioi peso (225.000 bat euro) ordaintzeko eskatzen zuten duela gutxi arte. Oraingo eskaera ondokoa da: 18 milioi euro 55en artean banatzeko.

Antonio Cosio Ariñok, pilotalekuaren jabeak —Cruz Azul taldearen estadioaren eta Mexiko Hiriko Monumental zezen plazaren jabea ere bada, adibidez— adierazi zien grebalariei, duela urtebete baino gutxiago, bakoitzak eskatzen zituen bost milioi pesoak ordainduta zeudela, CROC sindikatukoei eman ziela dirua, jotzeko haiengana. «CROCekoek esan ziguten haiek ezer ez zekitela», argitu du Rinconek. Isaias Gonzalez Cuevas PRI alderdiko senataria da CROCeko burua. «Bai Cosio Ariñok eta baita CROCekoek ere diote zorra kitatuta dagoela, baina ez dago hori egiaztatzen duen dokumenturik. JFCAk dio, bere aldetik, grebak indarrean dirauela», zehaztu du Sanciprian abokatuak.

«Gobernu egituren» kontra

Justizian sinesten duela dio abokatuak, baina badaki «gobernu azpiegitura» guztiaren kontra borrokatzen ari direla. «Interes asko daude tartean...». Eta tartean daudenak dira Mexiko Hiriko Gobernua; Cuauhtemoc delegazioa, greba bat indarrean dagoela jakin arren obretarako baimena emateagatik; JFCA, CROC... «Enrique Peña Nieto Mexikoko presidenteari ere idatzi genion...».

Sanciprianentzat «etsigarria» da gertatzen ari dena. «Batez ere, espedientean ez dagoelako jabeari arrazoia ematen dion dokumenturik. Halere, bueltaka gabiltza oraindik ere». JFCAren laudo-a langileen aldekoa ez baldin bada, Mexikoko Auzitegi Gorenera eramango dute auzia: «Eta, bestela, Nazio Batuen Erakundearen Lanaren Nazioarteko Erakundera joko dugu. Beharrezkoa dena egingo dugu, interes batzuen arabera ari baitira bortxatzen zuzenbide estatua».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna